Edurne Elizondo
Hiru ordu pasatuta. 2003. urteko otsailaren 20ko goizeko ordu bata aldera hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria-ren aurka agindutako operazioa, baina guardia zibilek 04:00 aldera jo zuten hedabide horrek Nafarroan zuen egoitzako buru Alberto Barandiaranen etxeko atea. Hiru ordu pasatuta.
Kazetariak gogoan du orduko egoerak eragindako “inpresioa”; gogoan du guardia zibilen autoan Iruñeko Alde Zaharretik Donibane auzoko Irrintzi dorreraino egin behar izan zuen bidaia, bai eta bulegoan egindako miaketan ondoan izan zituen guardia zibilen probokazioak ere. “Urduri ote nengoen galdetzen zidaten, behin eta berriz, begirada gainetik kendu gabe”.
Goizean, 06:30 aldera, lagun zuen baten aurpegia ikusi ahal izan zuen Barandiaranek, azkenean: Euskalerria irratiko Mikel Bujandarena. Irrintzi dorrean du irratiak ere egoitza, eta eraikina inguratzen duen terrazatik agertu zen Bujanda, goiz hartan, Egunkaria-ren egoitzaren parera. “Ez dakit nola jakin zuen; guardia zibil bat terrazara atera zen, eta ezin izan zen gehiago hurbildu”.
Egunkaria-ren Nafarroako egoitzan lankide izandako Asier Azpilikuetarekin eta Irene Arrizurietarekin gogoratu ditu Alberto Barandiaranek duela hamabost urteko guztiak. Hiruren artean osatu dute egun luze hartan jazo zenari buruzko kontakizuna, beren oroitzapenekin eta beren sentsazioekin.
Arrizurietak irratian entzun zuen egunkariaren aurkako operazioaren berri. “Bilbora joan behar nuelako esnatu nintzen goiz. Busaren zain nintzela entzun nuen Manu Etxezortu esaten Alberto bulegoan zutela guardia zibilek. Shock egoeran nintzen”, erran du.
Arrizurieta 07:30 aldera ailegatu zen Irrintzi dorrera. Egoitza zigilatzeko lanak amaitzen ari ziren. Guardia zibilek inguratuta ikusi zuen Barandiaran, atearen aurrean. Zurginak deitu zituzten guardia zibilek atea hainbat egur puskarekin ixteko. Guardia zibilek alde egin zutenean, lankideek bezala, Euskalerria irratikoen egoitzan bilatu eta aurkitu zuen aterpe Barandiaranek. Orduan jakin zuten ez zegoela atxilotuta. Bai, ordea, Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendi eta bertze bederatzi.
Azpilikuetari aitak eman zion gertatu zenaren berri, ernatu zenean. Kazetaria Nafarkaria-ko arduraduna izan zen, baina UPNren gobernuak gehigarria diru laguntzarik gabe utzi eta desagertu eta gero, Andoaingo erredakzio nagusira joan behar izan zuen lanera, Egunkaria-ren Iruñeko egoitzatik. Nafarroan harrapatu zuen itxierak, eta Iruñeko lankideen ondoan egin zituen BERRIA sortu arteko hurrengo urratsak.
Azpilikuetak ere Euskalerria irratirako bidea egin zuen itxieraren berri jaso bezain pronto. Han egin zuten bat, eta han jaso zituzten langileek elkartasuna agertzeko lehendabiziko deiak. Irratiko mikrofonoen bidez, zuzenean kontatu zuten bat-batean aurrean topatu zuten egoerak eragindakoa, eta herritarrak hasi ziren deitzen ordenagailu bat edo behar zuten bertze edozer gauza eskaintzeko.
“Eguerdian, Irrintzi dorrearen aurrean egin genuen itxiera salatzeko lehendabiziko elkarretaratzea; ia deus esan gabe, eta, halere, jende asko etorri zen. Gogoan dut gizon bat laneko buzoarekin etorri zela, ondoko tailer batetik. Ordenagailu bat bazuela, eta guretzat zela nahi izanez gero. Jendearen babesa sekulakoa izan zen”, gogoratu du Barandiaranek.
