Oteiza batetik bertze Oteiza batera

Oteiza batetik bertze Oteiza batera

Edurne Elizondo

Edozein hiri ezagutzeko hamaika modu badira; Iruñea bisitatzeko bat izan daiteke hiriko eskulturei so egitea. Jorge Oteiza (1908-2003) artista oriotarrak egindako lanei erreparatu die hiriko udalak, hain zuzen ere, eta, aldi berean, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, ibilaldia egin du, eskulturaz eskultura, bizikletaz. Nahi duenak badu aukera bidea errepikatzeko: hiriko hainbat karrika eta plaza lotzen ahal ditu, Oteizaren obren bidez; Oteiza batetik bertzera. Hiriko paisaiaren parte bilakatu dira lanok jada. Eskultorearen ibilbidea sakonago ezagutu nahi duenak, gainera, Altzuzan du haren museoa.

GAZTELUKO PLAZA
Unitate hirukoitz eta arina

Iruñean, Gazteluko plaza izan daiteke bidea hasteko toki egoki bat. 1999. urtean jarri zuen udalak Oteizaren Unitate hirukoitz eta arina eskultura, Gazteluko plazan. Oteizak berak ikuskatu zituen obra bere tokian paratzeko lanak; han izan zen, artistarekin batera, Iruñeko orduko alkate Yolanda Barcina ere. Egun hotz bat zen, eta kafe bat eraman zioten Orioko eskultoreari. Barcinak berak eutsi zion katilua jartzeko platertxoari, Oteizak errazago har zezan. “Alkatea ari zaizu kafea hartzen laguntzen!”, erran zion norbaitek artistari. “Alkatea da?”, erantzun zuen Oteizak, harridura itxurak eta irri eginez.

1950. urteko lana da Gazteluko plazakoa, eta Oteizak hiperboloideari buruz egindako lehendabiziko azterketen emaitza da. Zilindroaren figura du ardatz, baina masa galduz doa; hutsa, finean, eskultura bilakatzen da lan horretan. Hori izan zen Jorge Oteizaren kezka nagusietako bat. 2004. urtean tokiz aldatu zuten eskultura, plazan gehiago sartu eta plazako giroarekin barneratzeko.

ASKATASUNAREN PLAZA
Korearra

Eskultura hau lan garrantzitsua da, adituen hitzetan, artista oriotarraren plastikaren barruan. Formari dagokionez, agerikoak dira erreferentzia figuratiboak, eta nabarmena da giza irudia: erabat definitua ez badago ere, hankak, gorputz enborra eta burua erraz identifikatzen ahal dira.

Hiltzeko zorian dagoen gizakia irudikatzen du, zehazki; barrutik hutsik da, eta besoak altxatuta eta eskuak garondoari helduak ditu. 1950. urtekoa da lana, gerra hotzaren garaikoa alegia.

UNIBERTSITATE PUBLIKOA
Saenz de Oizari omenaldia

1997. urtean hamar urte bete zituen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Urteurrena ospatzeko, hainbat eskultura jarri zituen unibertsitateak Arrosadiko campusean; haietako bat zen Jorge Oteizak Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagunaren omenez egindako lana. Hutsaren ideia funtsezkoa izan zen Oteizarentzat, eta NUPeko obra horretan nabarmena da hutsaren inguruko gogoeta eta lana. Saenz de Oizarekin harreman estua izan zuen Oteizak, eta arkitektoak egin zuen Altzuzan Orioko artistaren lanak gordetzen dituen museoaren diseinua.

FELIX HUARTE PLAZA
Omenaldia espirituari

1952. urteko lana da Felix Huarte plazakoa. Hiru zatik osatutako multzoa jarri zuen Oteizak hiriko txoko horretan. Gazteluko plazako obraren bidetik, zilindroa husteko eskulturen seriearen barruan dago. Oteizak Londresko Tate Galleryk antolatutako nazioarteko eskultura erakusketarako egin zuen obra. 1953an egin zuten erakusketa hori. Handik hainbat urtera, 1965ean, harriz garatu zuten Oteizaren proiektua Madrilgo etxe bateko lorategian jartzeko, batetik, eta, bertzetik, Iruñean. Iruñeko Udalak eta Felix Huarte ren familiak ordaindu zuten.

YAMAGUCHI PARKEA
Kubismoaren estilema hutsari omenaldia

Yamaguchi parkeko eskulturak ederki islatzen du Jorge Oteizak materiaren eta hutsaren inguruan egin zuen gogoeta lan osoa. Egituraren aldetik, lan sinplea da: metalezko oinarri baten gainean daude bi xafla bertikal eta zeihar. Oteizak espazioa husteko egindako lanaren emaitza da eskultura, hain zuzen ere. Artistaren prozesu horren amaieran, hutsa nagusitu zitzaion obraren materialtasunari, azkenean. Yamaguchiko lanak horixe islatzen du: hutsa gailendu dela, espazio irekia nagusitu dela. Lanaren jatorrizko pieza Jorge Oteiza fundazioak Altzuzan duen museoan dago; 1959. urtekoa da. Madrilgo Reina Sofia arte garaikideko zentroan ere bada erreplika bat.

ZIUDADELA
Odiseo deritzon gudari baten erretratua

Odiseo euskal gudari bilakatzen du Jorge Oteizak Ziudadelako lan horretan. Obra abstraktua da, eta indar sinboliko handikoa egilearentzat, adituek nabarmendu izan dutenez. Oteizaren kutxa hutsetako bat da Ziudadelakoa, hain zuzen ere. Ikerketa ildo horri 1957. urtean ekin zion artistak. Hutsari buruzko gogoeta da, berriz ere, lan horien ardatz. Altzairuzko hainbat xafla beltzek osatzen dute 1.500 kiloko obra.