Biltzaileak ikertzaile bilakatzeko asmoz

Biltzaileak ikertzaile bilakatzeko asmoz

Edurne Elizondo

Perretxiko biltzaile anitz, baina mikologo gutxi. Horixe da Gorosti natur zientzien elkarteak aldatu nahi duen errealitatea. Horretarako, 40 urte luzez egindako lanaren emaitza sarean jarri du, Navarra.observation.org webgunearen bitartez. Lau hamarkadatan herrialdean ikusitako perretxikoen berri ematen du webguneak, behaketa bakoitzaren kokapenarekin. 70.000 inguru dira, denera. 2.100 espezie baino gehiago identifikatu dituzte Nafarroan, baina gehiago badirela argi du Gorostiko Luis Garcia Bonak. Lanean jarraitzeko, ikertzaile bilakatu nahi ditu biltzaileak.

Biologia ikasi zuen Garcia Bonak. 1972. urtetik ari da mikologiaren esparruan lanean. Onddoen inguruan egin zuen tesia, hain zuzen ere. Nafarroan, mikologian doktore den bakarra da. 1992. urtean mikologiari buruzko atala sortu zuen Gorosti elkartean, ordura arte egindako lanari forma emateko. Ordukoa da lehendabiziko datu basea. Orain, Observado.org plataformarekin, bertze urrats bat egin nahi izan dute Gorostiko kideek: ezagutza zabaltzea da asmo nagusia.

Helburu hori betetzeko bidean, administrazioaren laguntzaren falta sumatu du Gorostik. “Gobernuaren babesa hagitz garrantzitsua litzateke guretzat; orain martxan jarri dugun plataformarentzat, adibidez, bultzada handia litzateke gobernuak bat egitea. Onddoak ikertzen jarraitzeko, halaber, gobernuaren parte hartzea hagitz lagungarria litzateke, bertzeak bertze hainbat tokitara joateko baimenak jaso ahal izateko”, azaldu du Garcia Bonak. Egin dituzte bilerak gobernuko kideekin, baina orain arte ez dute administrazioaren erantzunik jaso.

Observado.org plataforma Herbehereetan sortu zen; proiektuko arduradunen eskutik jaso zuten Gorostiko kideek parte hartzeko proposamena, eta onartzea erabaki zuten. “Hemen ez baitago antzeko deus”. Garcia Bonak Nafarroak mikologiaren esparruan duen aberastasuna zabaltzeko eta ikertzeko beharra berretsi du. Ez baita gauza bera perretxikoak biltzera edo onddoak ikertzera ateratzea mendira.

Kontrolik eza

“Biltzaile horiek ikertzaile bilakatuko balira, anitz irabaziko genuke”, nabarmendu du Gorostiko kideak. Gogoratu du mikologian doktore bilakatu zela arlo horretan ikertzailerik ez zegoelako, eta tristuraz onartu du gauzak ez direla anitz aldatu. Bai, ordea, biltzaileen artean. Arazotzat jo du perretxikoen salmenta eta hainbertze jende aritzea zeregin horretan. “Arazoa ez da nork bere etxean kontsumitzeko perretxikoak biltzea; ez ditugu onddoak galduko perretxikoak biltzeagatik; arazoa da mendia autoz betetzen dela, eta horrek kaltea eragin dezakeela. Salmentan, gainera, kontrolik ez da, eta horrek ekartzen du perretxikoen identifikazioan hutsak izateko arriskua. Gobernuak esku hartu beharko luke arautzeko, baina kontua da interes ekonomiko anitz daudela tartean, eta ez dute nahi”, salatu du Garcia Bonak.

Nafarroan identifikatutako 2.100 onddo espezie horietatik 500 inguru jan daitezke, baina 80 baino ez dira merkatura ailegatzen. “Biltzaileak espezie horiei egiten die so, baina bertze anitz daude”, nabarmendu du Garcia Bonak.

Bertze horiei buruzko interesa piztu nahi du Gorostik, orain, sarean egindako lanaren bidez. Biltzaileak ikertzaile bilakatu nahi ditu. Izan ere, edozeinek badu aukera Observado.org plataforma horretan parte hartzeko. “Nahi duenak badu aukera bere datuak plataformaren bidez partekatzeko, eta, aldi berean, bertzeenak ezagutzeko”, azaldu du Garcia Bonak.

Ezagutza zabaltzea da kontua, eta ezagutza hori elikatzea, aldi berean. Izan ere, urtean 15-30 onddo espezie berri identifikatzen dituzte Nafarroan. “Eta gehiago izanen dira”, zehaztu du Garcia Bonak. Urtero, halaber, hainbat onddo espeziek uzten diote perretxikoak emateari, Gorostiko adituak gaineratu duenez. “Onddoa lur azpian baitago; perretxikoa da biltzen duguna, fruitua. Oraindik anitz dugu jakiteko eta ikertzeko”.

Ezagutzeko grina ez zaio agortu Garcia Bonari. “Mendira joan, perretxikoak bilatu, aurkitu, argazkiak egin, identifikatu, sailkatu, ikertu… Hamaika aukera eskaintzen digu mikologiaren esparruak”, nabarmendu du biologoak.

Dakiena partekatzeko gogoz dira Gorostiko kideak. Horretarako, urriaren 16tik azaroaren 9ra, mikologia ikastaroa eginen dute. “Ikastaro praktikoa izanen da”, Garcia Bonak zehaztu duenez. Helburua izanen da perretxikoak ezagutzea, identifikatzea, sailkatzea. “Dena ez baita perretxikoak biltzea”, berretsi du Garcia Bonak. Ikertzaile bilakatzeko bidea hasi nahi duenak Gorostin badu aukera.