Goiener Energia Kooperatibako bazkidea izango da Berako Udala

Goiener Energia Kooperatibako bazkide izatea erabaki zuen Berako Udalak joan den maiatzaren 14an egindako udalbatzan. Hala, kooperatibako kide den lehenengo udala da Berakoa. Udalak konpromisoa hartu du Goiener energia merkaturatzen hasten denean harekin zein energia kontratu egin aztertzeko.

Energia kontsumoaren eredu alternatiboa eraikitzeko konpromisoan oinarritutako proiektua da Goiener. Bazkideek ekarpen ekonomikoak egiten dituzte, eta, horren bitartez, energia berdea erostea ahalbidetzen dute. Kooperatibak erdietsitako etekinak iturri berriztagarrietatik sortutako —biogasa, eguzki eta haize bidezkoa— proiektu “berritzaileetara” bideratuko dituzte. Izan ere, taldea irabazi asmorik gabekoa da, eta, beraz, kooperatiban bertan inbertitu nahi dituzte mozkinak.

Herenegun, Marisol Taberna Berako alkateak Goienerreko arduradunekin sinatutako itunean, energia isurketak “murriztea” hitzartu zuten. Hala, 2020. urterako, energia kontsumoa %20 murriztu eta energia eraginkortasuna %20 handitu edo hobetu nahi dute. Helburu horiek betetzeko ekintza plana garatuko du udalak.