Martxoaren 15ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuen Sabino Cuadrak Arrojado a los leones liburua. Izenburu esanguratsua duen eta ezin esanguratsuagoa duen argazkiaz lagunduriko azalean tente agertzen zaigu politikari nafarra Daoiz?, edo Velarde? izena duen brontzezko lehoiaren begirada arranditsuaren begiradapean.
246 orrialdeetan, Cuadrak, gladiadorea balitz bezala, zirkutzat daukan Madrilgo Legebiltzarrean bizi izandakoak kontatzen dizkigu estilo garbi, arin eta, zenbaitetan, umoretsuz; erretiratu berria zela Madrilera joateko proposamena egin ziotenetik gaur egun arte, hain zuzen ere, inola ere plaza horretara (lehoiek zanpa-zanpa jan nintzaten) bueltatuko ez litzatekeela dioenera arte. Zirku hartako esanahi hutsalez eta gezurrez beteriko hitzaldiak salatzeaz gain, helburu xume batek bultzatu zuen liburua idaztera, alegia, herritar guztiok mundu desberdin bat eraikitzen ahalegindu gaitezen bultzatzeko helburua.
Madrilgo Legebiltzarreko paretek janzten dituzten margolan elizkoi eta monarkikoak eta diputatuen absentismoa eta tabernarako bueltak deskribatzetik, dotore jantzitako legebiltzarkideen edukazio onak saihesten eta galarazten ez duen ezin justifika daitezkeen pribilegioetara, Cuadra zorrotza da. Eta Cuadra oso kritikoa da legebiltzar aldia hasieran bertan Amaiurrekoei ez zietelako taldea osatzen utzi, nahiz diputatu-kopuruak hori baimendu; noiznahi gutxietsi egiten dituztelako; hedabideek ere boikot egiten dietelako. Aldiz, esker onekoa da herritarrekin eta sare sozialekin emandako tratu onarengatik, hemen zein Madrilen. Lehoiak babesten dituzten segurtasun-indarrak salatzen ditu, eta lehoien ustelkeria, eta lehoien instituzioen lotsagabekeria, eta lehoiek mantentzen duten egiturazko sistema, eta lehoien justizia-klasea, eta… lehoien fartsa demokratikoa.
Hiru egun aurretik, martxoaren 12an, Altsasuko Iortia kultur etxean Greta Alfarok, Bego Antonek, Naia del Castillok eta Cristina Lucasek estreinatu zuten Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak erakusketa. Bertan bideo hau ikus daiteke: Almendrondoz inguraturiko soro baten erdian, mahai luze bat. Mahai-zapi zuria. Zortzi aulki. Platerak, kopak. Ardo-botilak. Mahai erdian, haragi errea. Jatordua. Halako batean, sai tzar bat. Segidan, beste bat. Ondoren, beste batzuk. Putre-saldoa. Haragi-usaina erakargarriegia da. Ausartenak salto egin du mahaira. Ondoren, zalantzati, beste batzuek. Mahaia estalirik dute hegaztien hegal erraldoiek. Hotsak. Hots ozenak. Hegaztienak eta plater hautsienak. Aulkiak lurrera. Botila-ardoak ere bai. Putreek alfonbra lumaduna osatzen dute. Soroa saiez josita dago. Hondarrak banatuko dira gero. Inpaktu handiko bideoa da artista gazte horiek erakusten dutena.
Artistek fikzioa eta errealitatea elkarri lotuta daudela adierazi nahi digute erakusgai dauden obren bitartez, batzuetan animaliek gizakion tokia hartzen dutela edo alderantziz.
Nork hartzen du noren tokia saien banketean? El banquete datorkit burura: Kontuz kontsumitzaileen elkarte-kide diren Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren liburua, urtebeteko ikerketaren emaitza. Testigantza. Eskandalua. Nafarroako lehoien neurri gabeko antsia.
Cuadrak ere salatu zuen Madrilgo Legebiltzarrean CANen inguruko Nafarroako begi bistako ustelkeria, Espainiako lehoien babespeko Nafarroako lehoikumeen ustelkeria.