“Oro har, Nafarroan badakigu zer jan behar den. Gero bakoitzak zer egiten duen beste gauza bat da”, dio Izaskun Berasategi dietalari eta nutrizionistak (Iruñea, 1986). Bizimodu bizkorrak eguneroko elikaduran eragin handia izan duela uste du. Horrez gain, esan du “horren osasuntsuak ez diren hainbat elikadura ohiturak” gero eta indar handiagoa dutela Euskal Herrian. “Betiko dieta egingo bagenu, askoz hobeto egongo ginateke”. Hala ere, egoera beste toki batzuetan bezain larria ez dela deritzo. Dietalari eta Nutrizionista ikasketak egin zituen Gasteizen. Ondoren, Iruñera itzuli eta Nafarroako Unibertsitatean Nutrizioa eta Metabolismoa masterra egin zuen. Horrez gain, Elikadura, Fisiologia eta Nutrizioan doktorea da ekainetik. Urrian ireki zuen kontsulta, Iruñeko Iturrama auzoan.
“Nire lehenbiziko lana jendeari nola jaten den erakustea da”, azaldu du Berasategik. Batez ere, pisua galdu nahi duen jendea joaten da kontsultara, baina baita pisua irabazi nahi dutenak ere. Horrez gain, gaixotasunak dituzten pertsonek ere jotzen dute dietalariarengana, euren egoerara egokitutako dietak hartzeko. “Gaixotasunen batek jota datorren jendea ereduak jasotzeko eta hainbat galdera egiteko etortzen da. Baina garrantzitsua erakustea da. Niri ez zait gustatzen dietaz hitz egitea. Badirudi denbora tarte baterako baino ez direla. Baina ondo jateak betiko beharko luke”. Gehienbat, 50 urtetik gorako emakumeak joaten zaizkio kontsultara. Gazteagoak ere bai, baina emakumeak dira gehienak. Harengana jotzen duten askok lehenago beste dieta batzuk egin dituzte.
Berasategik oso argi izan du beti zein lanbide aukeratuko zuen. “Uste dut 15 urterekin banekiela elikadurarekin lotutako ikasketak egin nahi nituela; hori gustatzen zitzaidan. Ez nuen besterik gabe aukeratu”. Oso argi zuen dena, baina ez daki nondik datorkion elikadurarekiko interes hori. “Ez dut inguruan elikadurarekin edo osasun arloarekin harremanik izan duen inor. Akaso jatea asko gustatzen zaidalako aukeratu nuen”, esan du barrez.
Beraz, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia heldu zitzaionean, Gasteizera joan zen, Dietalari eta Nutrizionista ikasketak egitera. Hiru urteko diplomatura da. Hori gainditu, eta ikasten jarraitu nahi zuen. Gasteizen Elikagaien Teknologia masterra egiteko aukera dago. Baina Berasategik ez zuen hortik jo nahi. Haren aburuz, hori ez dago dietetikarekin erabat lotua. Horregatik, Iruñera itzuli, eta Nafarroako Unibertsitatean masterra eta doktore tesia egin zituen. Hala ere, lanean etengabe ikasten jarraitzen duela uste du. “Psikologiarekin lotuta dauden ikasketak garrantzitsuak dira osasun arloan lan egiten dugunontzat. Jendearekin lan egiten denean, psikologiak berebiziko inportantzia dauka”.
Dietalari eta nutrizionistek ez dute txokorik osasun arlo publikoan. Hori dela eta, kontsulta pribatuetan baino ezin dute lan egin. “Saiatzen ari gara lekua egiten. Baina, orain arte, medikuek egin dute gure lana. Beraz, euren zeregina dela uste dute, eta horri eutsi nahi diote”, azaldu du Berasategik. Goizetan ez du jende asko artatzen; beraz, dietak prestatu eta informazioa biltzen du. Arratsaldeetan, jende gehiago joaten da Berasategirenera. “Lehen kontsulta ordubete edo ordu eta erdikoa egiten dut. Hortik aurrera, bi astean behin, hogei minutu edo ordu erdiko azterketak egiten ditut”. Aurreneko kontsultan helburua finkatzen dute, eta lortu arte, bi astetan behin hartzen ditu pazienteak. “Badaude batzuk astero pasatu nahi dutenak kontsultatik, kontrolatuagoak egoteko”. Urrian hasi zen lanean, baina hasieran ez zituen paziente asko. “Urtarriletik aurrera hasi da jende gehiago etortzen”.
Euskal Herrian haragi asko jaten da. Berasategik gutxiago jateko aholkua egiten du. “Badirudi proteinak jan behar direla etengabe, eta horretarako haragia egunero hartu behar dela. Baina lekaleek eta zerealek ere proteinak dituzte. Gainera, horiek ez dituzte haragiak dituzten gantzak”. Otordu kopuruarekin ere gatazkak izan ohi dira. Berasategik bost otordu gomendatzen ditu. “Hiru orduan behin jan behar da, gero bazkarira gose handiarekin ez joateko. Bestela, pila bat jaten da, eta hori da kalte egiten duena”. Hala ere, bizi-ereduaren aldaketak izan dira elikadura gehien baldintzatu dutenak. “Lehen, emakumea etxean egoten zen bazkaria eta afaria prestatzen. Gaur egun ez da hori gertatzen. Baina etxera heldu eta afaria prest egotea nahi dugu. Ondorioz, askotan bizkor prestatzen diren jakiak hartzen ditugu”. Berasategik ez du ezer debekatzen; une zehatz batzuetan izan ezik, denetarik jateko gomendioa egiten du. Gainera, dieta on baten gakoa ohituran dagoela azpimarratu du: “Urtaroko eta tokian tokiko elikagaiak kontsumitu behar dira. Denetarik jan behar da, kolore guztietatik. Barazkiak, frutak, haragi gutxi eta arrain gehiago. Horrekin batera, kirola egitea ere gomendatzen dut “.