Itsaso eta Deikaztelu herrien artean eraiki nahi duten goi tentsioko linea arbuiatzeko, giza katea antolatu du Lurkide Konpromisoa plataformak, igandean. Proiektua osasunarentzat eta herritarrentzat kaltegarria dela salatu dute. Herrien artean 127 kilometro dauden arren, giza katea 247 puntutan egingo dute; izan ere, 247 eragilek babestu dute plataforma, hain zuzen. Hala, markatutako gune guztietara joango dira, taldetan banatuta, eta “goi tentsiotik libre” dauden eremu gisa markatuko dituzte. Ondoren, festa eguna antolatu dute Irurtzunen.
Bailara gehienak, kontra
Osotara, 220 udalerri atxiki dira linearen aurka. 173 alkatek egitasmoa bertan behera uzteko exijitu dute. Horrez gain, goi tentsioko linearen inguruko galdeketa egin dute 54 herritan, eta, guztietan, proiektua geratzearen alde azaldu dira herritarren %99. Gainera, egitasmoaren aurkako 14.000 argudiatze aurkeztu dituzte.
Plataformako kideek informaziorik ez ematea leporatu diote Espainiako Sare Elektrikoari. “Isiltasun harresi bat” eraiki duela diote. Era berean, enpresa elektrikoek eta Nafarroako Gobernuak hartutako jarrera kritikatu dute. Horregatik, herritarrek iragarri dute goi tentsioko linea “geratu arte” ekinaldiak egiten jarraituko dutela.