EZKUTUAN EGONDAKOA AZALERATUTA

Joan den martxoaren 23an hasi ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak Urbasako leize bat industen, Nafarroako Fusilatuen Elkarteak eskatuta. Hasieran, hiru pertsonaren gorpuzkien bila hasi ziren lanean, baina, denera, hamar lagunen hilotzak topatu dituzte. 1936ko gerran erail zituzten denak. Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, hiru eta lau hilabete artean beharko dituzte hamar lagunen hilotzak identifikatzeko.