Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zein obsesio-grina-gogo-sentimendumultzo elkartzen diren bat-batean, martxoan eta apirilean. Baina bi hilabeteok badute agenda guztiak betetzeko bokazioa; badute zerbait, udaberriaren hasiera izanen delako agian, edo negu luzearen ondoren berriz ernatzen ari garela ematen duelako. Ez dakit zer den, baina zerbait gertatzen zaigu. Eta hala ditugu topaguneak, mobilizazioak, bazkariak, afariak eta festak. Eta gutxi balira, besteren bat ere azken momentuan asmatu egiten dugu, badaezpada, besterik ez bagenu bezala. Eztanda txiki bat da. Eztanda txiki batzuk, errenkadan eta nahiko modu desordenatuan.
Baina asteburuotan hitzordu bereziak oso berezi dira. Mundu bat beste batzuekin elkartuko ditugu gaur. Mundu batzuk elkartuko gara, bat eginen dugu euskara kalera eramateko. Errepidera, asfaltora, eremu mistotik gero eta txikiagoa den eremu ez-euskaldunera. Garesen, Larragan, Carcarreko Euskal Herriko gazte kilometroan, Lodosan, gero. Ez dakit zer daukan Korrikak, baina udaberria bezain eztanda handia iruditzen zait, iraungitze datarik ez duena. Noizbait helburua(k) bete eta euskaltegiek desagertze-bidea hartuko balute (oso hipotetikoki), Korrikak aurrera jarraitu beharko luke, zalantzarik gabe. Eskerrik asko hau guztia posible egiten duzuenei.
Bide bat itxi eta beste bat irekitzera goaz bihar. Batzuetan gogoratzen naiz lehenengo aldiz gaztetxera sartu nintzenekoaz, lehenengo bilerara. Kasik nahi gabe, proposamen inozo baten bidez, ez dakit oso ongi nola. Baina bat-batean hor nengoen, eztabaidatzen, ikasten, proposamenei baietz esaten (ezetz esaten oraindik ez baitugu ikasi), mozkortzen, haserretzen, barrez, okerrak eginez. Asko ikasten eta ezagutzen ez nituen munduak elkarrekin deskubritzen. Geure buruak deseraiki eta eraikitzen.
Bihar beste zerbait hasiko da. Lau urteko ibilbidearen ondoren (eta zenbat gauza gertatu diren!), iritsi da garaia beste pauso batzuk emateko. Hilabete luzeak izan dira, lan handia eskatu digutenak, astunak batzuetan, eztabaidarako tarteak zabaldu dizkigutenak. Bidea dugu aurretik. Borroka eta lana eskatuko digun bidea. Akatsetatik ikasi, eta aurrera jarraitzekoa. Baimenik eskatu gabe. Barkamenik eskatu gabe. Urteotan askotan erori gara; modu desberdinetan altxatzen ikasi dugu. Duela urte batzuk galdetu izan balidate zer espero nuen urte hauetatik, ez nukeen imajinatu ere eginen bizi izan ditu(gu)(da)n guztiak biziko (ge)nituenik. Ederra (izan) da nire aletxoa proiektu, komunitate, iparrorratz baten baitan ematea. Ez dut zalantzarik datozen urteek ere mereziko dutela. Bidean topatu ditudanei, etorriko direnei, oraindik ezagutu ez ditudanei, plazera da zuengandik egunero ikastea; elkar ezagutu dugu, ez da gutxi. Beste lau urtez ere, ernai gaude eta ernai gara.