Ander Perez / Nafarroako Hitza
«Iruñean inork pastoral bat mereziko balu, Bidadorrek mereziko luke». Hala pentsatu zuten Joxemiel Bidadorren (Iruñea, 1970-2010) lagunek, hura hil eta gutxira. Orain, ordutik bost urte bete direnean, ideia zena errealitatera ekarri dute. Urriaren 10ean estreinatuko dute Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastorala. Karrikiri, Euskaldunen Biltokia, Zaldiko Maldiko eta Duguna elkarteen ekimenez, eta hamarnaka lagunen ekarpenari esker. Bidadorren figura eta pertsona gogoratuko dute bertan. Arrotxapeko Raimundo Lanas kalean jaioa zen Bidador, baina harreman estua zuen Alde Zaharreko Mañueta kalearekin, han baitzuten denda gurasoek. Ez diote alferrik jarri ikuskizunari «pastoral mañueteroa» izena.
Hil eta berehala Artikako Kultur Etxean egin zioten omenaldia da Bidadorrekiko miresmenaren eta maitasunaren erakusgarri argiena. Orduan batu zirenek azaldu zuten haren izaera poliedrikoa: euskara beti ardatz, dantzan, filologian, historian, literaturan eta kazetaritzan aritu zen, ikerketa eta dibulgazioa txanpon beraren bi aldeak bihurtuta. Baina haren ofizioek bezainbeste, edo are gehiago, haren pertsonak utzi zuen aztarna gertutik ezagutu zutenen artean. Horietako batzuen iritzia jaso du Nafarroako Hitza-k, Bidador eta haren pertsona hobeto ezagutzeko asmoz.
Zalantzarik gabe, dantza izan zen Joxemiel Bidadorren pasio handienetako bat. Modu bikoitzean bizi izan zuen, gainera. Dantzari gisara, batetik, baina baita euskal dantzen historia eta bilakaeren ikertzaile gisara ere. Oparoa da arlo horretan eginiko lana.
1990eko hamarkadaren hastapenetan hasi zen dantzan, Iruñeko udal taldean. Han ezagutu zuen Patxi Laborda, dantzaria, eta egun Bilbon dantza irakaslea dena. “Gazteen artean sartu zen Bidador”, Labordak dioenez. “Eta, printzipioz, dantzatzera zetorren, besterik ez”, gerora garatuko baitzuen dantzen ikerlari eta sustatzaile rola.
1988an desegin zen udal dantza taldea, Iruñeko Udalak dantzariei ekitaldi ofizialetan dantzatzen zituzten koreografietan ikurrina eramatea debekatu zienean. Ondorioz, Duguna dantza taldea eratu zuten aurrez udal taldean ibilitako batzuek, eta, ordutik, bertan ibili zen dantzan Bidador ere. Taldearekin batera sortutako fanfarrean ere aritu zen tarteka, bonboa jotzen.
Baina Dugunakoa izateaz gain, beste hainbat taldetan ere parte hartu zuen Bidadorrek. Eta hori, garai horretan, ez zen batere ohikoa, Labordak dioenez: “Garai hartan gehienok ginen abizena genuen dantzariak. Ez dakit zer dantzari, ez dakit zer taldetakoa. Bidadorrek horrekin apurtu zuen. Hainbat talderekin dantzatu zen, eta taldeek eskaera bat egiten zutenean hara joaten zen bera dantzatzera. Nolabait, kobratu gabeko mertzenarioa zen. Eta garai hartan hori ez zen batere normala, eta ez zen ongi ulertzen. Nolabaiteko traizioa zen”.
1997an, bestalde, San Lorentzoko Danzanteen sortzaileetako bat ere izan zen. Jesus Pomarez izeneko baten ideia izan zen dantzari taldea sortzea, Labordak gogoratu duenez. Batez ere, Corpus egunaren prozesioa —nahiko “zoldatsua zena”— alaitu nahian. Aspaldiko eskuizkribuak aztertuta izan zuten XVIII. mendera arte Iruñean aritutako dantzarien berri, eta horietan oinarrituta sortu zuten taldea. Sorrera prozesu horretan parte hartu zuen Bidadorrek, eta taldean dantzari aritu zen, azken egunetaraino.
