Sanferminetako “jazarpenen” aurka herri dinamika berria aurkeztu dute

Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimendua aurkeztu dute, sanferminetako festetako “jazarpenen” kontra. “Eskubide urraketei” eta “murrizketei” aurre egiteko sortu da dinamika. Izan ere, azaldu dutenez, sanferminetako jazarpenen zerrenda luzea da, eta Iruñeko eragile askori eragiten die. Sortu berri den mugimenduak urraketa hauek guztiak salatzea eta gainditzea du helburu. Gainera, “jai giroko manifestazio koloretsua” iragarri dute, uztailaren 5erako.

Besteak beste, hauek dira salatu dituzten “eskubide urraketak”: peñei eta festa batzordeei egindako murrizketak, Riau-riauaren erabilera, txupinazoaren militarizazioa, tabernariei ezarritako araudiak, Gora Iruñea!-ri ezarritako debekuak, etorkinen aurkako jazarpena, eraso sexisten aurreko anbiguotasuna eta Villabesaren entzierroko errepresioa.

Sanferminetan urraketa hauek jasan dituztenek aurkeztu dute mugimendua. “Gu eskubide urraketak pairatu ditugun iruindarrak gara, kaltetuak izan diren lagunen lagin txiki bat besterik ez, eta eskubide urraketa hauekin amaitu nahi dugu, Iruñean askatasunez bizi nahi dugulako”, azaldu du Mikel Anza mugimenduko kideak. Datozen asteetan eragile sozial, kultural eta politiko desberdinekin bilduko dira, jardun errepresibo guztiekin bukatzeko asmoz.

Hiri “herrikoia, anitza eta alternatiboa” eraiki nahi dute, gizartea oinarri hartuta eta herritarren parte hartzearekin. “UPNren bidegabekeria gero eta ageriago dago, eta hiri eredu berria garatzeko proposamenak eta alternatibak mahai gainean jartzeko garai ezin hobean gaude”, azaldu du Anzak. Hartara, dinamikaren lehenengo pausoa uztailaren 5ean eginen da. Izan ere, egun horretarako manifestazioa antolatu dute. “Iruñea hiri bizia, anitza eta parte hartzailea da; azken urteetan, ordea, oztopoak besterik ez ditugu topatu, askatasun demokratikoaren urraketak gero eta ugariagoak baitira”.

Horretaz gain, Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimenduak atxikimenduak jaso nahi ditu eta blog bat —iruneaaskatasunez.wordpress.com— jarri du martxan. Ahalik eta atxikimendu gehien lortzea dute helburu eta manifestu bat plazaratu dute. Pertsona ororen askatasun demokratiko guztiak bermatuta izanen duen hiria nahi dute, baita sanferminetan ere.