Barraskiloa menuan. Aurrekoan, bertze espediente bat ireki zioten Mediterranea de Catering enpresari, Nafarroako Ospitale Gunean gaixo bati zerbitzaturiko zerba plater batean barraskilo bat agertu zelako. Zalaparta sortu zen, noski, barraskiloa menuaren parte ez omen zelako. Nolanahi ere, kasu honetan asaldura bidegabea dela uste dut, jaki ekologikoak jaten ditugunok aski ongi baitakigu gure janarian barraskiloak edo zomorroak agertzea seinale ona dela.
Iruñea ez da Mordor. Neuk ere egin izan dut barre —gogotik egin ere— Iruñea Mordor paraje fantastikoarekin erkatzen duten txisteen kontura. Baina, bat: nahikoa da, ez? Eta, bi: antzekotasunak nahiko zalantzazkoak dira; Mordor beti lainoturik dago, bai, baina ez du euririk egiten, idor-idorra da eta bero handia egiten du. Asmatu bertze zer edo zer, faborez.
Puñalek txupinazoa. Osasuna zalea nauzue; ez amorratua, baina bai zalea. Eta Patxi Puñal Uharteko ganibetaren gola gozatu nuen, gozatu nuenez; Euskalerria Irratiaren kontakizuna entzun zenutenok adituko zenituzten gure oihuak. Bai. Baina horraino. Osasunak ez gaitu krisitik atera. Osasunak ez ditu lanpostu gehiago sortu. Osasunak 30 milioi euro zor dizkigu oraindik. Osasunak ez du txupinazoa botatzea merezi.
Miseria banatzen. Gogoratuko duzue nola Txema Berro Osasunbideko langileari espedientea ireki zion Nafarroako Gobernuak hark ez zuelako onartu bere lanorduak emendatzea. Berro —eta ni— lana banatzearen aldekoa da, eta pentsatzen du —neuk ere bai— langileei lanordu gehiago jartzea bide horren kontrakoa dela. Orain, ematen du Barcina Deshazkundearen aldeko mugimendukoa egin zaigula, baina ez despistatu: haien artean sosak banatu eta gero, orain miseria gure artean banatu nahi dute.
Kaskorik gabeko kaskoak. Askok jakinen duzuenez, Espainiako Gobernua zirkulazio araudi berria prestatzen ari da. Bertako arau asko hagitz polemikoak izaten ahal ziren, baina ika-mika kuota handiena erdietsi duena ziklisten kaskoarena da. Badakizue, Gobernuak nahi du ziklistek hiri barnean kaskoa kaskoan jantzita ibiltzea, horrek ziklisten heriotzak gutxituko dituelakoan. Harrigarriki, bizikletaren aldeko elkarte guzti-guztiak arau horren kontra azaldu dira. Eta, harrigarriki, bizikleta hiriko ibilgailu bezala erabiltzen ez dutenek bizikletazaleak tontoak garela pentsatu dute.
Herriak du pizza. Niri ez zidaten papererako edukiontziaz galdetu, ezta beirarako edukiontziaz, ezta plastiko eta metalerako edukiontziaz, ezta organiko eta gainerakorako edukiontziaz ere. Eta ez didate borzgarren edukiontziaz galdetuko. Ezta Iruñeko entzierroez ere. Egiaren errateko, niri ez didate sekula galdetu gure eguneroko bizimoduaren hobekuntzarako ezein gai zehatzez. Egin beharko luketela uste dut. Hala ere, aizue, zein zaila jartzen diguten herri kontsulten aldekoei zenbait herri kontsultaren emaitzek, dedio!