Bardoa: herri zelten kondairak, istorioak, berriak eta abar ahoz transmititzen zituen pertsonaia. Hala agertzen da hainbat hiztegi eta entziklopediatan. Kalez kale joaten ziren istorioak kontatuz eta kantatuz, herriaren kulturaren sua itzal ez zedin. Berdin zitzaien noren aurrean zeuden, ezinbestekoa zen lana behar bezala betetzen zuten. Halere, helarazten zituzten mezuen arabera, agintarientzat arriskutsuak ere izan zitezkeen.
Baina bardoak ez dira herri zeltetan geratzen. Hor dugu Gartxot, XII. mendeko Itzaltzuko koplaria. Gure herriaren oroimena sustatuz bizi izan zen; euskaldunon arbasoak gogoratuz. Nafarroako bardoa bere seme Mikelotekin batera ibiltzen zen herriz herri kontakizunak eta bertsoak kantatuz, harik eta soldaduek bahitu zituzten arte. Orreagako abade berriak Mikelotek latinez abestea nahi zuen, baina egoera jasan ezinik, Gartxotek semea hil zuen. Hargatik, Itzaltzuko bardoa Elkorretako dorre batean giltzapetu zuten. Ia hamar mende pasa direnean, urtero igotzen dira dozenaka lagun Elkorretara, Gartxot goraipatzeko eta oroitzeko xedearekin.
Koplari moduan ere, Gartxoten oihartzuna gaur arte iritsi zaigu, eta horren lekuko zuzenak dira aurten Nafarroako taldekako bertso ekinaldian parte hartu duten hainbat eta hainbat bertsolari eta bertsozale. Duela bi urte sortu zen Bardoak iniziatiba, Nafarroako bertso eskolak indartzeko eta bertako harrobia sustatzeko asmoz. Asko dira bakarkako txapelketan parte hartzera ausartu ez, eta Bardoetan haien gaitasun eta truku guztiak agerian uzten dituztenak. Izan ere, lehiakortasuna erabat ezabatu ez arren, txapelketa kontzeptua alde batera utzi, eta talde lana bultzatu nahi da.
Hori dela eta, arau zehatz batzuk ditu proiektuak; zorrozki bete behar diren eta bete diren arauak, alegia. Horien artean daude elkarlana, parte hartzea, laguntasuna eta giro ona. Taldekakoak, adin eta maila guztietako bertsozaleoi bertsoaz gozatzeko eta gozarazteko aukera eskaini digu. Udaberrian loreak loratzen ari diren bezala, Nafarroako bertsolaritzak ere bere fruituak eman ditu, euskal kultura edertuz.
Hala, otsailaren 7an hasi eta apirilaren 12an Lesakan bukatu zen ibilaldia guztiaren gainetik festa handi bat izatea lortu du Nafarroako bertsozaletasunak, orotara tokian tokiko 23 saio antolatuz. Proiektu txiki hau erraldoi bilakatu da berriz ere, beraz. Horrenbestez, eskerrak eta zorionak ematea bertzerik ez zait geratzen. Zorionak bigarrengoz ekinaldi hau posible egin duzuen parte hartzaile, antolatzaile, ikusle… guztiei! Zuetariko bakoitza txapeldun handi bat dela erakutsi duzue, gure kulturaren indarra bertze behin ere azaleratuz.