Mozal guztien gainetik

Mozal guztien gainetik

Kazetariak dira; ‘La Haine’ eta ‘Ahotsa.info’ hedabideetako kolaboratzaileak, Iruñean. Lan horrek eta sare sozialetan zabaldutako beren iritziek epaileen jomugan jarri dituzte Ruben Ollo eta Jorge C. ‘Boro’. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuen gaur Ollok, baina ez da joanen.

Edurne Elizondo

 

Jorge C. ‘Boro’: “Erasoek erantzun irmoa jaso behar dute”

Gogorra da. Egunerokoan eragiten dizu. Ingurukoak kezkatzen dira, eta ekartzen duen zama ekonomikoa ere ez da nolanahikoa. Egoera horri aurre egin behar izatea, jada, bada zigor bat; inork ikusten ez duen zigorra, alegia. Nik, halere, orain arte bezala jarraitu bertze asmorik ez dut. Argi baitut ez dudala deliturik egin. Idaztea delitu bat da? Nire iritzia eman, eta kazetari lana egin dut; ez bertzerik”.

Jorge C. Boro kazetariarenak dira hitzak. Azaroan, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten, 2014. urtean Armiarma operazioaren bigarren fasean atxilotu eta gero. Sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzi zioten. Fiskalak urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Bororentzat, bai eta hamabi urteko inhabilitazio zigorra ere. Sententziaren zain da.

Bertze epaiketa baten zain ere bai. Apirilaren 16an eginen dute, Madrilgo Justizia Auzitegian: sei urteko espetxe zigorra eskatu dute kazetariarentzat, aginteari atentatua egitea eta bi poliziari lesioak eragitea egotzita; bai eta 6.200 euroko isuna ere. Apirileko epaiketa eragin duten gertaerak 2014ko martxoaren 29an jazo ziren, Madrilen, astebete lehenago egondako duintasunaren martxen testuinguruan egindako protestetan.

“Martxoaren 29an, manifestaziora deitu zuten monarkiaren aurka. Hasi ere ezin izan zuten egin, Espainiako Poliziak bazterrak hartu zituelako, eta jendeari oldartzen hasi zelako”, gogoratu du Borok.

Alde egitea erabaki zuen. “Autorako bidean, hainbat polizia ikusi genituen jendearen atzetik korrika. Hurbiltzea erabaki genuen. Polizia nire laguna bultzatzen hasi zen, eta, ondorioz, erdian jartzea erabaki nuen. Ailegatu bezain pronto, polizia batek bultza egin zidan. Grabatutako irudietan eskuak altxatuta ageri naiz. Poliziak lurrera bota ninduen. Kazetari gehiago etorri ziren, eta haiei ere eraso egin zieten. Poliziek bazekiten kazetariak zirela, kreditazioa bazuten, eta kamerak eskuetan. Bertze kazetariak handik eraman zituzten, eta niri eskuburdinak jarri. Lotua nintzela, polizia batek begian jo zidan ukabilkada bat”. Boro epaituko dute, ordea, aginteari atentatua eta lesioak egitea egotzita.

Kazetariak argi du bere kontrako auziak lotuak direla; hau da, ez dela kasualitatea Madrilgo protestengatik atxilotu eta gero Armiarma operazioan auzipetu izana. “Nirea, gainera, ez da gisako kasu bakarra. Uste dut zigor aurrekariak izatea bilatzen dutela”. Alfredo Remirezen auzia aipatu du kazetariak, hain zuzen ere; jaietan preso baten irudia zuen panpina bat ateratzeagatik dago kartzelan. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009an ezarri zion urtebeteko espetxe zigorra Amurrioko (Araba) gazteari, baina, bi urtetik beherako zigorra zenez, ez zuen bete behar izan. Ordea, bost urte baino lehen bertze delituren bat eginez gero, preso sartzeko aukera zuen. 2017ko otsailean Armiarma operazioan jarritako zigorra baliatu dute orain hura espetxeratzeko —urte eta erdira zigortu zuten otsailean, sare sozialetan “terrorismoa goratzea” egotzita—. Auzitegi Nazionaleko lehen zigor sekzioaren arabera, 2012an, 2013an eta 2014an egin zuen delitua Remirezek, eta, lehen zigor epaia 2009koa denez, bost urteko epea pasatu gabe legoke. Azaroan espetxeratu zuten Remirez.

