Nafarroako euskaldunen sarea zabala dela adierazteko eta Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzeko xedez jarri zuen martxan iragan azaroan IKAk Milaka argi Nafarroan kanpaina. Honela hitz egin du Sagrario Aleman IKAko zuzendariak: “Egia bada Nafarroako udalerri guztiak piztea ez dugula erdietsi, ehundik gora dira argitu ditugun udalerriak”. Beraz, alde horretatik pozik agertu da.
IKAko kideak kezkatuta daude Nafarroaren euskalduntasuna ukatzeko egin diren ahaleginak direla eta. Alemanen irudiko, egoera horretan zerikusi zuzena du 1986. urteko Euskararen Legeak. Beste behin, lege horrek euskararen normalizazioa oztopatzen duela salatu du.
Bigarren helburuari dagokionez, alegia, IKAren euskaltegiak diruz laguntzea, pozik agertu da Aleman. Denera, 25.000 euro inguru bildu dituzte Barañaingo Sahats, Iruñeko Arturo Campion eta Atarrabiako IKA euskaltegiak laguntzeko. Dena den, Alemanek argi utzi du euskaltegiko kideen helburua euskara ikasi nahi duenari horretarako aukera ematea dela, eta eskolak egun osoz eta doan eskaintzea. Hala ere, jomuga hori erdiesteko asko dute egiteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, krisia “aitzakiatzat” jarrita, “nabarmen” murriztu duelako herri ekimeneko euskaltegietara bideratzen duen diru laguntza.