Gehiengoa mugitzeko trena

Gehiengoa mugitzeko trena

Edurne Elizondo

Mahai gainean jarraitzen du Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko abiadura handiko trenaren inguruko eztabaidak. Nafarroako lehendakariorde Manu Aierdik agerraldia egin du asteon, eta “hagitz haserre” eta “etsita” agertu da Espainiako Sustapen Ministerioaren jokabidearekin. Izan ere, AHTaren nafar korridorea eraikitzeko ituna eten, eta lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu zuen ministerio horrek, joan den astean.

Gobernuon arteko tirabirak ez ditu batere harritu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. “Iragarritakoa betetzen ari da”, nabarmendu du erakunde horretako kide Pablo Lorentek. Nafarroako egungo eta aurreko gobernuek, bai eta Espainiakoak ere, garraio eredu bera defendatzen dutela argi du Lorentek, eta agerian utzi du, abiadura handiko trena egiteko proiektuaz harago, Etxabakoizko geltoki berria egiteko Ugep udalerriz gaindiko eragina duen planari eustea dela AHTaren aldekoen asmo nagusia. “Plan horrek aurrera jarraitzen badu, abiadura handiko trena egin edo ez, azpiegitura horren aldekoek nahi dutena lortu izanen dute: kolpetik aberasteko bertze hirigintza proiektu bat”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Gogor kritikatu du Geroa Bairen jarrera, UPNk markatutako bide beretik aurrera egiteagatik, trenbidearen eta bertze hainbat auzitan.

AHTari eta Etxabakoizko udalerriz gaindiko eragina duen planari atea itxi nahi die Sustrai Erakuntza fundazioak, eta, horretarako, tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena aurkeztu berri du erakunde horrek jendaurrean. “Gehiengo sozialaren garraio beharrei eman behar zaie lehentasuna”, nabarmendu du Lorentek. Proposamen irekia da, eta herriz herri aurkezten hasi dira jada fundazioko kideak. Lorente Tafallan izan zen, atzo, prestatu duten planaren berri ematen; datorren astean, berriz, Altsasun (hilaren 26an), Tuteran (hilaren 27an) eta Iruñean (hilaren 28an eta 29an) izanen dira Sustrai Erakuntzako kideak.

Trenbideari buruzko bere proposamena egiteko ideia duela bi urte hasi zen mamitzen Sustrai Erakuntza fundazioa. Orduan, auzi horri buruzko ponentzia egiteko aukera aipatu zieten erakunde horretako kideek Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeei. “Geroa Baik, ordea, betoa jarri zion aukera horri”, gogoratu du Lorentek.

Mugikortasunaren inguruko lantaldea jarri zen martxan horren ordez, trena zehazki aipatu gabe, baina horrek ere ez du bere egin beharrekoa bete, Sustrai Erakuntzaren hitzetan: “Urtebete baino gehiago darama bilerarik egin gabe. Gobernuari eta parlamentuari ikerketak eskatu genizkien, baina ez dute deus egin”.

Uda baino lehen, jendaurrean agertu zen Sustrai Erakuntza fundazioa trenaren alde, garraio publiko eta sozialerako eredu egoki gisa. “Administrazioaren erantzunik jaso ez genuenez, gure proposamena prestatzeari ekin genion”, azaldu du Pablo Lorentek. Lan horren emaitza da fundazioaren tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena.

Gehiengo sozialaren beharrak aipatu ditu Lorentek. Garraioaren esparruan, egungo tren zerbitzua “eskasa” dela agerian utzi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak, hain zuzen ere, eta, beharrei erantzun ahal izateko, egungo azpiegiturak moldatu beharko liratekeela nabarmendu du. Helburua litzateke, betiere, herrialdeko hiri eta herrien arteko oreka bilatzea, eta, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik, “zerbitzu iraunkorra” eskaintzea. Orekari dagokionez, AHTak aurrera eginez gero, egun geltokia duten hainbat herrik lotura galduko lukete, tartean Tafalla.

Tafallan eta eskualde bereko bertze hainbat herritan Erdialdea Trenaren Alde izeneko plataforma jarri zuten martxan, hain zuzen ere, duela lau urte. AHTa egiteko proiektuak kalte eginen ziela ikusita, beren beharrak kontuan hartuko dituen zerbitzu baten alde aritu dira, geroztik, lanean. Espainiako Sustapen Ministerioak lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu eta gero, prestatutako mobilizazioei eutsi die plataformak. “Proiektuak aurrera egiten badu, erdialdean bizi garen herritarrok trenbiderako lotura zuzenik gabe geldituko gara, bai eta Tafallako geltokia erabiltzeko aukerarik gabe ere”, nabarmendu du Mauricio Olite plataformako bozeramaileak.

Urriaren 7rako manifestaziora deitu dute plataformako kideek, hain zuzen ere, egun duten zerbitzuari eusteko eta hobetzeko, Sustrai Erakuntza fundazioak egindako proposamenaren bidetik. Egungo egoera hobetzeko, hain zuzen ere, Europak zehaztutako zabalera izanen lukeen hirugarren errailaren alde egin du plataformak. Ezin dugu trena galdu lelopean prestatu dute urriko protesta. Iaz, adibidez, 50.000 erabiltzaile pasatu ziren Tafallako geltokitik. Erdialdeko 27 herrik bat egin dute plataformarekin.

“AHTarekin Tafallak galdu eginen luke; galduko luke erdialde osoak, galduko luke Sakanak, bai eta Erriberak ere. Eta Iruñeak ere bai. Etxabakoizko kolpez aberasteko hirigintza proiektua egiten badute, denok galduko dugu, denon diruarekin ariko liratekeelako gutxi batzuen interesen alde”, berretsi du Lorentek.

HAMAR URTERAKO PLANA

“2018tik 2028ra egiteko, tren publiko eta sozialaren aldeko apustua egiten dugu, garraiobide iraunkor, herritar eta demokratikoa delako”. Hori da Sustrai Erakuntza Fundazioaren apustua. Estatu mailako datuak jarri ditu mahai gainean, aldatu beharreko errealitatearen adierazgarri: “Bidaiarien %5 eta salgaien %3,8 baino ez dira mugitzen trenez”. Gehiago erran du: “Egungo tren sarea mantentzeko eta inbertitzeko erabilitako euro bakoitzeko, 60 xahutu dituzte abiadura handiko trenetan”, Sustrai Erakuntzak agerian utzi duenez; hau da: 60.000 milioi euro, azken 30 urteotan.

Sustrai Erakuntzak salatu du erabaki horrek ekarri duela salgaien tren bidezko trafikoaren %60 galtzea, azken hogei urteotan. Txostenak nabarmendu du AHTaren errentagarritasunik eza erakusten dutela datuek, eta Europatik ere eskatu diotela Espainiari, bertzeak bertze, azpiegitura proiektuak ebaluatzeko behatoki independenteak sortzeko.

ZERBITZUA

Gehiengoaren beharrei erantzuteko, lehentasuna distantzia motz eta ertaineko bidaiak direla erran du Lorentek; hau da, aldiriko eta eskualdeko trenek eskaintzen duten zerbitzua. “Asmoa da ondoko herrialdeekin zirkuitu bat osatzea, 05:00etatik 23:00etara etengabeko zerbitzua eskaini ahal izateko”.

Aldiriko zerbitzuak bi gune nagusi izanen lituzke: bat Iruñe inguruan, eta bertzea, berriz, Tutera inguruan. Aragoi (Espainia)-Tutera eta Altsasu-Araba eskualdeak lotzeko zerbitzua ere mahai gainean jarri du Sustrai Erakuntzak prestatutako proposamenak. Asmoa da Ebroko arana, Erribera, Erdialdea eta Sakana hobeki egituratzea.

Egungo geltokiak hobetzea eta bertze hainbat berri zabaltzea proposatu du Sustrai Erakuntzak zerbitzu hori eskaini ahal izateko. “Xedea da Nafarroako trenbidean izan diren geltoki eta geraleku guztiak berreskuratzea”. Aurten, adibidez, Pitillas, Lakuntza eta Bakaikuko geralekuak bazter gelditu dira. Horiek berriz ere martxan jartzeko asmoa agertu du Sustrai Erakuntzak, bai eta Berriozarren eta Iruñean geraleku berriak zabaltzekoa ere.

Bidaia luzeetan ere aldaketak proposatu ditu Sustrai Erakuntzak: Madril eta Iruñe arteko bidaien maiztasuna handitzea, eta egunean zortzi egitea; bai eta Donostia eta Bartzelona artekoena ere Iruñearekin bat egiten dute, egunean sei egiteko.

AZPIEGITURA BERRIAK

Egungo azpiegitura du oinarri Sustrai Erakuntza fundazioak prestatu duen proposamenak. Hori moldatzeko beharra badago, halere, eta erakundeak zehaztu ditu egin beharreko urratsak. Batetik, bidea bitan banatu behar dela agerian utzi du Sustrai Erakuntzak, trenak gurutzatu ahal izateko. Horrek aukera emanen du ibilbide osoan bide bikoitza egiteko. Bi bide horietan hirugarren errailaren teknologia ezartzeko beharra nabarmendu du fundazioak, europar zabalerako trenek ere pasatzeko aukera izan dezaten. Bertzetik, oraingo ibilbidea hesiz inguratzeko aukera jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean, abiadura handitzeko asmoz. Edonola ere, urrats hori egiteko ingurumenean izanen lukeen eragina “ongi aztertzeko” beharra nabarmendu du, eta animalientzako pasabideen alde egin du, beharra dagoen tokietan.

SALGAIAK

Abiadura handiko trena egiteko proiektuak ez du salgaiak garraiatzeko aukera jasotzen. Hori “ezinbertzekotzat” jo du Sustrai Erakuntza fundazioak, ordea. Lorentek Volkswagen enpresarekin gertatzen dena jarri du mahai gainean, egungo egoeraren adibide gisa: “Lantegitik egunean 50 kamioi ateratzen dira, eta hiru tren. Gure proposamenaren bidez, lor dezakegu kamioi horiek guztiak ateratzea errepidetik; berdin gertatuko litzateke bertze hainbat enpresaren kasuan”, azaldu du.

Proposamenak jasotzen du hainbat tokitan salgaiak trenbide sarera eramateko loturak jartzea, zehazki Tuteran, Castejonen, Tafallan, Noainen, Landabenen eta Altsasun. Noainen, asmoa da trenbide sarea garraioaren hiriarekin lotzea, “hango salgai guztiak trenez garraiatu ahal izateko”.

Lorentek gogoratu du AHTaren aldekoek Europak ezartzen dituen arauak betetzeko beharra nabarmendu dutela. Izan ere, Sustrai Erakuntzak 575 metro luze diren trenak erabiltzeko aukera jasotzen du bere proposamenean. “Europak dio 750ekoak behar dutela izan; arazo hori bagoi gehiago jarrita konpon dezakegu, lasai aski”, azaldu du Lorentek. Egungo errealitatearen berri ematen duen datu bat aipatu du, salgaiak trenez garraiatzeko beharra nabarmentzeko: “Gaur egun, salgaien %1 baino ez da mugitzen herrialdean garraiobide horren bitartez”.

Tren publiko eta sozialaren aldeko proposamenaren bidez, garraioarekin lotutako auzi bat baino gehiago jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean. Horixe nabarmendu du Lorentek: “Giza harremanak, harreman ekonomikoak eta ingurumenari buruzkoak ulertzeko modua dago jokoan. Hori da benetako aldaketarako oinarria”.