Burlatako lau gazte epaituko dituzte astelehenetik aurrera Auzitegi Nazionalean

Burlatako lau gazte epaituko dituzte otsailaren 18tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, joan den asteburuan, Burlatako herritarrek babesa eta elkartasuna adierazi zieten Eleak mugimenduak deituta egin zuten manifestazioan, eta, egunotan, ekitaldiak antolatu dituzte. Gaur goizeko hamarretan, herri kirolak izanen dituzte, eta, arratsaldeko ordu batean, auto karabana bat Burlatan.

Aitor Torrea, Iñaki Torrea, Iñigo Gulina, eta Dabid Urbina gazteak dira auzipetuak. Heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean epaituko dituzte, Madrilen. 2007ko azaroko polizia operazio batean atxilotu zituzten, eta bost eguneko inkomunikazio aldian torturatu egin zituztela salatu zuten. “Independentziaren alde antolatu eta borrokatzeagatik” atxilotu zituztela adierazi du Eleak mugimenduak.Urtebete baino gehiago kartzelan egon ondoren, bermepean libre atera ziren 2009an, eta bost horietatik lau epaituko dituzte datorren astean. Jose Javier Oses atxilotu zuen poliziak operazio horretan bertan, baina ez du orain epaiketarik izanen, Frantzian delako kartzelan, estraditatzeko zain. Lau auzipetuek 27 urte arteko kartzela zigor eskaerei egin beharko diete aurre, baita 50.000 euro baino gehiagoko kalte-ordain eskaerei ere.

Eleak mugimenduak salatu du torturapean eta inkomunikaturik egindako deklarazioak direla lau gazteen kontra Auzitegi Nazionalak epaiketa egiteko froga bakarra, eta “erabat politikoa” dela. “Gisa horretako epaiketak bertan behera uzteko exijitzen dugu; gatazka politiko eta salbuespen egoera hau luzatu baino ez du egiten”, esan dute Eleak mugimenduko kideek.

Mobilizazioak ez dira amaitu, eta asteburu honetan eta hurrengo astean, gazteei babesa eskaintzen jarraituko dute herritarrek. Heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean, elkarretaratzeak eginen dituzte Nafarroan, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren egoitzaren aurrean, egunero, 11:00etatik 15:00etara. Auzipetutako gazteei elkartasuna adieraztera animatu zituzten burlatar guztiak joan den larunbateko manifestazioan. Manifestazioaz gain, afaria eta kontzertuak izan zituzten Burlatan.

Bihar, manifestazioa

Horretaz gain, presoei elkartasuna adierazteko, manifestazioa eginen dute bihar, Iruñean. Herrira-k deituta, 197/2006 doktrinarengatik preso jarraitzen duten Iruñerriko lau preso askatzeko eskatuko dute. Arrotxapeko Herrira Bilguneko kide Ariane Etxeberriak hartu du hitza: “Kondena betea duten eta 197/2006 doktrinarengatik preso jarraitzen duten Iruñerriko lau presoak askatzeko eskatuko dugu”. 12:30ean abiatuko da martxa, Aita Barandiaran plazatik. Etxeberriaren arabera, 197/2006 epaia helburu politiko argi batekin eman zuten: euskal preso politikoak “makurrarazteko”. 2007tik, 79 pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, lan politikoa egiteagatik.