Santamariak 6.500 euro gastatu ditu eguzkitako betaurrekoetan

Espainiako Udaltzainen Sindikatuaren Nafarroako ordezkaritzak Iruñeko udaltzainentzat erositako eguzkitako betaurrekoetan eginiko gehiegizko gastua salatu du. Izan ere, Simon Santamaria Iruñeko udaltzainen nagusiak 6.500 euro gastatu ditu “beharrezkoa ez zen” gastu batean.

Iazko sanferminetan udaltzainak eguzkitako betaurreko zuriak erabiltzen hasi ziren, Udaltzaingoko buruzagitza politikaren aurkako protesta gisa. Hori zela eta, Santamariak idatzizko agindu batean debekatu egin zuen betaurreko horiek erabiltzea. Beltzak jaztera behartzeko, 6.500 euro gastatu ditu betaurrekoetan.Gainera haren aburuz, “erloju, betaurreko, eskumuturreko, belarritako eta abarrek Iruñeko udaltzainen irudia desitxuratzen dute”.

Debeku horren aurka, bost udaltzainek jaramonik ez egitea erabaki zuten, eta Santamariak espedientea ireki zien. Hala ere, auzitegiek bertan behera utzi zituzten espedienteak, aurkeztutako arrazoiek pisu ez zutelako.

Udaltzainen sindikatuaren iritziz, Santamariari ez zaio gustatzen poliziek desadostasuna jendaurrean erakustea. Baina are larriagotzat jo dute 6.500 euro betaurreko ilunetan gastatzea.

Polizia agenteek, Udaltzaingoaren kudeaketa eskasa salatzeko, aurtengo sanferminetan erloju zuriak erabiliko dituzte.