Oposizioak uste du nahitaez Eguesibarko alkateak dimisioa eman behar duela

UPNk Eguesibarko alkate Josetxo Andia eta Estefania Clavero zinegotzia kargua uztera behartu beharko lituzkeela iritzi dio Eguesibarko oposizioak. NaBai, Bildu, PSN, Ezkerra eta PPN alderdiek “herritarren borondatea” entzuteko eskatu diete UPNko kideei. Iaz, ikerketa batzorde batek zenbait irregulartasun atzeman zituen Eguesibarko Udalean, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu batzuengatik. Orain, Eguesko Andacelay enpresa publikoaren ordenagailuan “frogak” aurkitu dituzte.

Antza, Carolina Potau UPNko zinegotzi ohiak erabiltzen zuen Andacelayko ordenagailua. Oposizioak adierazi duenez, ordenagailuko dokumentuetan egiaztatzen da Potauk Laranzor enpresarekin zuen erlazioa. Enpresa horrek Eguesibarren etxeak eraiki ditu. “Potauk Andacelayko ordenagailutik Laranzor enpresako kontuak kudeatzen zituen”, esan dute oposizioko kideek. Izan ere, Potauk, Eguesibarko Udalean lan egiteaz gain, eraikuntza enpresa kudeatzen jarraitzen zuen, eta etxebizitzak eraikitzeko lehiaketak ematen zituen.

Hautsak harrotu ditu ordenagailuan aurkitutakoak, eta oposizioak ordenagailua Agoizko auzitegira eramateko eskatu du. Horretaz gain, Andia eta Claveroren dimisioa eskatu dute, beren ustez “konplize” gisa jokatu dutelako etxebizitzak eraikitzeko enpresak aukeratzeko orduan. Besteak beste, argazkiak aurkitu dituzte Andacelayko ordenagailuan. Bertan azaltzen dira Andia, Potau eta Clavero enpresariekin. NaBaik, Bilduk, PSNk, Ezkerrak eta PPNk gogor kritikatu dute UPNren jarrera: “Argazkietan ikusten dena lagun talde bat da, ez enpresa eta udalaren arteko harreman profesionala”. Eguesibarko Udalak osatutako ikerketa batzordeak “zalantzan” jarri ditu obrak.

Orain, Eguesibarko Udaleko oposizioa beldur da: Sarrigurengo gainontzeko eraikuntza egitasmoetan halako kasuen itzala egon daitekeen susmoa dute. “Argi ikusi dugu politikariek enpresariekin oso gertuko harreman dutela”. Oposizioko kideen arabera, enpresek UPNko alderdiaren baimenarekin hamaika eraikitze lan egin dituzte Eguesibarren: mugikortasun plana, Kirolaren Hiriko harmailak, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko hiru promozio, Sarrigurengo Kirolaren Hiria eta kiroldegi guztien kudeaketa. Oposiziak gertatukoaren berri emanen dio fiskaltzari, auzi honetan hartu behar diren neurriak har ditzan.

Ez dira oraingoak Eguesibarko irregulartasunak, Ignacio Galipienzo alkate zenean gertatutakoak dira. Zehazki, UPNren udal gobernuak babestutako hiru etxebizitza promozio eraikitzean aurkitu zituzten irregulartasunak. Antza, etxebizitzak eraikitzeko udalak ez zuen lehiaketarik egin Sarrigurenen egindako etxebizitzen lehenengo eta bigarren promozioan eta Erripagainan. “Sarrigurengo bigarren etxebizitza promozioan Potauk esku hartu zuen, eta horrela lortu zuen Laranzor enpresak obrak egitea”, azaldu dute oposizioko kideek.