Bide zaila kioskoetara
Babesa azaltzeko lehen eguneko keinuak benetako elkartasun olatu bilakatu ziren egunkaria itxi eta handik bi egunera, euskalgintzak deituta manifestazio handi batek hartu zituenean Donostiako karrikak. “Sekulakoa izan zen”, erran du Arrizurietak, eta Azpilikuetak ere onartu du egun hura izan zela “malko gehien” eragin zuena. Aitortu du, halaber, biharamunean Egunero-ren lehendabiziko zenbakia eskutan hartu zuenean jabetu zela benetan itxierak ekarritakoaz.
“Itxia, baina ez isildua”. Lerroburu hori jaso zuten Egunkaria-ko langileek lehendabiziko Egunero haren azalean. Diario de Noticias egunkariko Uharteko errotatibatik kioskoetara ailegatzeko bidea, halere, ez zen erraza izan. “Diario de Noticias egunkariaren egoitzara joateko eskatu zidaten. Guardia Zibila etorri zen agindu judizial batekin, esanez hor ezin zela Egunkaria-ren ordezkorik inprimatu. Gogoan dut mahai baten azpian sartu nintzela, Egunkaria-rekin ez lotzeko. Han ziren langileek bilera egin zuten gero erredakzioan, zer egin erabakitzeko. Eta aurrera egin zuten. Eskertzekoa da egindako urratsa, arriskua bazelako”.
Bi furgoneta atera ziren Uhartetik. Lehendabizikoaren atzetik joan ziren guardia zibilak. Handik ordu erdira atera zen bigarrena. “Ez dakit zein, baina bat ailegatu zen kioskoetara”. Goizeko lauretan ailegatu zen Barandiaran etxera, guardia zibilek handik atera eta 24 ordura.
Egunero kaleratzeko lana egunkari berri bat sortzeko proiektuarekin uztartu zuten Egunkaria-ko langile ohiek, lau hilabetez. Iruñekoek lortu zuten haientzat hagitz garrantzitsua zen zerbait: Irrintzi dorretik alde egin behar ez izatea, alegia. Eugenio Arraizak utzitako bulegoa bilakatu zen haien behin-behineko egoitza.
Euskalgintzarekin lotura estua du Iruñeko Irrintzi dorreak, eraikin horrek hartu baitzuen, denbora batez, hiriburuan sortutako lehendabiziko ikastola. Egunkaria itxi zutenean, gainera, Euskalerria irratiak ez ezik, AEKren Irrintzi euskaltegiak ere han zuen egoitza. Irratiko lankideen babesa nabarmendu dute, batez ere, Egunkaria-ko kide ohiek, estua izan baita beti haien arteko harremana. BERRIAk ere Irrintzi dorrean du egoitza, oraindik ere, baina Barandiaranek aitortu du “min bat” baduela, langileek sortutako proiektu berriak ez zuelako lortu Egunkaria-ren egoitza zaharrera itzultzea. “Ez omen zen komenigarria. Nik, halere, min hori dut, oraindik ere”, berretsi du, tristuraz, kazetariak.
Epaileek ezarritako zigilua Egunkaria itxi eta handik urte eta erdira gelditu zen bertan behera. Hautsez beteta aurkitu zuten lantoki izandako bulegoa Iruñeko langileek. Urte eta erdi horretan, halere, hainbat aldiz sartu ziren Iruñeko kazetariak epailearen aginduz itxitako egoitzan. Ate nagusia bai, egur puskekin itxi zuten guardia zibilek, baina terrazako ateetako bat, ordea, erdi irekita utzi zuten.
Itxitako egoitzaren barruan
Beldurrak hartzen zituen langileak itxitako bulegora sartzen ziren bakoitzean, orain, irribarrez, gogoratu dutenez. “Ondoko etxetik norbaitek ikustea eta filmatzea zen gure kezka, eta erdi makurtuta ibiltzen ginen terrazan. Barruan ahalik eta denbora gutxien gelditzen saiatzen ginen”, azaldu du Barandiaranek. Egoitzan zituzten landareak ateratzera joan ziren lehendabizikoz. Gero, adibidez, Jorge Oteiza eskultore oriotarra hil zenean, 2003ko apirilaren 9an, artistari buruz Egunkaria-n gelditu zen materialaren bila sartu ziren.
