Kattalin Barber
Leuzemiaren aurka eta hezur muina ematearen alde, korrika egin zuten asteartean ehunka pertsonak, Burlatan, Domena Nafarroako Hezur Muinaren Emaileen elkarteak antolatuta. Elkarteko kide eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko hematologoa da Erkuden Aranburu (Iruñea, 1957), eta hezur muina ematearen garrantziaz hitz egin du, besteak beste.
Zeintzuk dira Domena elkartearen helburuak?
Domena elkartea orain dela zortzi urte sortu zen. Eduardo Domezain gazteak leuzemia izan zuen, eta familiak hezur muina ematearen aldeko kanpaina handia egin zuen. Zoritxarrez, ez zuten lortu emaile bateragarririk, eta hil egin zen. Baina amak borrokan jarraitu zuen, eta horren emaitza da Domena. Odol bankuan lan egiten dut nik, eta orain dela 27 urte hasi genuen guk hezur muin emaileen erregistroa, Espainian Carreras fundazioa sortu zenean. Gogoan dut lehen emaileak odol emaileak izan zirela, baina urtez urte emaile asko lortu ditugu. Horrez gain, gure egitekoa da, era berean, gaixoari eta haren ingurukoei babesa eta sostengua ematea, gure esku dauden baliabide guztiak eskainiz. Jendea nahiko galduta dago horrelakoak gertatzen direnean, eta gainera, gaixotasun bera izan duten pertsonekin hitz egin nahi dute.
Zenbat emaile daude aipatu duzun erregistro horretan?
Erregistro orokorra da, eta 20 milioi pertsona daude, baina bakarrik Europa, AEB, Kanada eta Australiako emaileak dira; gainerako herrialdeak ez daude erregistroan sartuta. Nafarroan Domena sortzean, hezur muina ematea sustatu nahi genuen, eta informazioa zabaldu. Domezainen kasuak eragin handia izan zuen gurean. Orain, Lizarrako zortzi urteko neska bat transplantearen zain dago. Kanpaina handia egin dute gurasoek Lizarran, eta 120 emaile lortu ditugu. Batez beste, urtean 30 leuzemia kasu inguru daude Nafarroan.
Gero eta hezur-muin emaile gehiago daude Nafarroan?
Bai. Nafarroan 10.000 emaile inguru ditugu. Orain dela zortzi bat urte emaile gutxi zeuden, bai Nafarroan, bai eta Espainian ere. Horregatik, kanpaina handi bat bultzatu zuen administrazioak, eta erkidego bakoitzak gutxieneko emaile kopuru bat lortu behar zuen. Nafarroan uste dut 300 emaile izan zirela; askoz gehiago lortzen ditugu, urtean 800.
Edonork eman dezake hezur muina?
Baldintza batzuk daude. Sortzetiko gaixotasun bat baldin baduzu, minbizia edo diabetesa izan baduzu, ezin duzu eman. Horrez gain, emaileek 45 urte baino gutxiago izan behar dute; horregatik, gazteen inplikazioa beharrezkoa da. Gainera, hezur muin bateragarrien artean beti gazteenak aukeratzen dituzte, aberatsagoak direlako. Gainera, 50 kilo baino gehiago pisatu behar dute emaileek, eta adinez nagusi izan. Emaileari odol analisiak egiten zaizkio, baita analisi genetikoak ere, eta informazio hori guztia mundu mailako emaileen sarean sartzen dute. Munduko edozein lekutan emailearekin bateragarria den gaixo bat agertuz gero, hezur muina emango luke.
Behin hezur muin bateragarri bat lortuta, zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Emailearen hezur muinarekin bateragarria den gaixo bat aurkitzen denean, hurrengo urratsa hezur muina ematea izaten da. Emailea aferesi makina batekin lotzen da, ospitaleratu eta anestesiatu gabe. Makinak odola zirkuitu batean barrena igaroarazten du etengabe, eta, beharrezkoak diren zelulak hartu ondoren, gainerako odola emaileari bueltatzen dio. Saio gehienak 4-5 ordukoak izaten dira. Donazioa egin aurreko egunetan injekzio akuilatzailea jartzen zaio emaileari, odolean zelula odol sortzaileen kopurua handitzeko.
Jende askok oraindik ez daki hezur muina ematea odola ateratzea dela. Informazioa falta da oraindik?
Bai, eta, oraindik ere, hezur muina eta bizkar muina nahasten ditu jendeak. Horretan egin behar dugu lana, hain zuzen: informazioa zabaltzen. Adibidez, orain dela gutxi Lizarran egon gara hitzaldi bat ematen, eta 100 pertsona inguru etorri ziren. Informazio gutxi zuten hezur muinaren inguruan, eta asko eskertu zuten. Informazioa dutenean, eta hezur muina zer den eta nola ematen den argi dutenean, oso eskuzabalak izaten dira.
Zein mezu bidaliko zenioke gizarteari hezur muina ematearen alde?
Beti esaten da, baina egia borobila da: bizitza bat salba daiteke eta oso erraza da; lau edo bost ordu baino ez ditu kentzen. Gaur beste pertsona bat da, baina bihar zu izan zaitezkeela pentsatu behar duzu. Gauza bera gertatzen da odol emaileekin. Jenderik ez badago eta ez badute odolik ematen, ez da odolik egonen ospitalean. Ez dago lantegirik hezur muina edo odola egiteko; pertsonen beharra dugu, eta bankua elikatu behar dugu etengabe. Zenbat eta gehiago izan, askoz hobe.
Zilbor hesteko odola ere eskatzen duzue?
Zilbor hesteko odolean mota zehatz bateko zelula ama asko daude, eta leuzemia eta minbizi mota batzuk dituzten gaixoei transplanteak egiteko erabiltzen dira. Dena den, oraindik nahiko geldituta dago gai hori, behar bezala ezartzeko oso garestia eta konplexua delako. Hiru urte inguru dira ez dela egiten Nafarroan, baina asmoa dago, eta badirudi martxan jarri nahi dutela, berriz ere. Oraingoz, halere, askoz ere eraginkorragoa da hezur muina ematea.