Dantzaren inguruko zaletasuna, edonola, ikerketa lerro bilakatu zuen Bidadorrek. Gaztetatik zetorkion interesa, Labordaren hitzetan: “Asko mintzatzen ginen dantzaz. Interes franko genuen, eta ahal genuen guztia irakurtzen genuen. Baina ulertu beharra dago garai hartan formazio handirik ere ez zegoela, eta ikerkuntzan apenas zegoela ezer”.
Bidadorrek bete zuen hutsune hori: moralitateak euskal dantzen bilakaera historikoan izandako eragina aztertu zuen. Literaturako, dokumentazioko eta legegintzako testigantzak eta erreferentziak bilduz osatu zuen bilakaera horren inguruko doktoretza tesia, 90eko hamarkadaren azkeneko txanpan aurkeztua. Urte batzuetara, testu hura berraztertu eta berridatzi zuen, eta Dantzen erreforma Euskal Herrian izenburuarekin gorpuztu. 2005. urtean, Bilboko Udalak antolatutako Unamuno saiakera saria irabazi zuen lan horrek. “Azken lau mendeetan Euskal Herrian gertatutakoa jakiteko testu ezinbestekoa” da hori, Labordaren ustez, “jomuga bat”, nonbait. “Izan ere, ordura arte idatzitako gehienak intuizioak, espekulazioak eta norberaren usteak ziren, baina Bidadorrena izan zen nik esku artean izan nuen lehen testu zientifikoa”, dio Labordak. Horregatik uste du hori izan zela Bidadorren “benetako ekarpena”. Eta gaineratu du: “Seguru nago urte batzuk barru jendeak Bidador ezagutuko duela lan hori idatzi zuelako”.
Dantzaz gain, euskal filologia ere izan zen Joxemiel Bidadorren ikerketa esparru nagusienetako bat. Oso gazte zelarik, 22 urterekin, Noticias y restos del euskara de Val de Ollo lana idatzi zuen, eta gurasoen jatorriko haraneko euskararen aztarnak jaso. Aurrerago ere ikertu zuen Nafarroako euskararen historia, eta hainbat testu eta argitalpenetan jaso zituen ondorioak.
Baina Bidadorren ikertzaile rola euskal literaturarekin da lotua, batez ere. Nafarroako euskarazko idazleen ikerlari eta historialari oparoa izan zen. Urteetan pilatutako materialak, datuak eta jakinduriak Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburuan batu zituen 2004. urtean, Pamiela argitaletxearen eskutik. Gazteleraz idatzi zuen testua, eta ez da kasualitatea. Patxi Larrion Bidadorren lagun minak ditu orduko xehetasunak: “Nafarroako Gobernuak diru parrastada handia eman zion urteetan OPUSeko unibertsitateari, Nafarroako literatura ikertzeko”. Pentsa zitekeen ikerketa horretan ez zirela euskal idazleak sartzen. “Ni horretaz jabetu nintzen, eta horrek Bidadorren liburuaren argitaratzea azkartu zuen. Orduan erabaki zuen gazteleraz egitea”, unibertsitatearen ikerketari erantzunez.
Lan horrek, euskal idazleek historian zehar Nafarroan izandako presentzia ezkutatua mahai gainean jartzearekin batera, aldarrikapenari ateak ireki zizkion. 2004ko abenduan, liburua argitaratu eta gutxira, Baziren, Bagara manifestua sinatu eta aurkeztu zuten Nafarroako dozenaka euskal idazlek, euskarazko literatur sorkuntzak herrialdean izan zuen eta duen balioaren aitorpena exijitzeko. Bultzatzaileen artean, nola ez, Bidador zegoen.
Oro har, arloz arlo egindako ikerketa lanen zorroztasun eta seriotasuna goraipatu ohi zaio Bidadorri. Labordak dioenez, “sistematikoki, gaiak ongi landuz” ikertu zuen dantza mundua. Larrionek dioenez, bestalde, “Bidadorren lan egiteko modua, intuizioa, gauza asko maisuki ekartzeko modua” igartzen da Materiales… lanean. “Oso aditua den jendeak irakurri du, eta txunditurik geratu izan da”.
