Edurne Elizondo
“Zenbat min, zenbat oinaze dago liburu honetan!”. Horixe erran du emakume batek, Joxe Lacalle Uharte (Etxauri, 1951) argazkilariaren Memorias de Lacalle lanaren aurkezpenean (Txalaparta, 2017). Egin, Egunkaria eta bertze hainbat mediotan aritu zen urte luzez Lacalle. Karrikan. “Borroka egiten zutenen ondoan”. Bada mina, baina bada lana, duintasuna eta besta ere. Garai baten memoria osatu du argazkilariak.
Urte luzez egindako lanaren emaitza jaso duzu liburu batean. Zer da argitalpen hori zuretzat?
Aspaldiko ametsa egia bilakatzeko aukera eman dit. Beti izan dut nire argazkiekin liburua osatzeko ilusioa, eta azkenean lortu dut. Lan horren bidez badakit nire argazkiak jende askoren gogoan geldituko direla betiko, eta horrek poz handia ematen dit. Erretiroa hartu nuenean, liburu hau osatzea zen nire helburua. Bizi izandakoa gogoratzea garrantzitsua da; karriketan bizi izandakoak gogoratu behar ditugu, eta gazteek ere jakin behar dute aurretik zer gertatu zen.
Herrialdean urte luzez gertatu denaren lekuko dira zure argazkiak. Garai baten memoria?
Bai. Esaten ohi den bezala, hobe irudi bat mila hitz baino. 400 argazki baino gehiagoren bidez istorio asko kontatu nahi ditut nire liburuan. Izan dut aukera gustura azaltzeko esateko nuena, irudi horien bitartez. Nik nahi izan ditudan argazkiak sartu ditut; nik aukeratu ditut gaiak, argazkilari gisa ezagututako errealitate horien berri emateko: emakumeen borroka, Bardeako tiro eremua, intsumisioa, Itoitz, manifestazioak… hamaika gai daude.
400 argazki baino gehiago jaso dituzu, milaka irudiren artean. Denak gordetzen dituzu?
Bai. Dena gordetzen dut. Negatibo guztiak ditut. Egin itxi zutenean, nire artxiboa Iruñeko delegazioaren egoitzan zegoen. Lortu nuen berreskuratzea, abokatuaren bidez, legez argazkilarionak direlako negatiboak. Epailearen baimenarekin atera ahal izan nituen guztiak. Hamaika kutxa atera nituen handik. Oroitzen naiz joan ziren guardia zibiletako batek esan zidala gustura ikusiko zituela nire argazkiak afari bat eginez. Ezetz erantzun nion, noski, ez zituela ikusiko, eta are gutxiago afari batean.
Negatibo horien artean denbora anitz eman duzu liburua osatzeko?
Bai. Garbitu behar izan ditut denak lehendabizi, gainera, digitalizatzeko. Xanpuarekin! Etxea hankaz gora jarri dut. Komunean zintzilikatzen nituen negatiboak lehortzeko!
Beti egin duzu lan negatiboekin?
Bai. Egunkaria-n, azken garaian, negatiboentzako eskanerra erabiltzen nuen. Baina argazki-filmekin aritzen nintzen beti. Kamera digitala erosi nuen gero, halere.
Izan zenuen lehendabizikoa gogoratzen duzu?
Bai, noski. 1970eko hamarkadan, Nicolas Ardanaz izeneko argazkilaria aritzen zen Iruñean. Nire aitaren laguna zen, eta haren bidez hasi nintzen, 1972an. Nire lehendabiziko kamera Zenit markako kamera errusiar bat izan zen. Kamera horrekin hasi nintzen Ardanazekin. Gehiago ikasi nahi nuen, eta hasi nintzen posta bidezko ikastaro bat egiten. Halere, argi nuen ikasteko modurik onena argazkiak egitea eta errebelatzea izanen zela, eta hori egin nuen. Etxean aritzen nintzen. Lehendabiziko argazkiak bota behar izan nituen, oso txarrak zirelako!
Argazkilari bilakatu aurretik, hala ere, ostalaritzan aritu zinen, ezta?
Bai. Gurasoek taberna zuten Jarauta kalean. Lacalle taberna. Haiek laguntzen aritzen nintzen, eta, gero, ezkondu nintzenean, nik hartu nuen negozioa, 1974an. Gure taberna izan zen legeztatu zutenean ikurrina jartzen lehendabizikoa.
Zure liburuak garai horretako memoriak ere ekarri nahi ditu gogora. Nolakoa izan zen garai hori zuretzat?
Hamaika istorio gertatu zitzaizkigun han. 1978an, adibidez, Kristo Erregeren Gerrilariak etorri ziren. Emaztea haurdun zegoen. Atea hautsi, eta tabernan sartu ziren, borrekin eta pistolekin. Telefonoz ere hamaika mehatxu jaso genituen. Ez nituen serio hartu, baina 1979. urtean bonba jarri ziguten tabernan. Gizon bat sartu zen, bi ardo eskatu, eta edan gabe komunera sartu zen. Hasieratik susmo txarra hartu nion, are gehiago ordaindu eta gero bederatzi pezeta han utzi zituenean. Komunera joan, eta poltsa bat ikusi nuen. Zabaldu, eta kableak ikusi nituen. Taberna hustu nuen, eta Poliziari eman nion abisua. Artezilari batek hartu zuen poltsa, eta lehertu egin zitzaion ateratzen ari zenean.
Nork jarri zuen?
