Edurne Elizondo
Aretoa hutsik dela ematen du, baina, bat-batean, ahots batek eman du agertokian gertatzen ari denaren berri. “Etorri baitzen mendebala, glorioso movimiento nazionala, nazi totala, eta Elizaren gurutzea, Elizaren nabala, gure aurrerapena suntsitu zuen hala, atzera berriz emakumea, deuseztatua, herbala”. Oholtza gainean da aktoreetako bat, eta bi musikari haren atzean. Gitarrak eta perkusio kaxak ezarri dute Nagore Orbeltzu Lakostek errandako hitzen erritmoa, eta txaloekin ospatu dituzte ikus-entzuleentzako eserlekuetan tokia hartu duten gainerako aktoreek. Giro lasaia sumatzen da; intimoa; lagun artekoa. Atzean bada lana; taldea gaurko estreinaldira eraman duen bidea egiteko lana, hain zuzen ere: Harritik hazia izenburuko herri antzezlana aurkeztuko dute gaur, bihar eta etzi, 20:00etan, Berako kultur etxean. Emakumeenak dira han oholtza eta hitza. Orain arte isildutakoa loratu egin baita herrian.
Proiektua 2015eko udazkenean hasi zen mamitzen. Berako Euskara Batzordeak zerbait egin nahi zuen hizkuntzaren erabilera bultzatzeko, eta mahai gainean jarritako proposamenen artean zegoen antzerki lan bat prestatzea. Haren alde egin, eta batzordeak Ramon Albistur Marinen eta Esther Carrizo Carreteroren esku jarri zuen lana. Lehen urratsa izan zen antzezlanaren nondik norakoak adostea eta zehaztea: memoria historikoa lantzeko obra bat eginen zutela erabaki zuten, eta emakumeak izanen zirela protagonista; historia liburuetatik kanpo utzitako emakumeek hartuko zutela hitza, alegia.
Oinarriak finkatuta, hasierako ideiak garatzeko lana jarri zuten martxan. Batetik, antzerkia eta memoria historikoa ardatz izan zituzten hainbat tailer egin zituzten; bertzetik, Albistur Marin eta Carrizo Carretero hainbat historialarirekin bat egiten hasi ziren, baita artxiboak miatzen eta testigantzak jasotzen ere. Lan horrek guztiak gaur oholtzara igoko den taldea osatzea ekarri zuen: Bortzirietako, Irungo (Gipuzkoa) eta Iruñeko adin ezberdinetako jendeak egin du bat proiektuarekin; emakumeak gehienak.
Taldean diren gizonetako bat da Mikel Taberna Irazoki idazlea. Harena da testua, hain zuzen ere. Argi utzi du, halere, “talde lana” dagoela testu horren atzean. Esperientzia berria izan da Harritik hazia antzezlana prestatzeko egindakoa Taberna Irazokirentzat. Aktoreen eta taldeko gainerako kideen hartu-emanek osatu dituzte hark paperean jarritako hitzak. “Eta bizia hartu dute”, nabarmendu du idazleak. “Testu hila” zena “bizi” ikusteko sentsazioa “ia magikotzat” jo du Taberna Irazokik. “Nik, bakarrik, ez nuke testu hau idatzi izanen”.
Etorkizunerako asmoz
1936ko uztailaren 21ean sartu ziren erreketeak Beran. Gaurko egunez, alegia, duela 81 urte. 11 urteko neskatoa zen, urte hartan, Mikel Taberna Irazokiren ama. “Baserritik herrira jaitsi zen. Amarentzat sekulako kolpea izan zen kanpoko hainbertze jende ikustea herrian”. Amak kontatutako pasadizoek Taberna Irazokiren interesa piztu izan dute beti. Eta isildutakoekin, kanporatutakoekin, errepresioa jasan zutenekin gizarteak duen zorra kitatzeko baliatu nahi izan du antzerkiak orain emandako aukera. “Bada garaia zer gertatu zen jakiteko, aitortzeko: hemen ere fusilatu zituztelako errepublikazaleak, eta hemendik ere kanporatu zituztelako familiak”.
Harria bezain gogorra den iragan horri egin nahi dio so Beran prestatu duten antzezlanak, hain zuzen ere; harri artean etorkizun hobe baterako haziak erein ahal izateko, ordea. Horregatik, 1936ko gerra giroan hasten den obra horrek gaur egunera arteko bidaia egiten du, asmo jakin batekin: “Gogoeta piztu nahi dugu ikus-entzuleengan; jakin-mina piztu gertatu zenari buruz, ezagutzeko, zabaltzeko, ez ahazteko, eta, noski, ez errepikatzeko”, azaldu du Taberna Irazokik.
Asmoa hori zelako erabaki zuen Araitz Bizkai Villanuevak proiektuarekin bat egitea. Obran protagonista nagusien artean bertze bat da musika, eta Bizkai Villanueva da sortzailea. Musikariak zuzenean ariko dira oholtza gainean, eta aktoreak, berriz, kantuan. Musikak ezartzen du kontakizunaren erritmoa. Obraren berri izan zuenean, halere, “zalantzak” izan zituen Bizkai Villanuevak, aitortu duenez. “Ez nuen sufrimendua adierazi nahi bakarrik, baina ohartu nintzen zauriak sendatzeko asmoz egindako lana zela, eta bat egin nuen”. Kontent da hartutako erabakiarekin eta musikak hartu duen tokiarekin: “Taldeko kide guztiek dute musika barruan, eta txoko guztietatik ateratzen da obran”.
