Iruñeko sanferminetako museoa ezerezean gelditua dela eta UPNk lau milioi euro gastatu dituela salatu du Uxue Barkos Iruñeko Udaleko GeroaBaiko bozeramaileak. Joan den astean behin betiko proiektua baztertzea erabaki zuen gobernu batzordeak; izan ere, krisiak egitasmoa kolokan jarri du behin eta berriz, eta azkenean alde batera utzi dute Iruñeko jaien inguruko proiektua.
GeroaBaik sarri kritikatu ditu sanferminetako museoaren inguruko gorabeherak. “Oraindik ere inork ez du azalpenik eman gai honen inguruan, baina Iruñeko herritarroi lau milioi euro kostatu zaigu azkenean belardi bat izanen dena”, esan du Barkosek. Horregatik auditoria bat eskatu du, Iruñeko Udalak urte hauetan guztietan ordaindutakoaren berri izateko. Barkosek gogorarazi duenez, UPNren legegintzaldiaren “proiektu izarra” zen sanferminetako museoa, eta alderdi beraren kudeaketa txarrak hondoratu du proiektua. “Iruzur hutsa izan da guztia”.
Media Luna parkean 1.500 metro koadroko orube bat du udalak. Han egin nahi zuen museoa, baina orain beste proiektu batzuk aztertzen ari da bertan egiteko. Seguruenik txakurrentzako eremu bat izanen da. Txakur jabeentzako esparru ireki bat, animaliekin bertara joateko aukera izan dezaten.