Accion Nacional Española izeneko taldeak aldarrikatu zuen erasoa. Hori zen Batallon Vasco Español taldeko adar bat. Egun hartakoak fresko ditut gogoan, baina, batez ere, auzoko lagunen erantzuna dut gogoan.
Haien babesa jaso zenuen?
Bai. Sekulakoa izan zen. Auzolanean aritu ziren denak lehergailuak eragindako kalteak konpontzeko behar genuen dirua lortzeko. Auzo Elkartea, beste tabernatakoak, bizilagunak… mundu guztia zegoen laguntzeko prest. Bi hilabetez itxi behar izan genuen taberna, baina denen artean konpondu ahal izan genuen.
Taberna utzi zenuen azkenean, halere, argazkigintzaren aldeko apustua egiteko.
Bai. Lehendabizi denda zabaldu genuen. Bataioak, ezkontzak eta gisakoak egiten nituen. Baina ez zuen luze iraun. Eta hasi nintzen prentsan lanean. Egin egunkaritik deia jaso nuen. Eta baiezkoa eman nion. Haiekin hasi nintzen 1988. urtean. Denda baino gehiago gustatzen zitzaidan niri prentsaren mundua. Egin itxi zutenean, Egunkaria-n hasi nintzen. Argia aldizkariarentzat ere egiten nituen kolaborazioak, besteak beste.
Hedabide horien eskutik, kalean egon zinen zure kamerarekin. Zer oroitzapen duzu?
Garai bizia izan zen hura. Ez zen beti samurra. Polizia atzetik izaten nuen beti. Ezagutzen ninduten, eta markatuta nengoen. Aldi berean, kaleetan ez nintzen inoiz bakarrik sentitu. Beti izan dut kaleko jendearen babesa. Eta nik hor egon nahi nuen, kalean, langileekin, manifestazioak egiten zituztenekin, borroka egiten zutenekin.
Argazkiren bat ba al duzu, bereziki, gogoan?
Badut bat gogoan, oso gogorra izan zelako niretzat, oso tristea. 1995. urtean istripua izan zen Tebas-Muru Artederretako harrobian. Bi langile hil ziren. Goiz osoa eman genuen han, noiz aterako zituzten zain. Eta unea ailegatu zenean, gorpuak atera zituztenean, haien aurpegiak ikusi ahal izan nituen. Oso gogorra izan zen niretzat. Argazkia, egin, egin nuen, baina ez nuen argitaratu nahi izan.
Kalean izan zinen lanean, bai eta erakundeetako korridoreetan ere. Nolako harremana zenuen agintariekin?
Miguel Sanzekin, adibidez, oso harreman ona. Prentsaurrekoak hasi aurretik, gobernuaren egoitzako pasabideetan, zigarreta erretzera ateratzen zen, eta , askotan, ondora deitzen ninduen. Harekin egoten nintzen zigarreta erretzen eta hizketan. UPNko kideekin beti izan dut harreman ona. PSNkoek, ordea, ez zidaten hitzik ere esaten. Gutxirekin izan dut harremana. Yolanda Barcinarekin ere izan nuen harremana. Behin, sanferminetan, udaletxe barruan nengoen argazkiak egiten. Zapirik gabe nintzen, oraindik ere, eta bera etorri zitzaidan lepoan bat jartzera. Oraindik gordeta daukat.
Zailagoa izan da harremana kazetariekin?
Nik uste dut kazetariek gutxiesten dutela, neurri batean, argazkilarion lana. Bigarren mailako elementu bilakatzen dute argazkia, askotan. Beste modu batera egin daitekeela uste dut. Argazkia gehiago hartu behar dela kontuan. Noski, lan egiteko moduak asko aldatu dira. Ni Egin-en edo Egunkaria-n aritzen nintzenean, argazkiak errebelatu eta autobusez bidaltzen genituen, 17:00etako autobusean! Korrika ibiltzen ginen beti.
Hedabide ezberdinetako argazkilarien arteko giroa nolakoa izan da?
Oso ona beti. Ni jada ez naiz lanean ari, baina Nafarroako Argazki Kazetarien Elkarteko presidente naiz, oraindik ere. Beste argazkilariek ez dute nahi alde egitea. Eta ni kontent!
Gogorra izan zen zuretzat argazkilari lana uztea?
Bai. Ni gustura nengoen. Egunkaria-n egondako denboraz, adibidez, oso oroitzapen onak ditut. Argazkigintza izan da beti nire ofizioa, eta nire afizioa ere bai. Saiatu nintzen jarraitzen, baina Egin egunkarian aritu izanak ate asko itxi zizkidan. Inoiz ez dut ezkutatu ezker abertzalekoa naizela, eta horrek izan du eragina.
Ostalaritzan hartu duzu erretiroa, azkenean. Jarraitzen duzu argazkiak egiten?
Bai, noski. Kamera ez dut inoiz utziko. Kamera digitalarekin aritzen naiz, baina bai eta analogikoarekin ere. Orain, adibidez, paisaiak egitea asko maite dut. Urtero joaten naiz Iratira. Aurten huts egin dut! Paisaia lantzen hasi naiz, adibidez, tripodea erabiltzen. Arraroa da, kalean beti ibili bainaiz kamera eskuan helduta. Oraindik ere maite dut, adibidez, Maiatzaren Leheneko edo Martxoaren 8ko protestetako argazkiak egitea. Ez dut ohitura hori galdu.
Durangoko Azokan izanen zara?
Bai. Abenduaren 6an eta 7an. Han izanen naiz nire argazkien istorioak entzun nahi dituen edozeinentzat.