Edurne Elizondo
Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25ekoa, eta data horrek eragin zuen, neurri handi batean, Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren sorrera, duela bi hamarkada. 1998. urtean jarri zuten martxan herrialdeko hainbat emakume abokatuk, talde feministak, sindikatuk eta bertze hainbat eragilek. “Zerbait egiteko beharra genuen”, gogoratu dute plataformako kideek, beren hogei urteko bideari buruz aurkeztu duten dokumentalean. Ahotsa.info hedabide digitalak egin du, eta https://youtu.be/ pQMhXNYjyBA helbidean ikus daiteke.
“Hogei urteko bide hori nabarmendu, eta lanean aritu direnei aitorpena egin nahi izan diegu”, erran du plataformako kide Diana Bruño Artazkozek, dokumentalaren helburuaz. Duela urte eta erdi egin zuen bat Bruño Artazkozek taldearekin. Plataforman hasieratik direnen lekukoa hartzeko prest dira emakume gazteak. Iratxe Alvarez Reoyok duela ia hamar urte ezagutu zuen taldea, eta geroztik aritu da lanean.
Zerbait egiteko beharra berretsi dute bi taldekideok. Arazoa erdigunean jartzekoa, alegia. Indarkeria matxista estaltzen eta zuritzen zuen arlo pribatutik atera, eta esparru publikoan eta eragile politiko eta sozial guztien agendetan jartzea zen, eta da, helburua. “Kolperik latzenak, bai eta sotilenak ere, guztiak salatu eta borrokatu nahi ditugu; indarkeria sexistaren aurpegi oro”, nabarmendu du Bruño Artazkozek.
1998. urtean sortu zuten plataforma, legez. Urtebete lehenago, 1997ko abenduan, Granadako (Espainia) Ana Orantes hil zuen senar ohiak. Gasolinaz busti, eta su eman zion gizonak emakumeari. Hamahiru egun lehenago, telebista kate batean salatu zituen Orantesek gizonak urte luzez emandako tratu txarrak.
“Hilketa hori inflexio puntu bat izan zen; indarkeria matxista agerian utzi zuen, modurik gordinenean. Nafarroan tratu txarrak jasaten zituzten emakumeekin lan egiten zuten hainbat abokatuk erabaki zuten bat egitea”, gogoratu du Alvarez Reoyok. Handik urte gutxira, 2002. urteko apirilean, Alicia Aristregi labankadaz hil zuen haren senarrak, Atarrabian. Indarkeria matxistaren kolpe horrek ere ekarri zuen herrialdean jada mugitzen ari ziren emakumeen konpromisoak gora egitea. Ozen zabaldu zuten gizartean indarkeriaren aurkako beren mezua, eta urratsak egiteko beharra berretsi zuten. Nahikoa zela adierazi zuten, argi eta garbi.
Teresa Zabalegi gogoan
1998. urtean martxan jarri ziren abokatuen artean zegoen Teresa Zabalegi. Plataformako bozeramaile izan zen urte luzez, eta gainerako taldekideentzako erreferentzia dudagabea. Zabalegi iazko maiatzean zendu zen, 62 urte zituela. Dokumentalaren bidez, plataforman egin zuen lana nabarmendu nahi izan dute borrokan kide izan zutenek.
“Baliabiderik gabe, legea papera baino ez da”, erran zuen Zabalegik, BERRIA egunkarian, 2014. urteko azaroan. Gobernua genero indarkeriaren aurkako lege berria prestatzen ari zen orduan, eta 2002ko araudiaren hutsak zuzentzeko, dirua eskatu zuten plataformako emakumeek. Eskaera horrek ongi islatzen du taldeko kideen lanaren espiritua zein den: “Hitzetatik ekintzetara egin behar dugu jauzia; legeek balio dute bakarrik betetzen badira”, erran du Alvarez Reoyok.