Nafarroako hedabide asko izan ziren Bidadorren ikerketen lekuko. Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarrian nabarmendu zen batez ere, 1995etik aurrera, Klasiko bitxi, arront klasiko sailean. Atal horretan aurkeztu zituen Nafarroako euskarazko idazleen inguruko aurkikuntza bitxi eta ordura arte ezezagunenak. Hain zuzen ere, zutabe horretan bildutako materialarekin osatu zuen geroago lehen aipatutako liburu sonatua.
Garai hartan, Alberto Barandiaran zen Nafarkaria-ko arduraduna. Eta gogoan du Bidadorrek gehigarriari egindako ekarpena: “Oso testu bereziak ziren, oso bitxiak. Hasi eta konturatu ginenerako ehun bat kolaborazio zituen eginak, beti zintzo-zintzo”. Dioenez, paperean ekartzen zizkien artikuluak idatzita, “orduan ohikoa zen bezala”. Bidadorren jarrera goraipatu du Barandiaranek: “Sekula trukean deus eskatu gabe egiten zuen lana, beti oso fin. Nik beti lotu izan dut Bidador eskuzabaltasunarekin. Berari gustatzen zitzaizkion gauzak baldin baziren, dena emateko prest zegoen”.
Lan horretan, historiaren lanbro artean ahaztutako Nafarroako euskal idazleak berreskuratu zituen. Guztien artean, sona handia izan zuen Alexander Tapia Perurena 1936ko gerra aurreko idazle iruindarraren azaleratzea. “Berak atera zuen argitara”, Barandiaranek dioenez. “Eta bere lana ez zen inondik kopiatutako gauza. Ikerketa lan txukuna zegoen atzean, iturriak aurkitzeko sekulako lana”.
Euskalerria Irratian ere ibili zen Bidador, kolaboratzaile lanetan. Ongi gogoan du hori Reyes Ilintxeta irratiko esatariak: “Oso gustura etortzen zen irratira, oso hiztun ona zen, oso solaskide ona, eta oso ongi prestatzen zituen gaiak. Bere ikerketetan aurkitutako perla bitxiak ekartzen zizkigun. Adibidez, XVII. mendeko sukaldaritza liburu bat, euskaraz idatzia. Beti ziren halako perlak”.
Ilintxetak dioenez, “oso gizon okupatua zen Bidador, baina hala ere ez zuen inoiz inolako trabarik jartzen irratira etortzeko. Eta kontatzen zituenak gai zailak edo zientifikoak baziren ere, oso modu dibertigarrian kontatzen zituen”. Finean, bere jakinduria zabaldu nahi izaten zuen Bidadorrek —”beste mundu bateko burua zuen, hainbesteko informazioa buru batean sartzeko”—, gainerakoen eskuetan jartzeko: “Ez zuen ezer berarentzat gordetzen, beste ikerlari askok egiten duten moduan. Berak ikertutakoa konpartitzen zuen, uste zuelako garrantzitsua zela hemengo euskaldunok gu baino lehenago izandako euskaldunak ezagutzea”.
Literatur zaletasunak berehala hurbildu zuen Joxemiel Bidador Pamiela argitaletxera. Jose Angel Irigarai etxe horretako editoreak, hain justu, “euskal letretako ekitaldiren batean” ezagutu zuen Bidador, orain hamabost edo hogei urte. Eta berehala piztu zion mirespena: “Segituan konturatu nintzen, beste asko bezalaxe, zer-nolako pertsona zen, irekia, ironikoa, letretan oso barneratua”. Harremana sendotu zen heinean, eta konfiantza irabazita, argitaletxearentzako kolaboratzea proposatu zion Irigaraik Bidadorri, haiengana iristen ziren liburuak irakurri eta haien argitalpena baloratzeko. “Oso zintzo eta iritzi interesgarriz” parte hartu zuen Bidadorrek, Irigaraik dioenez. “Bazuen neurria hartzeko gaitasun handia, eta esaten zuen ezin zela edozer argitaratu, baina gauza bitxiak iristen zirenean segituan esaten zien baietz”. Oro har, “elkarlan polita” izan zela gogoratzen du poeta iruindarrak.