Beldurra aipatu du Barandiaranek ordukoak gogoratu dituenean. Eta nabarmendu du kezka edo ezinegona hainbat unetan sentitu zuela, Egunkaria ixteko operazioa martxan jarri eta gero. “Behin, kalean ikusi nuen etxera etorritako guardia zibiletako bat; atzetik nuela pentsatzen dut”. Arrizurietak ere onartu du beldurrak jo zuela hasieran. “Lehendabiziko gaua lagun baten etxean pasatu nuen; ez nintzen lasai sentitzen”.
Epaileak urriko atxilotzeak agindu zituenean, gora egin zuen beldur horrek. “Imanol Murua Uriak deitu zidan atxiloketen berri emateko. Gau hartan etxetik kanpo egin nuen lo. Argi nuen etorri behar bazuten etorriko zirela, baina ez nuen etxean egon nahi”, gogoratu du Barandiaranek.
Beldurren eta kezken gainetik, aurrera egiteko borondateak hartu zituen Egunkaria-ko langile ohiak. Onartu duen arren Egunero-ren lehen zenbakia ukitu zuenean jabetu zela benetan gertatu zenaz, Egunkaria-ren tokia bete zuen hedabide horren martxan murgiltzeak aurrera egiteko indarra eman ziola ere nabarmendu du Azpilikuetak. “Egin itxi zutenean, Iruñeko kazetariak hartu genituen gure egoitzan. Ikusi nuen Euskadi Información atera eta gero Gara sortu zutela. Argi nuen guk ere bide bera eginen genuela”, azaldu du.
Idatzi, hitzaldiak eman, akzioak saldu… Hamaika lan egin behar izan zituzten kazetariek BERRIA sortu arte. Egunkari berriak izanen zuen izenari buruzkoak gogoratu dituzte langileek. “Gu izan ginen izen hori ezagutzen lehenengoetarikoak, Euskalerria irratikoen Larreko saria jaso genuenean BERRIAren elastikoak janzten lehenak izan baikinen”, gogoratu du Azpilikuetak.
Larreko saria egunkari berriaren lehendabiziko zenbakia kaleratu baino hainbat egun lehenago jaso zuten Egunkaria-ko langile ohiek. BERRIA lehendabizikoz inprimatu zutenean, Diario de Noticias egunkariaren Uharteko egoitzara itzuli zen Barandiaran. Egun hartan ez zen bakarrik joan. Iruñeko lankideak izan zituen ondoan, eta haiek izan ziren egunkari berria ukitzen eta irakurtzen lehenak.
Egunkaria-ren lekukoa hartu zuen proiektuak hamabost urteko bidea egin eta gero, hasierako lana ekarri dute gogora Arrizurietak, Azpilikuetak eta Barandiaranek. Egunkaria-ko langile ohiek egindakoa, bai eta bidean lagun izandako guztiena ere. “Nik uste dut nabarmentzekoa dela euskalgintzak egindako lana. Jende asko eta asko inplikatu zen gurekin”, erran du Azpilikuetak. Epaile baten aginduz itxi zuten Egunkaria, eta epaileek absolbitu zituzten gero, auzipetutako guztiak. “Nola azalduko diet semeei hori guztia?”, galdetu du kazetariak.
Barandiaranen semeek 7 urte zituzten guardia zibilak aitaren bila joan zirenean etxera. Egunkaria-ren Nafarroako egoitzako buru ohiak beti azaldu die jende askoren artean sortutako proiektu “polit, interesgarri eta inportantea” izan zela 2003an itxi zutena. “Niretzat sekulako garrantzia izan du naizena izateko”, nabarmendu du. “Gure esparruan uste genuen baino gehiago eragin zuela uste dut”.
Bat egin du Arrizurietak, eta agerian utzi nahi izan du Egunkaria-k utzitako arrastoa. “Kazetaritzak eman dit asko”. Egun ilunak izan ziren harentzat eta gainerako langileentzat itxierak ekarri zituenak. Hamabost urte joan eta gero, elkartasunak emandako argia du gogoan.