Bi aste falta dira oraindik, baina Maite Inda (Iruñea, 1981) hasia da ekitaldi handien aurreko urduritasuna nabaritzen. Galtzak bete lan dabil Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaria, azken xehetasunak prestatzen.
Zer ikusiko da hilaren 25ean Anaitasunan?
Euskararen aldeko ikuskizun berezia izanen da. Ezohikoa eta berritzailea. Ez da ekitaldi politiko bat izanen, ezta manifestazio bat ere. Eneko Olasagasti zinema zuzendariarekin lan egin dugu, ekitaldi metaforiko eta emozionala sortzeko, eta ohiko parametroetatik ateratzea izan da erronka nagusia. Foku anitzeko ikuskizuna izanen da, eta argi islatuko du gu garena: ez gara alderdi politiko bat, ezta lider bat ere… Herritarrak gara, jendea, eta, hortaz, harmailetan egonen da ikuskizunaren arretagune nagusia. Oro har, zirraraz beteriko ordubete pasatxo izanen da.
Zergatik ikuskizun bat eta ez manifestazio bat?
Nafarroan euskarak pairatzen duen egoera dela eta, ekinbide berezi bat antolatzeko garaia zela pentsatu genuen Kontseiluko hainbat kidek. Baina ekitaldiaren jatorria 2009. urtean dago. Urte hartan, Kontseiluko sei bazkide hasi ziren biltzen —Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz eta Topagunea—, Nafarroako Gobernuaren azken erasoei aurre egiteko. Izan ere, krisiaren aitzakia baliatu zuen UPNk, torlojuari beste buelta bat emateko: euskarazko hedabideentzako diru laguntzak zerora murriztu zituen, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako diru saila ere izugarri txikitu zuen… Horrek itolarri sentsazioa areagotu zuen gure bazkideen artean, eta hausnarketa prozesua abiatu zuten, erantzun bateratua emateko.
Nolakoa izan zen prozesu hori?
Lehendabiziko fasean, egoeraren irakurketa bateratua egin genuen, eta diagnostikoa oso argia zen: Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak aldatzeko, behar-beharrezkoa da indar metaketa. Hausnarketa horren lehen fruitua 2010eko manifestazio itzela izan zen. Euskaraz bizi nahi dut leloa plazaratu genuen manifestazio horren karira, eta arrakasta izugarria erdietsi zuen. Ordutik, bide propioa egin du leloak Euskal Herri osoan. Hala ere, manifestazioak utzi zigun ondorio argienetako bat izan zen protestaren esparrua gainditu behar genuela; kalea hartzea beharrezkoa dela, baina eragileen arteko elkarlanak harago joan behar duela. Hor kokatzen da Anaitasuna kiroldegian eginen dugun ekitaldia, besteak beste.
2010ean manifestazio erraldoia egin zenutenetik bost urte igaro dira. Egoera aldatu al da?
Urte hartan kalera ateratzeko genituen arrazoiak ez dira desagertu; aitzitik, areagotu egin dira. Horregatik, beharrezkotzat jo genuen Nafarroako herritar euskaldunontzat ekitaldi sinboliko bat antolatzea, indarrak batu eta jarrerak trinkotzeko. Hainbestekoa da gure egunerokoan ematen diguten egurra, jendea apalduta dago. Etsituta. Baina, egoera iraultzeko, ezinbestekoa izanen da jendearen indarra. Horregatik, Anaitasunako ekitaldiak une emozional kolektiboa behar du izan, 1998an Sadarren sentitu genuenaren gisakoa, ondorengo egunetan ere jarrera indibidualak sendotzeko.
Hauteskundeen bezperan gaude. Hori ere kontuan izanen zenuten…
Ekitaldia antolatzeko garaian, ezin genuen faktore hori saihestu. Bi funtzio horiek uztartuko ditu: alde batetik, euskaldunon komunitatearen trinkotzea, eta, bestalde, aldaketa politikoa aldarrikatzea hizkuntzaren ikuspegitik. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskararen alde egin duena hain gutxi izanda, gobernu berri batek tentazioa eduki dezake makillaje apur batekin aldaketa irudikatzeko. Eta hori ez da guk nahi duguna edo euskarak behar duena.
Mezu zuzena indar politikoei.
Bai. Nafarroan aldaketa gauzatzeko giltzarriak zeintzuk diren adostu dugu, eta horiek Anaitasunan ere ikusi ahalko dira. Interpelazio zuzena eginen zaie alderdiei: urgentziazko neurri batzuk aurkeztuko dizkiegu, lau urteko legealdi batean gara daitezkeenak, euskararen aldeko lana galbidean gera ez dadin. Erroko aldaketak nahi ditugu hizkuntza politiketan, eta gure proposamena, euskalgintza osatzen dugun eragileon proposamena, argi eta garbi jarriko dugu mahaiaren gainean, inork aitzakiarik eduki ez dezan euskararen aldeko neurriak geroratzeko.
Oposizioko alderdiekin hitz egin duzue jada?
Oraindik ez, baina hurrengo astean abiatzekoak gara bilera erronda, eta orduan eskura emanen diegu gure proposamena. Apirilaren 25eko ekitaldiaren ostean, gainera, neurri horiek argitara aterako ditugu, eta edonork irakurri ahal izanen ditu.
Zer edo zer aurreratzerik bai?