Ideologia jomugan

Armiarma ez da polizia operazio bat; operazio mediatiko bat da”, salatu du Borok. 76 auzipetuak banaka ari dira epaitzen. “Bakartuta sentiarazi nahi gaituzte. Operazio hori, eta gisako bertzelako guztiak, adierazpen askatasunaren kontrako erasoak dira”. Ideologia askatasuna eta informazio eskubidea “kolokan” direla argi du. “Gure iritziengatik espetxeratu nahi gaituzte, ideologia zehatzen aurka egin nahi dutelako. Izan ere, eskuin muturreko sektoreek erabateko adierazpen askatasuna dute; ez hori bakarrik: haiek egiten dituzten erasoak inolako zigorrik gabe gelditzen dira”.

Gertatzen ari dena “hagitz larria” dela nabarmendu du Borok. “Politika bazter uzten ez duen edonor izan daiteke Armiarma operazioaren gisakoen edo edozein salaketaren biktima”. Erasoa boterearentzat eroso ez diren hedabideen eta gizarte mugimenduen kontrakoa dela erantsi du kazetariak. “La Haine-k azken hamazazpi urteotan lan egin du informazioa zabaltzeko gizarte mugimenduetatik, eta salatzeko, bertzeak bertze, polizien indarkeria. Gure hedabideari eta, finean, herri oso bati jarri nahi diote mozala”.

Horregatik, neurri batean “etsita” dago Boro, uste baitu gertatzen ari denak ez duela jaso behar den erantzun sendoa. “Nik jende askoren elkartasun mezuak jaso ditut; kazetari askorenak ere bai; baina uste dut zenbait hedabidetan azalean gelditzen ari direla gaia aztertzerakoan, eta kazetaritzaren esparrutik adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako erasook erantzun irmoago bat jaso beharko lukete”.

Apirileko epaiketaren zain, hain zuzen, auziaren berri zabaltzeko kanpaina egiteko asmoa dute Borok eta La Haine-ko kideek. Madrilgo Justizia Auzitegian gertatzen ahal denari buruz, kazetariak gogoratu du Madrilen 2014ko martxoaren 29an gertatu zenari buruzko hamaika bideo badirela, eta irudiek, bai eta lekukoek ere, bere alde egiten dutela, zalantzarik gabe. Lanean jarraitzeko prest da Boro, mozalen gainetik; inork mozala jaso ez dezan.

 

Ruben Ollo: “Ez diot zilegitasunik aitortzen auzitegiari”

Ez naiz joanen. Espainiako Auzitegi Nazionalari desobedituko diot. Uste dut erakunde hori salbuespenezko epaitegi frankista bat dela nire herriarentzat; ez diot inolako zilegitasunik aitortzen ez ni, ez nire herriko bertze inor epaitzeko”.

Horixe erran du, argi eta garbi, La Haine eta Ahotsa.info hedabideetako kolaboratzaile Ruben Ollok. 2017. urteko irailean, kaleko jantzitako lau guardia zibilek atxilotu zuten, etxetik atera zenean. “Sakelako telefonoa kendu ahal izateko egin zuten horrela”. Sare sozialetan terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzi diote. Gaur deklaratu behar zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Baina ez da joanen. Epaileen agindua ez betetzea erabaki du Ollok. Desobedientziaren alde egin du, “adierazpen askatasunaren kontrako erasoari” erantzuteko.

Ollok argi du desobedientziak izan behar duela bere kontrako salaketari eman beharreko “erantzun politiko eta soziala”. Onartu du, hala ere, egoerak “anitz gogaitzen” duela. Bere egunerokoan baduela eragina. Eta handia, gainera. “2012. urtetik ari dira sare sozialetako nire mezuak ikertzen; hamaika esparrutan aritu naiz militatzen, baina atxilotu naute, hain justu, nire jarduera apalagoa zenean”. Kezkatzen du familiaren, lagunen eta lankideen kezkak, bai eta gaurtik aurrerako ziurgabetasunak ere.

