2009ko uztailetik, Nafarroan ezin da ETB sintonizatu LTD lurreko telebista digitaleko kateen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren desadostasunak direla medio. Horregatik, Nafarroako Eusko Alkartasunekoek ETB ikusteko antena bat jarri zuten Erreniegan. Orain, 54.000 euroko isun bati aurre egin beharko diote. Eusko Alkartasuneko Nafarroako koordinatzaile nagusia da Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), eta hark eman du auziaren berri.
2009an, lurreko telebista digitala ezarri zenean, bi gobernuek katearen egoera erregularizatzeko akordio erdietsi zuten. Baina gero ez zuten martxan jarri.
Jaurlaritzan Patxi Lopezek agintzen zuen orduan, eta hemen, Miguel Sanzek. PSEk bi administrazioek erdi bana ordaintzea nahi zuen. UPNk, aldiz, gastu guztiak Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu zuen. Azkenean, esan zuten oso garestia izango zela ETB Nafarroara zabaltzea. Baina ez da egia, aitzakia hutsa da.
2012an, horren kontra zer edo zer egitea erabaki, eta Erreniegan antena jarri zenuten. Nola sortu zen ideia?
EAko afiliatuek bultzatu zuten; jendea haserre eta minduta zegoen. Geure buruari galdetzen genion: zergatik ukatu digute gure hizkuntzan dagoen kate bakarra? Hori dela eta, dirua gure poltsikotik hartu eta antena ipini genuen. Hala, Iruñerriko 20.000 etxeetan ikusi ahal izan zuten ETB.
Antena muntatzea garestia zela zioten. Zuek, berriz, oso merkea zela. Arazoa ekonomikoa da?
Ez, ez da arazo ekonomikoa. Gezurretan zebiltzan. Guk 12.000 euro ordaindu genizkion enpresa bati Erreniegako antena instalatzeko, eta 40.000 euroen truke Nafarroa osorako heda zezaketela esan ziguten.
Orduan, zein da problema?
Problema ideologikoa da. UPNk ez du nahi nafarrok ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako. ETBk emititzearen kontra jotzen du, Euskalerria irratiaren aurka ere bai… Euskal munduak atzeraka ematen dio.
Baimenik gabe antena ezartzea, baina, legez kanpokoa da, eta Espainiako Industria Ministerioko isuna ordaindu beharko duzue.
Hasieran, Guardia Zibila bidali zuten Erreniegara antena zigilatzeko, eta 45.000 euroko isuna jarri ziguten.Orain, 54.000 eurora igo dute.
Zergatik?
46.000 euro ordaintzearen kontrako helegitea aurkeztu genuen, eta oraindik ez digute erantzunik eman. Prozedura normaletan ez da isuna ordaindu behar errekurtsoarekin zer pasatzen den esaten dizuten arte, sententzia behin betikoa den arte. Baina hau ez da prozedura normala, eta helegitearekin zer gertatzen den ebatzi aurretik igo dute ordaindu beharreko kalte-ordaina.
Zergatik diozu ez dela prozedura normala?
Legetik at eramaten ari direlako gaia; ekinbideek ez diotelako juridikoki zegokien bide arruntari jarraitu. Bat-batean iritsi zitzaigun 9.000 euroko errekargua, isuna atera bezain pronto ez genuelako ordaindu. Baina kontua da inoiz ez dela unean bertan ordaintzen!
Ordaindu dituzue 54.000 euroak jada?
Bai, orain alderdiko afiliatuei laguntza txartelak salduz berreskuratu nahi dugu dirua. Izan ere, dirutza da, eta gu ez gara alderdi handia.
Dena den, helegiteak bere horretan dirau.
Bi errekurtso dauzkagu martxan: bat isuna kentzeko eta bestea antenaren zigilua bertan behera uzteko. Uste dugu eskubidea dugula euskarazko kate publiko bakarraren emisioak jasotzeko.
Eta nola dago orain auzia?
Oraingoz, Auzitegi Nazionalean, baina arrazoia ematen ez badigute, Europako auzitegietara joko dugu.
Prozedura judizialean sartu zaituztete antena muntatzeagatik, baina oso praktika normala da.
Ehunka antena alegal daude, bai irratienak baita telebista kateenak ere: tarotaren inguruko kate guztiak, Elizaren jabetza den Radio Maria… Ez dute baimenik antena horiek hor jartzeko. Gainera, horiek guztiak pribatuak dira. ETB, aldiz, publikoa da, telebista ofiziala da; beraz, are zentzu gutxiago dauka ikusteko modua jarri genuelako zigortzeak.
Gainontzeko erkidegoetako kateak ikusgai daude. Zergatik da ETB arazoa?
Gainontzeko telebista kateak ez direlako euskaraz.
Hainbeste gorabeheraren ondoren, nola dago orain euskal telebistaren gaia Nafarroan?
Orain EAJk agintzen du Jaurlaritzan. Hori ikusita, Nafarroako Parlamentuak osoko bilkuran Yolanda Barcinaren lantaldeari eskatu zion Iñigo Urkulluren lantaldearekin harremanetan jartzeko euskal telebistaren kasua konpontzeko. Haatik, parlamentuak irtenbidea bilatu arren, Nafarroako Gobernuari dagokio harremanetan jartzea, eta ez du egiten.
Beraz, Nafarroako Gobernuak deus egin ezean, gaia bere horretan geratuko da, ezta?
Bai. Egoera demokratiko arraroan gaude. UPNk gutxiengoa izanda gobernatzen du, eta hori gutxi balitz bezala, izkin egiten die parlamentarion proposamenei. Gaia geldirik dago.
Eta zergatik da Eusko Alkartasunaren ustez garrantzitsua ETB ikusi ahal izatea Nafarroan?
Gure hizkuntza bizirik mantentzeko ezinbesteko tresna delako, eta euskal identitatea sortzen duelako. Horregatik, UPNk euskal identitatea desagerrarazi nahi du ETB kenduta.