Esther Carrizo Carreterorentzat, “benetako oparia” izan da aukera izatea Beran sortu den taldearekin lan egiteko. Adierazpen lana zuzendu du Carrizo Carreterok. Gorputzaren espresioa anitz landu dute prozesu osoan, eta balio izan du, urratsez urrats, Taberna Irazokik paperean jasotakoa modu batera edo bertzera moldatzeko. Bat-batekotasunak ere izan du bere pisua, taldeko kideek nabarmendu dutenez. “Egindako lan guztiak anitz irakatsi dit; Beran gertatutakoaz ikasi dut, bai eta hori baino anitzez gehiago ere. Esperientzia zoragarria izan da”, erantsi du antzerkigileak.
Ikasi duten hori nabarmendu dute aktoreek ere. Denek. “Elkar elikatu dugu; denon artean bete dugu espazio bat, baina nork bere txokoa izan du espazio horretan ere. Hagitz aberasgarria izan da”, erran du Maddi Irazoki Bertizek. Oholtzara igotzen diren aktoreetako bat da, bai eta lan plastikoaren egilea ere. Lehen esperientzia izan du Harritik hazia antzerkiaren esparruan, eta kontent da: “Esperientzia indartsua izan da; sekulako energia sortu da gure artean”.
Emakumeen energia nabarmendu du Aitziber Almandoz Larraldek. Andreek obran duten presentziak erakarri zuen, hasieratik; emozioen bidez lan egiteko aukerak ere bai. “Emozioen eta gorputzaren hizkuntza erabili dugu, eta haren bidez egin dugu bidaia 1936ko gerratik egungo errealitatera ailegatu arte. Eta konturatu naiz gauzak ez direla hainbertze aldatu, bihotzak berdin sentitzen duela”. Orain arteko lanak, gainera, “barruko emea” deskubritzeko eta azaleratzeko aukera eman diola erantsi du.
Amonari omenaldia
Nagore Orbeltzu Lakosterentzat, berriz, amona omentzeko aukera izan da Harritik hazia. Antzerkiaren mundua ez da berria irundarrarentzat, baina Beran sortutako obrak “barruan” zuen horri forma emateko parada eman dio: “Gerrari buruzkoa zela ikusita, emakumeek zuten indarra ikusita, amona etorri zitzaidan berehala burura, hark kontatutakoak. Ez ziren asko, baina beti hunkitu naute, eta beti sentitu dut egin behar niola omenaldi bat. Barruan zerbait nuela sentitzen nuen, nire eta amonaren arteko istorioak astintzen zidala barrua, eta lan honek eman dit aukera hori ateratzeko”.
Irungoa da Ainara Maia Urroz ere; gustura da orain arte egindako bidearekin. Gerardo Ros Etxague ere bai. Iruñekoa da, eta lagun baten eskutik ailegatu zen taldera. “Lagunak utzi, eta nik hemen jarraitzen dut”. Ez da damutu. Manex Zapiain Abuini, berriz, amak eman zion prestatzen ari ziren obraren berri. “Antzerkia ikasten ari naiz, eta bat egin nuen”. Ez da familiako kide bakarra. Eneritz arreba eta hainbat lehengusu eta lehengusina ditu taldeko kide: Kemen Ruiz Zapiain eta Ekhiñe eta Axuri Zapiain Arlegi ahizpak, hain zuzen ere.
Azken hori da taldeko kiderik gazteena. Bederatzi urte baino ez ditu. Oroitzen da hasieran sentitu zuen lotsarekin, baina haren arrastorik ez da jada. Eta kontent da aktorea. Ekhiñe ahizpa ere bai. Ikasitakoen artean, bi gauza nabarmendu ditu: “Batetik, herrian gertatu zirenen berri izan dut; ez nituen ezagutzen, eta uste dut jakin behar dugula gure herrian zer gertatu zen. Bertzetik, ikasi dut antzerkia ez dela bakarrik paper batean idatzitakoa ikastea eta erratea”.
Oihane Zelaieta Lazkano eta Eugenia Arriola Altzugarai ere kontent dira esperientziarekin. Arriola Altzugaraik euskara ere ikasten ari dela nabarmendu du. Berako Euskara Batzordeko kide da Arantza Zubieta Otxoteko, hain zuzen ere, bai eta taldeko kide ere. “Batzordekoa izanda, parte hartu behar nuela uste nuen. Hasieran kosta egin zitzaidan anitz, eta uztekotan egon nintzen, baina gai izan naiz, azkenean. Lehen aldiz paperari begiratu gabe aritu nintzenean, sekulakoa izan zen sentsazioa!”.
Emakumeen indarra aipatu du Zubieta Otxotekok, bertze behin. Eta agerikoa da indar horren eragina; oholtza gainean bertze elementu bat bilakatzen da, ia. Ukitu arte, ia. Indar hori lagun izan dute Lizar Elexpuru Mitxelenak eta Eneritz Zapiain Abuinek. Horixe nabarmendu dute: hasierako lotsak bazter utzi dituztela taldeko giroa lagun.
Denen artean osatutako proiektua dela berretsi du Ramon Albistur Marin zuzendariak, eta denen lana eskertu du. Entsegua ez da amaitu. Aktoreek eta musikariek beren tokia hartu dute, berriz ere, oholtza gainean. “Adi, emakumea, orain da tenorea, jaiki!”, oihukatu dute. Ozen. Indarrez.
Erein dute hazia. “Lur azpiko hazi iraunkor zabala, sekula inoiz galduko ez den sumendi naturala”. Harriak ere lore bilakatu nahi dituzte Berako herri antzezlana prestatu duten kideek. Gaur dute lehen saioa, 20:00etan, kultur etxean. Harritik hazia.