Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetako ordainketa modu berria adostu nahi du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeekin elkarlana bultzatu nahi du, Gipuzkoan ezarri nahi dituen bidesarien inguruan. Hori dela eta, Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte uztailaren 1ean bilduko da Luis Zarraluki Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariarekin.

Gipuzkoako aldundiak adierazi duenez, bidesariekin urtean 38 milioi euro jasotzea espero da, besteak beste, Bidegiren zorrari “arnasa” emateko. Horretarako, hesirik gabeko hamalau arku ezarri nahi dituzte hurrengo urtean: zazpi N-1ean, hiruna A-15ean eta GI-632an eta bakarra N-121ean.

Hala ere, ibilgailu arinak dituzten Gipuzkoako herritarrei ez kobratzeko asmoa adierazi du aldundiak. Ugartek dioenez, inguruko herrialdeetako biztanleei ere ordainketa errazteko asmoa dute. Beraz, Hego Euskal Herria bere osotasunean hartu nahi du aintzat. Izan ere, arku sistema gainontzeko herrialdeekin nola uztartuko den aztertzea da asmoa. Arrazoi horren harira, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu nahi du. Ipar Euskal Herriari dagokionez, hango agintariekin ere biltzeko nahia adierazi du Ugartek, negoziazioak “zailagoak” izango diren arren.

Uztailaren 1ean egingo dute bilera Ugartek eta Nafarroako Gobernuko Luis Zarralukik. Bizkaiko eta Arabako ordezkariekin, berriz, uztailaren 7a baino lehen biltzeko asmoa erakutsi du.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek esan du “kezkaturik” dagoela. “Gerta daiteke ibilgailu batzuk, bereziki kamioiak, Gipuzkoatik joan beharrean Belatetik joatea, eta errepide hori gehiegi kargatzea”.