Harremanaren ondorioz, Bidadorren poesiarekiko sentsibilitateaz eta “kezka bereziaz” konturatu zen Irigarai, eta zerbait idatzi eta argitaratzeko proposamena egin zion. “Bai, ari nauk”, erantzun omen zion Bidadorrek. Eta 2009ko abenduan, posta elektronikoz, zirriborroa bidali zion Bidadorrek editoreari. Handik gutxira hil zen, ordea, 2010eko martxoan, eta lehenago bidalitako zirriborroari itxura eman eta argitaratu zuen orduan Pamielak, Hutseaniko hazkurria izenarekin. “Oso luma onekoa zen”, dio Irigaraik. Eta bat dator Ilintxeta ere, haren euskararen maila goraipatzerakoan: “Euskaldun berria zen, eta ikaragarria zen zer-nolako maila zuen lagunarteko euskaran zein literarioan. Beti harritzen gintuen esamolde edo hitzen batekin. Izugarri maite zituen hitz arraroak, sonoritate polita zutenak”.
Pamielan egindako harremanen ondorioz, argitaletxearen Zelaia sariko epaimahaikide gisara ere ibili zen Bidador, hasieratik. Eginkizun horretan bat egin zuen Pili Yoldi kazetariarekin ere. Beste hainbat esparru eta testuingurutan ere elkarrekin ibiliak ziren, eta oroimen ona gorde du Yoldik Bidadorrengandik. “Geniala zen”, dio. “Gogoratzen naiz mahai baten bueltan kontatzen zituen pasadizoez. Oso hizlari ona zen, oso dibertigarria. Jakinduria handia zuen, eta, gainera, oso ongi zekien gauzak hornitzen, anekdotekin. Asko ikasi genuen berarekin, baina ez bakarrik ikasi, baita dibertitu eta maitatu ere. Oso maitagarria zen”.
Hain zuzen ere, antzekoa da erreportaje honetarako elkarrizketatutako guztiek Bidadorrengandik gorde duten irudia. Dantzari, ikertzaile, dibulgatzaile eta poetarena bai, baina lagunarena bereziki. “Ezin duk imajinatu zeinen ongi pasatu dugun elkarrekin”, dio Larrionek. Bidadorrekin bizitako pasadizo irrigarriz gordea du oroimena Larrionek, Castejonera liburu bat aurkeztera joan eta haien burua zentral termikoaren aurkako koordinakundearen bileran nahasita ikusi zutenekoa, kasurako. Edota Larrionek Mendigatxa sindromea deitzen duen hura, Resurreccion Maria Azkueren berriemailea izandako Mariano Mendigatxaren harira piztutako solasaldia gogoan: “Marka da gero; umorea behar da duela ia bi mende jaiotako morroi baten inguruan ordu txikietan aritzeko mahai baten bueltan. Gure izatearen funtsa Erronkariko laborari baten eta apaiz garbizale baten arteko gutun trukean topatu nahian. Nori kontatuko diozu XXI. mendean hori dela izan dezakezun elkarrizketa, solasaldirik kilikagarriena?”.
Ilintxetak ere gogoan ditu Bidadorrekin igarotako uneak. “Beti zebilen hitz eta pitz, irriz, eta oso giro polita sortzen zuen. Bera egoten zen toki guztietan beti sortzen ziren halako solasaldi dibertigarriak”. Irigaraik, bestalde, “bere talantea eta talentua” gogoratzen ditu, eta nola horrek egiten zuen “inguruan jendea biltzeko gai”.
Horra hor, bada, gizon baten bi aldeak. Ikerlari akademiko jakintsua, batetik; kaleko lagun eta solaskide gertukoa, bestetik. Finean “eruditu” bat baitzen Bidador, Barandiaranek dioenez. Eta bere “kontrastea” zen “erudizioa” zuela testuetan, “baina gero oso pertsona xehea, umila eta atsegina zen. Oso Alde Zaharrekoa, oso Iruñekoa eta oso euskaltzalea, noski”. Bidador, beraz, hurbileko eruditu hori.