Ander Perez / Nafarroako Hitza
Maite Ruiz de Larramendi Eulateko pilotaria munduko onena izendatu zuten 2010eko Paueko (Okzitania)munduko txapelketan, baina inor gutxik ezagutzen du Nafarroan. Ez da askoz ezagunagoa Rosa Maria Flores mexikarra, nahiz eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi. Abiapuntu hori hartu du Andres Salaberri zinemagileak (Iruñea, 1979, Daniel Burgirekin batera Las Pelotaris dokumentala zuzentzeko.
Nola hasi zen hau guztia?
2014ko otsailean hasi zen, Daniel Burgi etorri zitzaidanean. Kazetaria izanda, erreportaje bat egina zuen Goizuetan, eta ohartu zen jendea oso harro zegoela pilota eskolako neskekin. Normalena litzateke herri horretan, eskuko txapeldun gizonak izanda, gizonak izatea erreferenteak, baina esaten zioten oso pozik zeudela neskekin. Niri asko interesatu zitzaidan gaia, Diario de Noticias-en ibilia nintzelako pilota kontuetan lanean. Beti izan dut harreman ona frontoiarekin, hor sortzen den giroarekin. Pentsatu genuen oso gai ona zela, eta hasi ginen irakurtzen ea zer zegoen egina. Eta ez zegoen horrenbeste.
Bazenuten, gainera, istorioa kontatzeko marko aproposa. 2014ko Mexikoko munduko pilota txapelketa, hain justu.
Hori da. Hemen Maite Ruiz de Larramendi zegoen, baina jendeak ez zuen ezagutzen. Harekin harremanetan jarri ginen. Daniel [Burgi] oso tipo mugitua da, eta oso ondo ibiltzen da Internetekin: milaka gauza aurkitzen du. Ikusi genuen gauza asko lotuta zeudela: Mexikon, Rosa Maria Flores pilotaria zegoen, gauza asko irabazi dituena, tartean Bartzelonako domina olinpikoa. Hori da Maite Ruiz de Larramendik ez duen bakarra. Hasi ginen ideia hori garatzen. Lehenbizi, Gernikara joan ginen, emakumeen eta euskal pilotaren inguruko erakusketara, eta han, Arantxa Peredarekin hitz eginez, informazio gehiago atera genuen. Hasieran, beraz, bi ginen, dirurik ez, eta ideia bat. Orduan, diru laguntzen deialdira aurkeztu ginen, eta lortu genuen lehenbiziko bultzada. Eta pentsatu genuen: “Mexikora goaz”. Gainera, garai bateko raketistak agertzen dira dokumentalean. Zaharrak dira, eta, beraz, testuingurua eta denbora hau zen; bestela, urte batzuk barru istorio hori desagertuko delako.
Lehen “bultzada” bai, baina askoz gehiago ez zenuten Mexikora joandakoan.
Bai, horrekin bidaia baino ezin genuen ordaindu. Jokin Pascualekin hitz egin genuen, eta haren ekoiztetxea, En buen sitio, sartu zen proiektuan. Istorio honekin ohartu gara jendeak interesa duela. Jende guztiak badu alaba, arreba, lehengusina edo izebaren bat pilotaria izan dena. Jokin Pascualekin ere halaxe gertatu zen; gaia interesgarria iruditu zitzaion, eta berak ere apustua egin zuen. Hala joan ginen Mexikora, jakin gabe nola bukatuko genuen, baina jakinda ezin genuela beste lau urte itxaron. Han izanda lortu genuen Nafarroako Gobernuaren laguntza, eta horri esker bukatu genuen proiektua.
Zuk ezagutzen al zenuen Maite Ruiz de Larramendi?
Nik banuen haren berri, baina ez nuen oroitzen.Ez zegoen asko idatzirik. Gogoan dut BERRIAko Imanol Magrok idatzi zuela emakume pilotariei buruzko erreportaje bat. Baneukan Ruiz de Larramendiren izena, baina ez neukan hari buruzko informazio guztia. Beraz, berarekin hitz egin genuen, ideia aurkezteko. Hasieran, ez zuen garbi ikusi serio ari ginen edo ez, baina ikusi zuen gure ikerketa egina genuela, eta bagenekiela zertaz ari ginen. Eta guretzat, horixe zen abiapuntua: guretzat ezezaguna zela. Eta guretzat ezezaguna izanda, Iruñekoak izanda eta ni gainera pilotan lanean ibilita… asko esan nahi du horrek. Eta hortik hasi ginen.
