“AEBetan, lorezain onenak japoniarrak eta euskaldunak ziren. Japoniarrak ziren finenak, eta euskaldunak beti ibiltzen ziren haiek imitatu nahian. Euskaldunak, berriz, oso langileak zirelako nabarmentzen ziren”, dio John Telletxea lorezainak (Berkeley, AEB, 1963). Haren aita lesakarra zen, eta artzain gisa joan zen AEBetara, baina, bost urte geroago, lorezain gisa hasi zen lanean. Hortik datorkio ofiziorako zaletasuna Telletxeari. “Kalifornian, Ozeano Barearen aurrean, etxe guztiek dute lorategia. Han ohikoa da, eta, gainera, gure aita egunero ibiltzen zen lorategian”. Telletxeak 9 urte zituela itzuli ziren Lesakara, eta 14 urterekin hasi zen aitarekin batera lan egiten. Beraz, ia bizi osoa darama lorategietan. Kanpora begira lan egiten du maiz, eta atzerria du erreferentzia: “AEBetan, lorategi estilo ugari dago; asko ikas daiteke han”. Telletxeak dio herrialde askotan dagoela lorategi kultura, hala nola Frantzian, Ingalaterran, Italian eta Japonian. Baina, haren arabera, AEBetan estilo guztiak daude, eta horregatik iruditzen zaio horren interesgarria. Euskal Herrian, ordea, ez dago lorategi kulturarik, dioenez.
Hasieran, udan lan egiten zuen. Gero, Nekazaritza-teknikari ikasketak egin zituen. 23 urterekin, lanaldi osoz hasi zen lorezain gisa. “Nik ikasi nuen garaian, ez zegoen lorezaintzan espezializatutako ezer. Atarrabiako peritu eskolan egin nituen Nekazaritza-teknikari ikasketak. Gehienbat, nekazaritza eta abeltzaintzari zuzenduta daude ikasketak, baina dena elkarri lotua dago: landareen beharrak eta ongarriak”.
Lesakan ez du inoiz lan faltarik izan. Egoera ezberdinetara egokitzen jakin behar izan du. “Duela hamar edo hamabost urte, lan handia egiten genuen lantokietan”. Acerlor Mittal-ek Lesakan duen lantegiko lorategia urteetan zaindu du. “Lantegiak Japoniako bezero bat zuen, eta japoniarrek lorategi kultura handia dute. Beraz, landaketa asko egin genituen”. Baina bezeroak pozik izatea ez da lantegietan lorategiak zaintzeko dagoen arrazoi bakarra; zuhaitzek kutsadura txikitzen dute. Hori izaten da jartzeko arrazoia. Helburu estetikoak ere badaude: bertako langileek bestelako paisaia bat ikus dezaten.
Baina lantokietan gero eta gutxiago lan egiten dute. Konpetentzia gogorra dute sektore horretan. “Tasubinsa eta Aspace enpresek kendu digute lana. Adimen urritasuna duten langileak dituzte, eta gobernuaren laguntzak jasotzen dituzte. Beraz, 37 urte eta gero, lantegietan lanik gabe gelditu gara”.
Fabriketako eskariak behera egin duenez, beste sektore batzuetara jo behar izan dute. “Lantokietako lanik gabe geratu ginenean, jabego pribatuetara jo genuen. Lehenago ez nuen horrelako bezeroekin lan egin, baina ondo atera da”, dio Telletxeak. Sektore horretan bi lan mota daudela dio. Alde batetik, hainbat arrazoirengatik lorategia zaintzen ez duten pertsonak daude. Kasu horietan, hilean behin joaten dira lorategia garbitzera. Beste alde batetik, urte osoan zaintzen dituzten lorategiak dituzte. “Baserriak izandako etxebizitzetan lan egiten dugu askotan. Bestela ere, badaude herrian bertan etxe batzuk lehen ortua zutenak, baina, gaur egun, ez dute lantzen, eta lorategia jarri nahi dute. Guk zaintzen ditugu, hala nola soropila, landareak eta zuhaitzak”. Lorezainen lana naturarekin bat doa. Urtaro bakoitzak bere lana eskatzen du. Negu bukaera da, udaberria heldu baino lehen, lan gutxien duten garaia.
Etxe pribatuetan lan egiteaz gain, Lesaka eta Igantziko udalentzat beharrean aritzen dira. “Lesakan hainbat lan egiten ditugu: besteak beste, adarrak mozten ditugu, soropilak mantendu, loreak jarri eta ureztatzeak programatu”. Igantzin, igerilekuan lan egiten du Telletxeak. Gehienbat, pinuzko hesia atondu eta loreak jartzen dituzte han.
Lorezaintza enpresan hiru kidek lan egiten dute, eta hirurak familiakoak dira. Familiakoak izateagatik arazoak sor daitezkeen arren, euren negozioan ez da horrelakorik gertatzen. “Nik ez dut arazorik, eta emazteak ez du ezer esan. Koinatuak ez du protestarik egiten, baina auskalo zer pentsatzen duen, kar-kar-kar. Ondo moldatzen gara”, dio umoretsu.
Lorezaintzak adar asko ditu, baina Telletxeak ura du maite. “Niri urarekin lan egitea gustatzen zait, urmaelarekin, iturriekin eta ur-jauziekin. Ur mugimendua duen lorategia zerbait berezia da. Japoniako lorategiek eta meditatzeko erabiltzen direnek, guztiek dute ura”. Horrez gain, argiekin ibiltzea du begiko. “Gauean, argiarekin, harriekin eta landareekin jolas ederrak egin daitezke”. Baina horrelako lanak egiteko diru asko behar da, eta ez zaizkio sortzen aukera asko.
Telletxeak lorategi propioa du. Haren aburuz, “sinplea” da. Horrek ez du esan nahi itsusia denik. Eguna lorategiak zaintzen ibili ostean, ez du gogorik etxean lanean jarraitzeko. “Lan gutxirekin, lorategia ahal bezain ondo izaten saiatzen naiz”.