Aste honetan Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatuko da Nafarroako Parlamentuan. Gobernuaren murrizketa politikek nafar jendartean eragindako ezinegona haraino ailegatu da. Herritarrok, aukera dugun eremu guztietan eragiteko beharra daukagu, eta, beraz, baita Legebiltzarrean ere. Hala ere, ezin geldituko gara, bada, goiti begira, ia han zer gertatuko esperoan, konponbidea hantxe balego bezala. Hemen, behean, karrikan eta jendartean, etxeko lanak egin beharko ditugu.
Bihar Euskal Herriko Herri Kooperatibaren lehendabiziko batzarra eginen da, Atarrabiako gaztetxean. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan etxeko lanak egiten aritu da kooperatiba hau sortu duen talde-eragilea. Ekinbidearen printzipioekin bat egiten duen edozeinentzat irekia da, eta haren ibilbidea bera ere han parte hartzen dutenek zehaztuko dute. Abiapuntu gisa, honako hau eskaintzen du: batetik, giza-komunitate gisa, haren oinarrizko beharrak kooperatibaren sarean ase ahal izatea; eta bertzetik, autokudeaketan, elkartasunean, demokrazia zuzenean (batzarra) eta ezarriak diren eginbideekiko desobedientzian oinarritutako ekonomia-harremanak garatu ahal izatea. Bai, bai, posiblea da, merkatu globalizatuaren eta Estatu-administrazioaren logikatik atera eta bertzelako ekonomia-harremanak eratzea, hain zuzen ere, egiaz herritarron beharrei erantzuteko gai izanen den sistema bat antolatuz.
Horretarako, Herri Kooperatibaren epe motzerako helburuak izanen dira tokian tokiko ekoizpen, zerbitzu eta ekinbideak sustatu eta bultzatzeko aukera ematea, oinarrizko beharrei erantzuteko autoenplegu proiektuak garatzeko plataforma izatea, elkarren arteko trukerako euroa ez diren moduak baliatzea, eta zailtasunik handienak dituztenei ekonomiarako irtenbidea eskaintzea.
Ez da hutsetik abiatzen, erran bezala, aitzinetik badago lan bat eginda, eta kooperatibaren sortze-ibilbidea baino lehen, Auzolan ekinbidearen barruan garatutako egitasmoa da.
Egoera ezin hobea da halako ekinbide bat abiatzeko, hain justu, jendartearen ezinegona areagotzen ari den honetan, herritarron beharrak asetzea geroz eta zailagoa den honetan, Barcina eta konpainiaren politika itogarrien ondorioz.
Bizi garen garaia eta Herri-kooperatibaren sorrera lotzean, historian hain urruna ez dugun gertaera bat datorkigu gogora: 1950eko hamarkadaren amaieran sortutako euskal kooperatiba-mugimendua, jendartearen eraldaketa helburu zuena, hainbat lorpen egin zituena, baina osoki garatu ez zena (irakur honako liburu hau:La otra experiencia, (Beste esperientzia) Julia Itoizek 2005ean argitaratua. Honako hau bigarren aukera bat ote? Gure esku dago!