Azken asteetan 73 lurrikara izan dira Erreniega mendatearen inguruan. Otsailaren 14tik martxoaren 4ra arte zenbatu dituzte lur mugimenduak. Indar gutxikoak izan dira guztiak: handiena 2,1 gradukoa izan da. Zizur Zendeako herrietan nabaritu da gehienbat lurrikara saila. Eremuak hidrosismikotasun naturala du, eta azken hilabeteko euriteen eraginez lurrikarak gertatu direla azaldu du Antonio Aretxabalak, Nafarroako Unibertsitateko geologoak.
Lurrikara multzoa ez da inor ohartu gabe gertatu, eta Uterga, Biurrun, Beriain eta Adios herrietan nabaritu dute, besteak beste. Baina Zizurko Zendean, Utergan nabaritu dute gehien, hainbat lurrikaren epizentroa egon delako bertan. Lurrikarak “azalekoak eta kontzentratuak” izan direla jakinarazi du geologoak. Erreniega mendateko sismologia aztertu du, eta hidrosismikotasun naturala duela ondorioztatu du; hala ere, ez du hipotesi finkorik lurrikaren inguruan. Eremu horretan izan dira lehenago ere lurrikarak, eta, gainera, azken hilabeteko euriteek eragina izan dutela uste du Aretxabalak. “Metro koadroko 500 litro jaso dira hilabete batean, eta hori urtebeteko ohiko kantitatea da”, jakinarazi du. Lurrikarez gain, urak luiziak eta irristatzeak eragin ditu inguru horretan.
Eremu horretan izandako azken lurrikara multzoa 2007an izan zen. Bi hilabetean 60 lurrikara baino gehiago izan ziren. Lurrikararik handiena, hala ere, 1982. urtean izan zuten Zizurko Zendeako bizilagunek. 4,5 graduko lurrikara izan zen Erreniega inguruan. Aretxabalak ez du ziurtatu azken asteetan gertatutako lurrikara saila larriago baten aurrekoa izango denik. Dena den, “alarmismoa” baztertu du geologoak.
Erreniegan gertatutako lurrikarez gain, lurrikara gehiago izan dira Nafarroan azken astean. Igandean 1,8 graduko lurrikara bat izan zen Lizoainen (Erroibar), eta indar bereko beste bat Nazarren (Estellerria).