Erakundeak izan dira Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak bere lana garatzeko hautatutako esparruetako bat. Taldearen hastapenean bat egin zuten emakume abokatuen parte hartzeak izan zuen eragina horretan, beharrezkotzat ikusi baitzuten indarkeria matxistari aurre egiteko lege onak eta eraginkorrak prestatzea. “2002. urteko testua plataformak proposatu zuen; gero, legea onartzeko prozesuan, edukiz hustu zuten. Plataformak, halere, beti izan du argi erakundeak interpelatu behar zituela”, azaldu du Alvarez Reoyok.
Erakunde publikoei beren ardura eta erantzukizuna gogoratu nahi izan die plataformak. Indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera hartzera behartu nahi izan ditu. Baina horrek ez du erran nahi karrikako lana bazter utzi duenik. “Kalean ere egin dugu borroka, hor ere egon behar dugula eta lan esparru garrantzitsua dela argi dugulako”, erran dute plataformako kideek.
Lanean jarraitzeko beharra badela ederki dakite Bruño Artazkozek eta Alvarez Reoyok. Baina erakundeetan eta karriketan azken hogei urteotan egindako bideak emaitzarik eman duela ere zalantzarik ez dute. “Arazoa gizarteratu dugu”, nabarmendu dute, batetik. Lan horren adibide aipatu dute Gora Iruñea plataformarekin batera sanferminetan gertatzen diren sexu erasoen aurka egindakoa. “Protokoloa prestatu genuen, eraso horiei aurre egiteko”. Bertzetik, erakundeetan ere plataformaren eta gainerako talde feministen lanak aldaketak eragin dituela erantsi dute. “Herri mugimendua ailegatzen da ailegatzen denera, baina mugak ditu, eta ezinbestekoa da erakundeetan ere lan egitea. Erakundeak inplikatzea ezinbestekoa izan da; ez dut argi gure diskurtsoa berenganatu ote duten, baina arazo bat dagoela onartu dute”, azaldu du Alvarez Reoyok.
Grebarako prest
Erakundeei presioa egiteko beharrezko espazioa da karrika. Eta horregatik kalean egon nahi izan du beti plataformak. Orain ere behar dela argi du Bruño Artazkozek. “Legeak behar ditugu, baina ez dira nahikoak. Legeak jasotakoa betetzeko dagoen aurrekontu urriak agerian utzi du bide luzea dugula, oraindik ere, egiteko”, gaineratu du.
Bidea luzea delako, hain zuzen ere, Martxoaren 8rako, bigarrenez, grebara deitu du mugimendu feministak. Plataformak ere babestu du ekinaldia. Alvarez Reoyo eta Bruño Artazkoz lanean aritu dira, azken hilabeteotan, greba prestatzeko prozesuan. “Gogoz gaude”, erran dute.
Iazko protestak izandako arrakasta nabarmendu dute plataformako bi kideek. “Hainbat eragilerentzat oso greba erraza izan zen; martxoaren 9an denak ginen feminista, baina urtebete joan da eta hemen aldaketarik ez da egon”, zehaztu du, halere, Alvarez Reoyok.
“Aurten zehatzago eta zuzenago izan nahi dugu”, berretsi du Bruño Artazkozek. Beharrezkotzat jo du gogoeta esparru guztietara zabaltzea: gizartera, erakundeen esparrura, bai eta norberaren etxera ere. Berdintasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako aldarria mahai gainean dela argi dute plataformako kideek; borrokan ez dagoela atzera egiterik.
Hilabete falta da Martxoaren 8ko grebarako, eta egun horretan karrikan egonen dira plataformako kideak. Indarkeria matxistari aurre egiteko prest dira. “Edozein emakumeren aurkako erasoa gure aurkako erasotzat hartu behar dugu, eta denen aurka borrokatu”, nabarmendu dute. Gizarteak plataformaren beharrik ez izatea dute xede. Bitartean, lanean jarraituko dute.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku