Abel Azkonak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi zuen joan den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.
Abelek berak ere honelako ekintza egitearen ondorioz nolako tratua izanen zuen ez zuen jakinen, seguruenik, eta bere gain hartu zuen aldarrikapenaren arriskua. Abelek emandako azalpenen arabera, bortitz eta zakar tratatu zuten udaltzainek. Aldarrikapenaren errepresioa ohiko kontua da gure herrian, eta hizpide azken bolada honetan, muturreko eskuinak legeak ezartzen dituen zigorrak gogortu nahi dituen honetan, Isilarazteko Legearen bitartez, nahiz tokian tokiko udal ordenantzen bitartez.
Abel Azkonari elkartasun osoa agertu nahi dio Steilas-ek, hezkuntza publikoarekin erakutsi duen konpromisoagatik, publikotasunaren garrantzia nabarmentzeagatik. Ez da bere interes pertsonalengatik eginiko ekintza, hausnarketarako deia da, bai eta ikasketa artistikoek bizi duten egoera tamalgarriaren salaketa ere. Sare publikoan goi mailako diseinu ikasketak egiteko biluzturiko oihuaz baliatu da.
Hezkuntza Departamentuak gaiari behar bezala heldu behar lioke, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroa dela, Kantabriarekin batera, hezkuntza publikoan honelako goi mailako ikasketak eskaintzen ez dituen erkidego bakarra. Egoera honen atzean ikasketen pribatizazioa dagoela jakitea guztiz lotsagarria da, baina berau UPN eta PPren hezkuntza politikaren ikurra da. Alfonbra gorria eskaintza pribatuari, kontzertinak publikoari.
Iruñeko Arte Eskola Publikoan goi mailako ikasketak egiteko hamar urte luzeko aldarrikapenaren aurrean gaude, baina administrazioak ez entzunarena egin du behin eta berriro. Orain, hauteskunde atarian gauden honetan, Correllan eskainiko direla eman dute aditzera, kontuan hartu gabe berri honek ez dituela asetzen ikasleen beharrak (gehiena Iruñerrikoa da). Beste behin ere UPNren agintekeriaren aurren gaude, bere feudoan, Corellan bertan eta inguruan, botoak mantentzearren. Iruñeko Arte Eskolako ikasleek euren protesta departamentura eraman dute, eta sare publikoan ikasteko aldarrikapena nabarmendu dute, bai eta Abel Azkonarekiko elkartasuna ere. Polizia Foralak aterarazi ditu. Berriro errepresioa.
Arazoaren jatorrira joan behar dugu, eta dei publikoa egin nahi diogu maiatzeko hauteskundeen ondorioz gobernuaren ardura hartuko duen alderdiari benetako lana egin dezan ikasketa artistikoen alde, LOMCEk ikasketa hauek iraintzen ditu, eta orobat, sare publiko osoa sendotzeren alde. UPNren utzikeria begi bistakoa da; erakutsi duen kudeaketa txarra asaldagarria.
Biluztasuna genero artistiko dela gogorarazi digu Abelek; artean biluztasunak erakutsi du obra egin den garaiarekin zerikusia duela, estetikaren estandar sozialekin, garaiaren moralitatearekin. Biluztasuna zilegi da museoaren lau pareten artean erakusten denean, baina karrikan denean erreprimitzen da. Ez da onartzen gorputza erabiltzea protestak gauzatzeko, gorputzean bertan grabatzea geure aldarrikapenak. Kultura judu kristauan “jatorrizko bekatuaren” sinboloa da biluztasuna, baina gure ikuspuntutik berau ez da bekatu iturri, ez baita zuzena eta zilegi den jokabidetik aldentzen; aitzitik, Abel Azkona lurrean ikusteak, biluzik, udaltzainez inguraturik, zirrara sorrarazten digu. Irudi hauek bestelakorik dakarkigute burura, hots, ez gaituztela kalean ikusi nahi gure eskubideen defentsan. Kalea denona eta denontzat den uste sendoa dugulako, gure kaleetan agertzen segituko dugu, biluzik edo jantzirik, espazioak okupatuz, oihu eginez.