‘Mamoneoa’

Pentsatzen egon naiz, eta bilatzen, ea gaztelaniazko mamoneo hitzaren baliokideren bat aurkitzen ote nuen euskaraz. Eta, aizue, gauza handirik ez. Ez, bederen, nik adierazi nahi dudana adierazteko: bi pertsona edo gehiagoren artean eraikitzen den jukutria, aski ongi lotua, bertzeei eragiteko aukera gutxi uzten diena. “Jukutria” hitz hori bera aproposa izan daitekeela onartuagatik ere, utziko didazue oraingo honetan mamoneo gaztelaniazko horri -a artikulua eransten, eta horren hiru adibide ematen:

1. mamoneoa. Iragan astean Rubalcaba etorri zitzaigun, jada ezagutzen genituenak kontatzera. Bada, baten bat asaldatu da Rubalcabaren ekitaldiaren babesleetako bat Mediterranea de Catering enpresa delako. Enpresa horrek ematen du orain Nafarroako ospitaleetako janari zerbitzua; izugarri gaizki eman ere. Bada, PSN-Mediterranea lotura egin dute batzuek eta martxoaren 19an elkarretaratzea antolatu dute sozialisten egoitzaren aitzinean.

Baina mamoneoa zabalagoa da. Ekitaldi hura Mediterraneak babestu zuen, baina Nafarroan entzule gehien omen dituen irratiak antolatu, erregionalistek eta sozialistek Nafarroan eraikia duten erregimenaren sostengu nagusietako batek. Eta duela bi aste irrati horrek erreportajea egin zuen ospitaleetako sukaldeei buruz, zerbitzua “bertatik bertara” ezagutzeko eta ezagutarazteko.

2. mamoneoa. 2010aren bukaeran, Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua onartu zuen Gobernuak, Nafarroaren erdialdean errauste planta bat eraikitzea aurreikusten zuena. Duela gutxi, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du plan hori, hainbat prozedura eta forma akatsengatik eta, errauste planta bat egitekotan, Gobernuak ongi zehaztu behar zuelako non eta nola eginen zuen eta ezin zuelako halako zerbait ekimen pribatuaren esku utzi. Hori irakurrita, uler dezakegu Olatzagutiko porlan lantegian hondakinak errausteko asmoak ez lukeela plan horretan babes legalik izanen.

Baina hemen dator mamoneoa: Gobernuak erran du planean ez dela Olatzagutiko Portland enpresaren asmoa agertzen [egia da] eta, gainera, Gobernuak berak uko egin ziola errauste planta bat eraikitzeari [egia da, 2012ko martxoan erran zuten hori]. Baina, era berean, egia da Portlandek aurrera segitzen duela hondakinak errausteko asmoekin, hau da, planak aurreikusitako erraustea egin eginen dela eta ekimen pribatuen esku utziko dela. FCC taldea da Portland Valderrivas enpresaren akziodun nagusia. Eta ezetz asmatu nork kudeatzen dituen Iruñerriko (eta bertze toki askotako) hondakinak? Bai, FCC-k. Mamoneo hori guztia salatzeko parada, bihar, Altsasuko manifestazioan.

3. mamoneoa. “Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala”, eta, era berean, nik ere nahi nuke Sanz, Barcina, Miranda eta Maiaren gisara ordu erdiko bileren truke milaka euro kobratzea. Baina ezin; legeak ez bainau behartzen halako eskandaluzko ordainak jasotzera. Horixe ba, mamoneoa.