Hizkuntzaren normalizazioa zedarritzen duten lau zutabeak dira gure proposamenaren oinarria ere. Lehen puntua plangintzari dagokiona da: hizkuntza politika orok planifikatua izan beharko luke beti, baina, Nafarroan, administrazioak ez du inoiz plangintzarik egin; hortaz, planifikazioaren atea irekitzea aldaketa historikoa izanen litzateke. Bigarren oinarria baliabideena da: orain artekoak ez dira aski izan, eta horiek handitzea eskatzen dugu. Hirugarren puntuan, esparru juridikoaz hitz egiten dugu: hizkuntza bat normaldu nahi duen administrazio batek corpus juridikoa eraiki behar du horretarako, baina egun indarrean den Euskararen Legeak ez dio normalizazio nahi bati erantzuten. Azkenik, laugarren zutabea herri gogoarena da: Nafarroako Gobernuak ez ditu inoiz jendearen eta euskararen arteko loturak indartu, ez du atxikimendu hori sustatu. Zutabe horietan guztietan aldaketak ematen badira, jauzi kualitatibo nabarmena emanen dugu euskararen normalizazioan.
Memoria kolektiboan iltzaturik gelditu diren ekintza esanguratsu asko antolatu ditu Kontseiluak. Bai euskarari ekitaldia 1998an, Euskaraz bizi nahi dut manifestazio jendetsua 2010. urtean… Mailari eutsi beharrak urduri jartzen al zaitu?
Halako ekintza erraldoiak planteatze soilak bertigoa ematen du, bai, baina hori ona da! Nafarroan, gainera, oso modu indartsuan nabaritzen da hori guztia. Jendeak euskararekiko dituen atxikimendua eta grina oso inportanteak dira, eta, beraz, benetan sentitzen duzu egiten ari zaren hori ez dela erakunde batzuen lanaren ondorio hutsa, baizik eta jendearen bultzadaren fruitua. Ziur nago hilaren 25eko ekitaldia ere gisa horretakoa izanen dela, ilusioa pizteko modukoa, eta Anaitasuna txiki geldituko zaigula. Giharra aterako dugu euskaldunok.
Euskararen Legearen erreforma onartu zenetik bi hilabetera eginen duzue ekitaldia. Alde horretatik ere, une esanguratsua…
Oso esanguratsua. Guk poz handiz hartu genuen legearen aldaketa partziala, batez ere, orain arteko egoera etsipenez bizi izan duten gurasoengatik. Izan ere, guraso askok uko egin behar izan diote euren txikiak euskarazko ereduetan matrikulatzeari, eta hautu hori ez dute borondatez egin, egoerak behartuta baizik. Hortaz, euskararen legearen aldaketa ona izan da, pertsona horiei arindu eginen zaielako eguneroko bizimodua. Hori guztia esanda, erreforma ez da nahikoa. Euskararen Legea ez da funtsean aldatu, nafarron eskubideak bizilekuaren arabera aitortzen direlako. Nafarroako Gobernuarentzat, ez da gauza bera leitzarra edo tuterarra izatea, eta hori ez da bidezkoa. Ezinbestekoak dira erroko aldaketak, eta Anaitasunan aurkeztuko dugun proposamena bide horretatik doa.
D eredua ezartzeko lehen eskaerak egin dituzte Villatuertan eta Abartzuzan, baina Nafarroako Gobernuak uko egin dio lerro berriak zabaltzeari. Lehengo lepotik burua?
Bistakoa da UPNk ez duela bere hizkuntza politikan atzera egiteko inolako asmorik, legearen erreforma hau ez baita haiek proposatutakoa izan. Herritarrek urtetan egindako lan eskergaren ondorioa izan da, ez agintarien borondatez sortutako araua. Hortaz, borondaterik ez duen gobernu batek nekez aplikatuko ditu arrotz zaion lege batek ezartzen dizkion neurriak. Nabarmentzekoa da, hala ere, orain arteko legeak ere ez zuela euskararen irakaskuntza publikoa debekatzen. Ez zuen D eredua eremu ez-euskaldunean ezartzera behartzen, baina debekatu ere ez zuen egiten. Hor hutsune legal bat zuen UPNk euskarazko irakaskuntza ezartzeko, baina ez zuen baliatu. Borondate kontua izan da beti. Horrexegatik proposatzen dugu corpus juridiko sendo bat, eskubideen gauzatzea unean uneko interes politikoen menpe egon ez dadin.
Erabaki politikoez gaindi, elebidunen erabilera mailak ere baldintzatzen du hizkuntzaren egoera. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, eremu ez-euskaldunean bai, baina mendialdean behera egin du erabilerak. Zer deritzozu?
Irakurketa hori okerra dela. Mapa soziolinguistikoaren emaitzek argi gehiago zituzten itzalak baino, baina elementu txarrei erreparatzeko ohitura dugu. Urte hauetan guztietan jarri dizkiguten zangotraba guztiak aintzat hartuta, Iruñerrian eta eremu ez-euskaldunean euskarak gora egin izanari aurrerapauso galanta deritzot. Datuek argi erakusten dute hemen dugun potentziala: herritarren borondateari esker hamaika proiektu gauzatu ahal izan dira, jendeak bere etxea hipotekatu du ikastola bat eraikitzeko, bere poltsikotik ordaindu ditu euskararen aldeko proiektuak… Bestalde, egia da erdara gero eta gehiago ari dela hedatzen eremu euskaldunetan, baina hori ez da hiztunen utzikeriaren ondorioa, baizik eta hizkuntza politika konkretu batek eragindako errealitatea.
Leave a Reply