Edurne Elizondo
Aldeko zazpi boto; bi kontra; eta abstentzio bat. Lehendakaritza Batzordearen babesa izan du UPNk aurkeztutako adierazpenak, eta, ondorioz, Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du sanferminetako “legez kanpoko merkataritzari” aurre egiteko neurriak jasoko dituen plan bat egiteko. Aranzadi eta Ezkerra baino ez dira kontra agertu, eta EH Bilduk abstentzioaren bidetik jo du. Udalak bi hilabeteko epea zehaztu du plana osatzeko.
“Kezkatuta eta atsekabetuta gaude. Iruñeko Udala hagitz mezu arriskutsua ari da zabaltzen: jarduera bat eta kolektibo bat ari da kriminalizatzen”. Horixe salatu du Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko arduradun Beatriz Villahizanek. Izan ere, udalak egin nahi duen planak sanferminetan aritzen diren kaleko saltzaileak izanen ditu jomugan. “Bizirik irauteko aritzen dira, lan merkatuan sartzeko aukerarik ez dutelako. Aurrera egiten saiatzea ez da delitua”.
Iruñean, sanferminetan aritzen dira, batez ere, kaleko saltzaileak. Madril edo Bartzelonaren gisako hirietan anitzez ere gehiago dira, eta beren eskubideak defendatzeko erakundeak sortu dituzte. Ezagunenetako bat da Bartzelonako kaleko saltzaileen sindikatua. “Beren bizitzen jabe izan nahi dute, eta errateko dutena entzun behar dugu”, erran du Villahizanek. Saltzaileok, hain zuzen ere, argi eta garbi azaldu dute beren produktuak ez direla legez kanpokoak, eta bizirik iraun bertzerik ez dutela nahi. “Hori ez da delitua”, berretsi dute. “Produktuak Badalonako [Bartzelona, Herrialde Katalanak] industrialdean erosi, eta saldu egiten ditugu. Atzean ez dago inolako mafiarik”, erran zuen sindikatuko kide Lamine Bathilyk, Iruñean, iazko martxoan.
Saltzaileen aldarrikapenei so egiteko beharra berretsi du Villahizanek. “Ez dute laguntzarik jasotzen; paperik ere ez dute, kasu gehienetan, eta aurrera egiteko bertze modurik ez dute, ondorioz”. Saltzaileon jardueraren aurkako neurriak hartu beharrean, bazterketaren eta prekaritatearen aurkako neurriak eskatu ditu SOS Arrazakeriak, bai eta atzerritarren legeak ekartzen dituen ondorioak bazter uzteko politikak ere. “Paperik ez dutenentzat, kontua ez da zaila dela lan bat lortzea; kontua da lan bat lortzeko aukera ukatu egiten zaiela”, salatu du. Ordezkari publikoek errealitate horri erreparatu beharko lioketela erantsi du Villahizanek. “Saltzaileak zigortzea baino ez badute hartzen helburu, arrazista izateko arrisku handia dute erakundeek”, gaineratu du.
“Adi” egonen direla erran du SOS Arrazakeriako kideak. “Presioa egiteko prest gara, behar diren bilera guztiak eskatzeko eta egiteko”, azaldu du.
Taldeen jarrera
“Plana osatzeko hartutako konpromisoa berri txarra da; batez ere, orain arte egindako bidetik jarraitzen badute aurrera”. Horixe uste du Irene Otalek. Gizarte langilea da, eta giza eskubideen aldeko ekintzailea. Iruñeko Udalak kaleko saltzaileen kontra neurriak hartzeko agertu duen asmoari buruz, zalantzarik ez du: “Arrazakeria instituzionala da”, erran du.
Iruñeko Udalak hilaren 8an eman zuen plana osatzeko bere konpromisoaren berri, Lehendakaritza Batzordean auzi horri buruzko adierazpena onartu eta gero. Otalek nabarmendu du, halere, bertze hainbat urrats egin dituztela, aurretik ere, udaleko taldeek. Izan ere, UPNk 2016. urteko uztailaren 4an eraman zuen gaia, lehendabizikoz, udalera. Adierazpen bat aurkeztu zuen udalari eskatzeko sanferminetan batez ere “beharrezko neurri guztiak” ezar zitzala “legez kanpoko merkataritzari eta ostalaritzari aurre egiteko”.
2016ko bozketa hartan, bai eta auzi beraren inguruan 2016ko abuztuaren 29an egindako bigarrenean ere, EH Bilduk kontrako botoa eman zuen, Otalek gogora ekarri duenez. “Bi bozketa horiek egin zituztenean, EH Bilduren esku zegoen Hiritarren Segurtasunerako saila; eta Aritz Romeok, orduan, denbora falta aipatu zuen auziari ez heltzeko arrazoi nagusi gisa”, azaldu du.
Iaz, ekainaren 7an eraman zuen UPNk kaleko saltzaileen gaia udalera, berriz ere. Orduan, adierazpenak ez zuen aurrera egin, Geroa Baik kontra bozkatu zuelako. Urtarrilaren 8ko azken saioan, ordea, Geroa Baik adierazpenaren alde egin zuen. Aldaketa nagusia, halere, ez da hori, Otalen arabera, aurretik ere eman izan ziolako babesa UPNren asmoari. “Kontua da orain Hiritarren Segurtasunerako saila Geroa Bairen esku dagoela; eta talde horren esku dagoela, ondorioz, Udaltzaingoa. Kezkagarria da”, nabarmendu du.
Esanguratsua iruditu zaio Otali, halaber, EH Bilduk abstentzioaren bidetik jo izana azken bozketan. “Legez kanpoko merkataritzaren atzean dauden mafien aurka egin nahi izan dutela erran dute EH Bilduko kideek orain; jarrera hori ere kezkagarria iruditzen zait, batetik, gai horri buruzko daturik ez dutelako aipatzen; bertzetik, ez dutelako ematen inongo daturik ustez babestu nahi duten merkataritzak kaleko saltzaileen ondorioz pairatzen duen kalteari buruz”. Erantsi du “bitxia” dela udalak hainbat adierazpen onartzea eta plan bat egitea hirian bederatzi egunez bakarrik gertatzen den jarduera bati buruz.
Otalek argi du Iruñeko Udalak onartutako adierazpenak eta haren eskutik eginen duten planak ez diotela erantzuten “benetako arazo” bati. UPNk aurkeztutako adierazpen “arrazistak” planaren oinarri badira, “errepresioaren bidetik” garatuko ote duten beldur da gizarte langilea, hain zuzen ere. Bideak bertzelakoa beharko lukeela argi du: “Kalean saltzea da pertsona horiek aurrera egiteko duten modu bakarra; egoera horren atzean dagoenari egin beharko liokete so erakundeek”. Pobreziaren eta bazterketaren inguruko gogoeta eskatu du Otalek, hain zuzen ere. “Hori da behar dena”.