Edurne Elizondo
Musikak hartu zuen larunbatean Iruñeko Gazteluko plaza. Vesarte kolektiboak kontzertu bat antolatu zuen hamargarren urteurrena ospatzeko. Ez zen ohiko emanaldia izan, halere; taldeko kideek beti aldarrikatu dute arteak probokatzailea izan behar duela, eta, duela hamar urte hasitako bidea ospatzeko, kontzertu berezia egin zuten asteburuan, hiriburuko Alde Zaharrean: hainbat taldetako musikariak eta hogei bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. Batera aritu ziren, eta beren doinuak urteurren baten soinu banda bilakatu zituzten; baterien burrunba hamar urteko bidea aldarrikatzeko.
“Hasiera gogoratu nahi izan dugu, gure lehen urratsak”, azaldu du Vesarteko kide Javier Orduñak; zehazki, kolektiboak bere bidea hasi zuenean antolatutako kontzertuak gogoratu nahi izan dituzte. Kontzertu horietako batean, Iruñerriko dozena bat talde elkartu zituzten, elkarren arteko bertsioak egiteko. “Beti izan dugu gustuko gauza berritzaileak egitea, erronkak markatzea”.
2008tik, bultzatzaileek uste baino gehiago garatu da kolektiboa, eta, musikaren esparruaz gain, bertze hamaika diziplina ere ukitu dituzte. Vesartek sormenerako espazio bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen ditu, bertzeak bertze. Artea herritarren esku jartzea da kolektiboaren helburua, “gaur egun nagusi diren merkatuaren, kontsumoaren eta produkzioaren arauetatik at”.
Helburu horiek oinarri hartuta, Vesarteko kideek argi zuten, hasieratik, hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertua Gazteluko plazan egin behar zutela. “Espazio hori berreskuratu nahi izan dugu herritarrentzat. Gazteluko plaza enpresa pribatu anitzek erabiltzen dute beren produktuak saltzeko; sanferminetan ere hori gertatzen da. Gure asmoa da herritarren arteko dinamikak bultzatzea, eta horregatik nahi genuen plaza horretan egin”.
“Bertzelako bideak eta alternatibak badirela erakutsi nahi dugu, eta uste dugu hamar urtez egin dugun bideak hori erakusten duela, hain zuzen ere”, berretsi du Vesarteko kideak. Kolektiboak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, bultzatzaileek ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi.”Argi dugu merkataritza gune batean erosi edo saltzen ahal den produktu bat baino anitzez ere gehiago izan nahi dugula. Ez dugu kontsumoaren edo produkzioaren araberako jarduera bat izan nahi. Bertzelako aberastasun bat eman nahi diogu hiriari, gizarte osoari”, azaldu du Orduñak. Herritarrek egindako ekarpenak eta beren merchandising-a dituzte diru iturri nagusi.
Kolaboratzaile anitz
Zortzi pertsona inguruk osatutako lantaldea da Vesarte kolektiboaren motor. “Bertze hamaika laguntzaile eta kolaboratzaile ditugu. Gure ikastaroetan ikasle izandako anitz gelditu dira irakasle gisa aritzeko, adibidez”, azaldu du Orduñak. Hasieran, Vesartek lauzpabost ikastaro zituen; orain, hogei baino gehiago eskaintzen dituzte.
Kolektiboak doan egiten ditu ikastaro horiek. Horrek ez du erran nahi, halere, Vesartek baldintza duinak eskatzen ez dituenik artearen esparruan ari direnentzat. “Gaur egungo gizarte neoliberalaren bidetik aldenduko den alternatiba bat sortu nahi dugu guk; hori da gure helburua, eta, hori lortzeko, altruismoaren bidetik egin behar dugu lan. Alternatibak sortzeko prozesuaren parte bat da hori”.
“Herri arteak ez du zertan kalitate kaskarragokoa izan”, erantsi du Orduñak. Horren adibide jarri du kolektiboak Nafarroako Parlamentuko presidente ohi Alberto Catalani egindako erretratua. Lan horrek hautsak harrotu zituen iazko apirilean. Vesartek egin zuen, Nafarroako Parlamentuari doan eskaintzeko eta ondorioz gastu publiko hori ez egiteko. “Iaz, erretratuaren zirriborroa egin genuen; lana amaitu dugu jada”.
Vesarteko kideek larunbateko bestan erakutsi zuten koadroa, herritarrek ikus zezaten. Iruindarren iritzia eskatu zuten, gainera, erretratua parlamentura bidali edo ez erabakitzeko. Bozketa egin zuten, eta baiezkoak irabazi zuen, botoen %95arekin. Kolektiboak, ondorioz, erakunde horren esku jarriko du egindako artelana. “Ez badute nahi, hiriko hainbat tokitan erakutsiko dugu”.