Edurne Elizondo
Datorren otsailaren 9an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Denera, 24 bertsolari ariko dira lehian, aurten. Azken seirak hautatzeko kanporaketa aurrekoak gaur eta bihar eginen dituzte, hain zuzen ere; Iruñean eta Irunberrin izanen dira saioak. Txapelketan lehendabizikoz aritzeko asmoz izena eman duten sei bertsolari beren bidean bertze koska bat igotzen saiatuko dira bi kanporaketa horietan.
Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz), Mintxo Astiz Goñi (Barañain), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Endika Legarra Nuin (Iruñea) eta Ander Baiano Saralegi (Barañain) dira txapelketan lehengoz aritzeko aukera irabazten ahaleginduko diren sei bertsolariak. Haiekin lehian ariko dira, gaur eta bihar, duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak.
Gaur, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin eginen dute lehendabiziko kanporaketa aurrekoa. 19:30ean hasiko da saioa. Parte hartuko dute Joana Ziganda Olano (Oskotz), Diego Riaño Barroso (Leitza), Aitor Irastortza Arrizurieta, Sahats Aleman Sadaba (Iruñea), Mintxo Astiz Goñi eta Idoia Granizo Uribarrena bertsolariek.
Bigarren kanporaketa aurrekoa bihar eginen dute, Irunberriko gizarte etxean, 17:30ean hasita. Bigarren saio horretan ariko dira Xabat Illarregi Marzol, Endika Legarra Nuin, Oskar Sanz de Acedo Pollan (Iruñea), Ander Baiano Saralegi, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren) eta Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz).
Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena izanen dira epaimahaiko kide kanporaketa aurreko bi saioetan. Bertsolariek egin beharreko lana zehaztu dute: zortziko handian, binaka, hiruna bertso osatu arte; zortxiko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte; eta hamarreko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte. Kartzelako lana ondokoa izanen da: zortziko txikian, bi punturi erantzun; eta gaia emanda, bakarka, bi bertso.
Kanporaketa aurrekoetan sailkatuko diren sei bertsolariek osatuko dute aurtengo txapelketan lehian ariko den taldea. Denera 24 izanen dira. Lau final-laurden eginen dituzte. Otsailaren 9koa izanen da lehendabizikoa, eta hori Tuteran eginen dutela azaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek. “Zabaldu nahi dugu txapelketaren egoitza izanen diren herrien zerrenda”.
Gainerako final-laurdenak otsailaren 10an, 16an eta 17an eginen dituzte; hiru final aurreko izanen dira, martxoaren 3an, 9an eta 10ean, eta, finala, berriz, martxoaren 23an eginen dute, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira lehian.
Bi urtean behin
Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta aritu ziren duela bi urteko finalean, eta Sotok jantzi zuen txapela. 2012. urtetik, hain zuzen ere, txapelketa bi urtean behin baino ez dute egiten Nafarroan. Bi urtean behin antolatzen dute, halaber, txapelketa ez dagoenean, Bardoak izeneko taldekako lehiaketa.
Bardoen bidez, txapelketa bezain ofizial eta zurrun ez den lehiaketa bat eman nahi izan die Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak herrialdeko bertsolariei. Bardoak antolatzen hasi ziren plazan aritzeko aukera eskaintzeko bertsolari hasi berriei, txapelketan hasi aurretik esperientzia izateko. “Horrek ez du esan nahi, halere, Bardoak direnik txapelketara jauzi egiteko ezinbesteko koska”, nabarmendu du Perezek.
Izan ere, lehiaketa bakoitzak badu bere giroa, bai eta bere publikoa ere. Besta eta umore giroa izaten da nagusi, anitzetan, Bardoen saioetan; bertzelakoa da, noski, txapelketak ematen eta eskatzen duena.
“Prestigiatu nahi dugu”, erran du Perezek. Elkarteko kideek argi dute bertsolari gazteek eta hasi berriek izan behar dutela beren tokia lehiaketa nagusian; baina argi utzi dute, halaber, garrantzitsua dela txapelketak bere mailari eustea. Asmo horrekin lotu du Perezek kanporaketa aurrekoak egiteko urratsa, hain justu. “Nolabaiteko hautaketa egin behar dugu”, erran du.
Gaur eta biharko kanporaketa aurreak egin eta gero, otsailaren 9an hasiko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak, eta guztien inguruko xehetasun gehiago emanen ditu Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak. Perezek gogoratu du bertsolaritzaren aldeko ekinaldia ez ezik, euskararen aldekoa ere badela txapelketa. Martxoaren 23ra bitarte, zaleek izanen dute bertsolari nafarren lanarekin gozatzeko aukera. Berriak ere koska bat igotzeko prest dira.