Zer aurkitu zenuten, bidean aurrera egin ahala?
Futbolean, adibidez, haur askok Cristiano Ronaldo dute eredutzat, fama eta dirutza duelako. Hemen, emakume pilotarien kasuan, ez dago ez famarik, ez dirurik, ez deus. Horregatik esaten dugu hau benetakoa dela, egiazkoa, nabari delako egiten duten guztia pasioz egiten dutela. Hori jaso dugu dokumentalean. Hori da ikasi genuen politena. Beraz, errealitatea erakusten dugu. Askotan esan dugu gu ez gara ez pilotariak, ez emakumeak ere. Ez genuen film feminista bat egin nahi, ahalik eta objektiboen izan nahi genuen; errealitatea erakutsi eta kitto. Informazioa hartu eta erakutsi.
Kontua da errealitateak, berez, badakarrela salaketa.
Noski, baina ez gara horretan sartzen. Filma ikusten duenak aterako du bere iritzia, eta, azkenean, iritziak beti doaz alde beretik.
Mezu positiboa helarazten du dokumentalak. Badago, beraz, esperantzarako arrazoirik?
Aurrestreinaldian Miguel Aristorena esan zidan [neskentzako pilota eskola du Etxarri Aranatzen]: “Agian Las Pelotaris 2 egin beharko duzue hamar urte barru, zer gertatu den azaltzeko”. Gauza asko aldatu daitezke hamar urtean. Baina garrantzitsuena da neskek jakitea pilotan jokatzea aukera bat dela. Eskoletan beti futbola eta beste kirol batzuek hartzen dute protagonismoa. Jakin dezatela pilota aukera bat dela, eta gero aukeratu dezatela jokatu nahi duten edo ez.
Profesionaltasuna, ordea, urrun dago oraindik ere.
Profesional izatea ez da lehentasuna haientzako. Haiek egiten dute gustuko dutelako. Kontua da neskak aritzea, eta geroz eta gehiago aritzea. Gizonezko pilotarien kasuan ere gehienak ez dira profesionalak. Babes handiagoa behar dute emakumeek; kitto. Nik ez dut daturik jakiteko zenbat diru mugitzen den, baina argi dago: futbolak edo beste kirolek hartzen dute diru gehiena. Maite Ruiz de Larramendik esaten zigun haiek ere pilotan behar dutela dirua, babesa eta interesa. Nahiko bakarrik sentitzen direla, eta ez dutela laguntza handirik jasotzen.
Joan den astean egin zenuten filmaren aurrestreinaldia, Nafarroako Filmategian. Non ikusi ahal izango da hemendik aurrera?
Guk badugu banatzaile bat, eta harekin mugituko dugu han-hemenka. Kontua da film labur bat izanda ez duela lekurik zine aretoetan. Beraz, festibaletara mugitu nahiko genuke, gaur egun hori baita film laburrak ikusteko modu bakarra. Eta aurrerantzean, gustatuko litzaiguke kultur etxe eta horrelakoetan aurkeztea, haiek nahi badute behintzat. Gustatuko litzaiguke jendeak film hau ikustea. Ez dugu gure armairuan utzi nahi, ikus dadila baizik.
Baliteke gure mugetatik harago zabaltzea. Uste duzu gaiak berdin funtziona dezakeela beste toki batzuetan?
Gai unibertsala da, ziur, emakumeek bere lekua aurkitzeko arlo guztietan izan dituztelako trabak. Kasu honetan, pilotarena da testuingurua, baina pilotan ere herrialde askotan jokatzen dute. Guk beti esan dugu pilota exotikoa dela munduan—nahiz eta guk ezagutu—, baina unibertsala ere badela. Eta, aldi berean, neurri batean exotikoa da guretzat ere, emakume pilotarien gaia hemen ere ezezaguna delako.