‘Nafarroako Hitza’-k, Euskalerria irratiak, BERRIAk eta Hamaika telebistak elkarlanean antolatutako hauteskunde eztabaida bertan behera gelditu da, hautagaien “agenda arazoak” direla eta. Asteazken honetan egitekoa zen mahaingurua, 19:00etan Katakraken. Adolfo Araiz (EH Bildu), Uxue Barkos (Geroa Bai), Laura Perez (Podemos-Ahal Dugu) eta Koldo Pla (Ezkerra) hautagaiek baietza emana zioten euskarazko hedabideen gonbitari, aldaketa ardatz hartuta, etorkizun politikoari buruz mintzatzeko. Azkenean, ordea, bertan behera gelditu da euskarazko hauteskunde-eztabaida bakarra.
“Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera” zikloaren barruan antolatua zegoen mahainguru politikoa. Azken asteotan, aldaketaren kontzeptuaz hausnarketa egin dute alor ezberdinetako adituek, “Hitza”-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak antolatutako jardunaldi hauetan. Zehazki, apirilaren 29an, euskalgintzaren erronka berriez hitz egin zuten Iñaki Lasak (Kontseilua), Nekane Otamendik (IKA) eta Helios del Santok (AEK), Ion Orzaiz kazetariak gidatutako mahainguruan. Maiatzaren 5ean, berriz, kultur ereduak izan zituzten hizpide Mikel Soto Txalapartako editoreak, Oskar Estanga bertsolari-musikariak eta Leire Urbeltz artistak, Iñigo Astizek zuzendutako saioan.
Leave a Reply