Naiara Elola
Aspalditik behar zuen bultzada eman nahi dio Nafarroako Gobernuak antzerkiari. Sarritan esaten da antzerkiarena krisi iraunkorra dela; baina azken urteetako gobernuen “ahanzturaren” eta sortzaile, aktore eta zuzendariek izan duten “babes faltaren” eraginez krisi hori areagotu egin dela salatu dute sektoreko zenbait profesionalek. Egoera horretaz jabetuta, Nafarroan Antzerkia Sustatzeko Plana jarri du abian Kultura Departamentuak. Sektoreko hainbat eragilek parte hartu dute planaren diseinuan. Egun antzerkiak duen egoera “larria” arintzea da jomuga nagusia.
Antzerkia, beste arte adierazpen asko bezala, sarritan ez da erosoa izan boterearentzat. Berezkoa duen izaera kritikoak zuzenean eragin diola irizten dio Javier Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendariak. Hala ere, planak fruituak emango dituelakoan dago. “Oso garai zaila bizitzea tokatu zaigula uste dut, eta egoera hobetzea ezinbestekoa da”. Publikoari, azpiegiturei eta artistei dagokienez, egoera “oso ona” dela irizten dio Perezek, eta, horregatik, egoera bideratzeko ez du zailtasun berezirik aurreikusten.
Antzerkia Sustatzeko Planean jasotzen diren ekintza positiboen bitartez, gizarteak antzerkia lehen mailako kultur adierazpena dela ulertzea nahi dutela azaldu du Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintzarako Zerbitzuko buruak. Sektorearen egoera “aldatu” nahi dute. Batez ere, antzerkigintza profesionalean jarri dute fokua, horiek baitute aurrera egiteko zailtasun gehien. Plana diseinatu aurretik, hamabost bat lagunez osatutako talde bat eratu zuten, Antzerkiaren Talde Eragilea deiturikoa. Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako ordezkari gisa, talde horretan parte hartzeko aukera izan du. Adierazi duenez, profesionalen iritzia aintzat hartu izana oso positiboa da, eta horrek planari “zilegitasuna” ematen dio.
Lopez Juriok azaldu duenez, hausnarketa prozesuak “asko lagundu” du sektorearen diagnostikoa egiteko orduan: “Beharrak ondo zehazturik, plana eraginkorragoa izan da”. Hainbat hutsuneren artean, ondorengoak nabarmendu dituzte: sektorearen atomizazioa, programatzaileen irisgarritasun falta eta eragileen harremana ahalbidetzeko espaziorik eza. Beraz, abian jarriko dituzten neurriek hutsune horiek betetzea izango dute xede.
Planak eragindako lehen aldaketetako bat aste honetan bertan antzeman da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna zela eta, adierazpen instituzionala kaleratu zuen, ofizialki antzerkiari eta bertan lanean aritzen direnei babesa azalduz. Baina plana ez da adierazpen horretara mugatzen. Izan ere, neurri asko jarri nahi dituzte abian. Kulturan gutxiengo inbertsioa ziurtatzea, elkarlanean aritzeko sareak eratzea, Nafarroako Antzerki Eskolarekin hitzarmena berritzea, Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortzea eta 948 Merkatua sortzea —arte adierazpen ezberdinen erakusleiho izango den azoka— dira neurri horietako batzuk.
Plana bera albiste ona dela dio Miguel Goikoetxea Iluna taldeko zuzendariak. Modu profesionalean aritzen da antzerkian beste lau lankiderekin batera, eta azken urteak oso zailak izan direla aitortu du. Planari dagokionez, “zalantzaz” betea dago; neurri guztiak legealdia amaitu aurretik indarrean jartzerik izango den galdetu du. “Nik uste plana berandu xamar datorrela. Legealdiaren erdian gaude, eta ez dut uste hurrengo hauteskundeetarako dena betetzerik izango dutenik”. Alde horretatik, aurreikusita dago planaren jarraipena egingo duen sektore mahaia eratzea.
Ia berezko krisia
Aspalditik daude arte eszenikoak itolarrian. Konpainia askok ia inertziaz egin dute aurrera. Lopez Juriok argi du: “Kontratatzen dutenek normalean merkeena bilatzen dute; kalitatea ez da oso kontuan hartzen”. Ondorioz, konpainiek, lehiakorragoak izateko helburuz, prezioak jaitsi dituzte, ahalik eta emanaldi gehien ziurtatu ahal izateko. Baina, aurrerantzean, kultur eragileen arteko harremana indartzeko elkarguneak sustatu nahi dira, kontratatzeko orduan kalitatea lehenetsiko den faktorea izan dadin.
Nafarroan 30 kultur etxe eta agertoki baino gehiago daudela aprobetxatuta, antzerki zirkuitu bat sortzea aurreikusita dago planean. Horren bitartez, bertako antzerkigile profesionalek Nafarroako Antzoki Sarea osatzen duten kultur guneetan emanaldiak egiteko aukera izango dutela iragarri du Lopez Juriok. Neurri hori zalantzan jarri du Goikoetxeak. Jakinarazi duenez, Antzokien Sareko arduradunek ez dakite emanaldi horiek ziurtatzerik izango duten, aurten behinik behin.
Baina, ziurrenik, neurririk berritzaileena 948 Merkatua deituriko azoka izango da. Arte adierazpen guztiek izango dute bertan tokia: zinemak, arte eszenikoek, arte plastikoek… “Nafarroan zer dagoen erakutsi nahi dugu; bertako konpainiei saltzen lagundu”, azaldu du Lopez Juriok. Izan ere, bertan ez ezik, kanpoan ere lan egin ahal izatea nahi dute, merkatua zabaltzea alegia. “Nafarroan egiten den arte eszenikoak kanpora atera beharra dauka. Ez du esan nahi ez denik ateratzen, baina ateratzeko gaitasun handiagoa izan behar du”, dio Perezek.
Bestalde, Nafarroako Liburutegi Nagusian, antzerkiarekin lotutako bibliografia funtsa eratuko dute. Nafarroako Artxiboan, berriz, Arte Eszenikoen eta Musikaren Artxiboa sortuko dute. Bi ekinbide horiei esker, antzerkiarekin lotutako iturrietara jo ahal izango du. Planarekin zerikusirik ez duen arren, heldu den udan Sorgune Arte Eszenikoen Gunea zabalduko dute Desoion. Bertan, sorkuntza prozesua gauzatu ahal izango da hasieratik bukaeraraino. Gaur egun sektoreak duen egoera aldatzeko, denaren beharra izango du.