“Angel Berruetaren hilketak arrazoi politikoak izan zituela aitortzea nahi dugu”, adierazi du Edur Perezek, Angel Gogoan plataformako kideak. Heldu den martxoaren 13an, hamar urte beteko dira Valeriano Peña Espainiako poliziak eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutenetik. Donibaneko hainbat auzokidek Berruetaren oroimenari eutsi nahi diote. Horregatik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko, 2.136 sinadura bildu dituzte.
Berrueta hil zutenean, hainbat auzokide eta lagunek Angel Gogoan egitasmoa sortu zuten, haren oroimena bizirik mantentzeko. Geroztik, plataformak hainbat ekinbide eraman ditu aurrera, instituzioek, botere publikoek eta ordezkari politikoek urratsak egin ditzaten “egiaren, aitormenaren eta ordainaren alde”.
Hilketaren hamargarren urteurrena dela eta, sinadurak bildu dituzte Donibanen bi helburu nagusirekin: alde batetik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko; beste alde batetik, auzokideek Berruetaren oroimena mantentzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.
Plataformako kideek esan dute auzoko hainbat talderen, dendaren, erakunderen eta elkarteren laguntza izan dutela. “Ildo anitzetako auzokideek bat egin dute ekinbide honekin, instituzioek Berruetak behar duen aitorpena eman dezaten”, esan du Perezek.
Martxoaren 6an, Iruñeko udalbatzak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko mozioa eztabaidatu zuen. Plataformak mozioa aurkeztu zuen, udaleko hainbat talde politikorekin harreman bira egin ostean. Horrekin batera, martxoaren 13an, 19:00etan, Berruetari omenaldia egingo diote haren okindegia zenaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.