Espainiako Gobernuak joan den udan onartutako Merkataritzaren Legea onartu du Nafarroako Parlamentuko Turismo Batzordeak, UPN, PP, eta PSNren aldeko botoen bitartez. Hala, Nafarroako merkatariek urtean hamar jaiegunetan ireki ahal izango dituzte beren negozioak. Hala ere, gehienez, hilean jaiegun batean soilik izango da irekitzeko aukera. Horrez gain, dendak gehienez hamabost orduz ireki ahalko dira; betiere, langileen oinarrizko eskubideak errespetatuta.
Madrilgo gobernuak abian jarritako legediak zalaparta handia piztu zuen joan den merkealdian. Izan ere, sektorea liberalizatzearekin batera, merkatari bakoitzari merkealdia nahi zuenean hasi eta amaitzeko eskubidea onartu zitzaion. Dena den, Nafarroako Gobernuak merkataritzaren sektorea erregulatzeko eskuduntza duenez, bi merkealdi egin izan dira orain arte, bata neguan eta bestea udan. Gainera, hasiera eta amaiera egunak zehaztuta zeuden.
Baina, urtarrilaren 8an hastekoa zen neguko merkealdian arazoak izan ziren. Izan ere, zenbait merkatarik garaia baino lehenago hasi zuten merkealdia. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak 34 dendari zigortzeko auzibidea jarri zuen abian. Nafarroako Merkataritza Lege berria martxan jartzen denean, enpresari bakoitzak zehaztu ahalko du noiz hasi eta noiz amaitu nahi dituen.
Aralar, Bildu, Geroa Bai eta Ezkerrak merkataritzaren sektorea liberalizatzearen aurka egin dute. Izan ere, haien iritziz,araudi berriak langileen lan baldintzak okertuko ditu. Hala, egutegi propioa eskatu dute.
Beraz, lege aldaketa Nafarroako Parlamentuan onartzen dutenean, merkealdien garaia zehazteko erabateko autonomia izango dute merkatariek. Dena den, litekeena da neguko merkealdia Eguberriak baino lehen martxan jartzea, hori baita salmenta kopuru gehien izaten den urteko saioa.