Berriki, Udalbiltzak jendaurrean agertu du euskal Pirinioen magaletako eremuaren garapena sustatzeko asmoa. Gaindegiak euskal herrien gain egindako azterketa batean oinarrituz, biziberritzeko premia handiena duen eremua dela ondorioztatu da.
Nabarmentzekoa da duela hamarkada zenbaitetik hona indarrean den garapen ereduak ekarri duela eremu horien oparotasunak izan dezakeen balioaren gainbehera. Hala, ekonomia jardueren industrializazio eta intentsifikatzeak, eta administrazio edo zerbitzuak hiriburuetan zentralizatzeak, mendialdea hustu egin du.
Ikasketak direla, edo lanpostuak direla, mendialdeko gazteek alde egiten dute herritik, lotura afektibo bat atxikitzen bada ere. Bertan gelditzen direnek geroz eta zailagoa dute oinarrizko zerbitzuak euren herri edo eskualdean jasotzea, horiek biztanlego kopuruaren arabera antolatzen direnez joera orokorra baita hurbileko zerbitzuak murriztea, edo horiei eusteko zailtasuna izatea.
Horiek dira, bertze batzuen artean, eremu horietako herritarrak kezkatzeko arrazoiak. Hala ere, bertzelako ikuspegiak ere izan genitzake.
Ingurumen eta baliabide ondareak aintzat hartuz gero, edo mendez mende euskal herrietan izandako gizarte antolakuntzari erreparatuz gero, zinez aberatsak dira Pirinioen magaletako herriak. Eta aberastasun horri eutsi ahal izan diote, hain zuzen ere, indarrean den garapen eredutik at gelditu direlako.
Adibidez, egun geroz eta ozenago aditzen ditugun elikadura eta energia burujabetzaren aldeko ekimenen ikuspegitik. Hirietan elikagaiak ekoiztekotan dabiltzan hamaika ekimen ezagutzen ditugu, eta hori bai zaila, eremuari dagokionez! Edo begira zenbait euskal eremutan halakorik egiteko zailtasuna, errepidez, industrialdeez eta pinudiz beteak izanik!
Herriak antolatzeko moduari dagokionez, administrazio zentralizatuek eragindako gabeziez haratago, Pirinioen inguruko hamaika herrik euren ohiko sistema batzuei eusten diete, bertzeak bertze, auzolanak egiten baitira. Batzarrak ere bai, zenbait herritan, horiek, auzolanekin batean, gutieneko gauzatzean irauten badute ere. Eta, nola ez, herri horiek dituzten ondasunen izaera komunala, lur eta oihanei dagokienez bereziki. Zerbitzuei dagokienez, egoera ezin hobea da horien antolakuntza birplanteatzeko: hiriburuetatik ezarritako ereduen aldean, tokian tokiko beharrei eta izaerari erantzunen dieten zerbitzu propioak eratzeko aukera ezin hobea da!
Alde horiei erreparatuz gero, euren potentziala garatu beharrean diren eremuak direla erran dezakegu. Hau da, euskal herri aunitzetan aspaldian galdutako antolatzeko moduak, eta horiei lotutako kultura oso bat, berreskuratu nahian dabiltzan honetan, Pirinioen inguruan oraindik bizirik dagoela ageri zaigu. Bizirik bai, itzaltzen ari dela ematen badu ere…
Hona gure ekarpen xumea, Udalbiltzaren egitasmoa mahai gainean den honetan, ikuspegi bat, Pirinioetako lagunek aintzat hartu eta susper dezaten mendi horietan gordetzen den indarra.