Espainiako Auzitegi Nazionalean ez deklaratzea erabaki eta gero, epaileek bere kontra har ditzaketen erabakiak hainbat izan daitezkeela azaldu du Ollok, hain zuzen ere: “Gerta daiteke berriz deitzea deklaratzera joateko; edo atxilotzeko agintzea, Iruñean edo Madrilen deklaratzera eramateko. Behin-behinean espetxean sartzeko agindua ere eman dezake epaileak”.

Kartzelan sartzeko erabakia epaileentzat ere “gehiegizkoa” izanen litzatekeela pentsatu nahi du Ahotsa.info eta La Haine-ko kolaboratzaileak, baina argi du ezin duela aukera hori baztertu. “Edozer gauza gerta daiteke”. Gaurtik aurrera “zain” egon beharko duela erantsi du, eta egoera ez dela batere samurra. “Bihar edo hilabete barru har ditzakete hartu beharreko erabakiak”, azaldu du Ollok.

Kazetariak ez du zalantzarik: “Operazio hau guztia gure kontrako mendeku bat bertzerik ez da. Gure hedabideen gisakoak isilarazi nahi dituzte”. Hedabideon bidez, hain zuzen ere, “errepresioaren berri emateko” lan egiten du Ollok. “Orain, errepresio horren erantzuleen mendekua jasaten ari gara”. Jorge C. Boro lankidearekin bat egin du, eta nabarmendu du bere kontrako auziaren bidez, bertzeak bertze, zigor aurrekariak izatea bilatzen dutela. “Zigor aurrekarien bidez, isilarazi egin nahi gaituzte. Gure eguneroko jarduera baldintzatu nahi dute”.

“Zaharrak berri”

Bere kontrako auziak eragindako ziurgabetasuna nabarmendu du Ollok. Bai eta babesgabetasuna ere. “Babesgabe” sentitzen dela aitortu du, baina argi utzi du “zaharrak berri” direla Euskal Herrian. “Babesgabe nago ni orain, duela 50 urte bertze anitz egon ziren bezala. Euskal Herrian halako erasoak ez dira oraingo kontua. Laborategi baten modukoa izan da gure herria beti”.

Argi du hemen aspaldiko kontu diren horiek “zabalduz” joan direla azken garaian bertze hainbat tokitara. Katalunian gertatzen ari dena jarri du egoera horren adibide. Hori dela eta, erasoei aurre egiteko eta elkartasuna lantzeko sareak sortzeko beharra nabarmendu du Ollok. “Gizarte osora zabaldu behar dugu gertatzen ari dena, denon artean erantzuteko”.

Egunerokoan auzokoen babesa eta berotasuna sentitzen duela azaldu du Ollok. Eta eskertu du babes hori. “Iruñeko Alde Zaharrean bizi naiz, eta jendeak badaki zer ari zaidan gertatzen. Galdetzen didate, jakin nahi dute, auzian parte hartu. Hori garrantzitsua da”.

Hiriko gizarte mugimenduak gertu sentitzen ditu. Bere kazetari lanak, hain zuzen ere, mugimenduok ongi ezagutzeko aukera eman dio, eta horrek La Haine eta Ahotsa.info-ren gisako hedabideen zereginari “balio erantsi” bat ematen diola uste du Ollok. “Konfiantzazko harreman bat sortzen da, eta hori polita da”.

Bertze hainbat hedabidek “kontrako rola” betetzen dutela argi du Ollok, halere. “Gure jarduera kriminalizatzen laguntzen dute”, salatu du.

Adierazpen askatasunaren aurkako egungo giroak “biktima gehiago” eragin ditzakeela zalantzarik ez du Ollok. Kazetaritza egiteko modu baten aurkako erasotzat jo ditu Armiarma operazioaren gisakoak, eta aurretik itxi zituzten Apurtu.org eta Ateak Ireki hedabideak gogoratu ditu.

“Ea nirekin zer gertatzen den”. Epaileen erabakiaren zain gelditu da Ollo, Madrilera deklaratzera ez joatea erabaki eta gero. Auzipetutakoak bertze anitz direla gogoratu du. Zerrenda handitzen jarraitzeko arriskua badela ere bai. Mozala, finean, edonori jartzen ahal diotela.