Ametsak mende erdia bete du

Ametsak mende erdia bete du

Edurne Elizondo

Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza estu batean sortu zen, duela 50 urte, Uxue ikastola, Nafarroako lehendabizikoa. Hamabost ikastetxek osatzen dute sarea, gaur egun, 600 profesional eta 6.400 ikaslerekin, eta 4.200 familiaren babesarekin. Haiekin ospatu nahi du Nafarroako Ikastolen Elkarteak orain arteko mende erdiko bidea, eta, horretarako, bertzeak bertze, liburu batean jaso ditu bide horretan egindako urratsak. Fermin Erbiti kazetariak idatzi du Ametsa egia izenburuko lana.

Ederki ezagutzen du Erbitik ikastolen egunerokoa. San Fermin ikastolako lehendakaria izan zen, 2007tik 2011 bitarte. Liburuak, hala ere, bertze hamaika historia eta istorio ezagutzeko aukera eskaini dio. Eta gozatu duela nabarmendu du. Ikastolak martxan jarri zituztenen ahalegina eskertu du, eta hamaika oztopori egin behar izan ziotela aurre gogoratu. “Dena zuten kontra: ez ziren legezkoak, irakasleek titulurik ez zuten, materiala ere ez. Baina aurrera egitea lortu zuten”. Euskaraz ikasteko apustuaren alde egin zuten, administrazioak aukera hori ukatzen zuenean, eta ez ziren helburua lortu arte gelditu. Ametsa egia bilakatu arte. Bulegoetan borrokan aritu ziren bultzatzaileak gogora ekarri ditu Erbitik, eta, batez ere, ikastolak abian jarri ahala gelak bete zituzten andereñoak. Ikastoletako gela haiei arnasa eman zieten emakumeak.

“Pili Gartxitorena da argazkian ageri dena. Liburuan jasotako irudi guztien artean bat aukeratu beharko banu, horixe izanen litzateke”. Berako Labiaga ikastolako lehendabiziko andereñoa izan zen Gartxitorena berroetarra. Andereño Pili, Beran ezagutu zuten guztientzat. Lehen belaunaldiko ikasleen artean ageri da goiko argazkian, udalak herriko etxean utzitako aretoan. Hamasei urterekin ailegatu zen Labiagara, eta arrasto sakona utzi zuen ikasle eta gurasoengan.

Bertze hainbat emakumek hasitako bideari jarraitu zion Gartxitorenak. Duela 50 urte Iruñeko Alde Zaharrean sortu Uxuen ere, andereño batek hartu zuen ikasleen ardura: Mikele Gastesik. Hamabi neska-mutikorekin ekin zion lanari; 40 izan ziren gero; bai eta 300 ere. Ikastola bitan zatitu, eta enborrak bi ezpal eman zituen: San Fermin eta Paz de Ziganda ikastolak, Iruñerriko zentro nagusietako bi, gaur egun.

Mikele Gastesi andereño izan zuen hura Nafarroako lehendabiziko ikastola izan zen, baina hura ere ez zen hutsetik sortu. Aurretik ereindako uzta jaso zuen, duela mende erdi. Erbitik nabarmendu du halabeharrez aipatu behar dela 1877. urtean Arturo Campionek eta bertze hainbatek sortutako Nafarroako Euskara Elkargoak egindako lana. Elkartean bat egin zutenen kezka zen euskararen galera Nafarroan, eta ahalegin berezia egin zuten Iruñean euskara indartzeko.

Ahalegin horrek eman zuen fruiturik: 1936ko gerra aurretik, egungo ikastolen aurrekoak, euskal eskolak jarri zituzten martxan Iruñean (1931-1936), Lizarran (1933-1936) eta Elizondon (1935-1936). Eskola horietan ere emakumeek hartu zituzten gelak: Maite Saiza aritu zen andereño, Iruñean; Petra Azpiroz, Lizarran; eta Pilare Alba, Elizondon.

1936ko Francoren altxamenduak bertan behera utzi zituen euskal eskolen aldeko asmoak. Frankismoak iraun zuen bitartean, hala ere, Uxue ikastola martxan jarri baino lehen, izan zen euskaraz irakasteko bertzelako saiorik.

“Diputazioak bultzatuta, Euskal Akademia sortu zen 1950. urtean; eta Vianako Printzea erakundean ere sortu zen euskararen aldeko saila, diputazioaren babespean hura ere”, gogoratu du Erbitik. Erakunde horiek lagundu zituzten euskararen aldeko urratsak, eta 1963. urtean, Irantzu ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten. Jose Antonio Mugerza gipuzkoarra izan zen bultzatzaile nagusia. Tolosatik Itziar Orbea andereñoa ekarri zuen Iruñera, ikastolako arduradun. Baina eskolak bide hagitz motza egin zuen. “Zabaldu behar zuten egun berean itxiarazi zuten”.

Hainbat ekitaldi, ospatzeko

Irantzuren lekukoa hartu zuen Uxue ikastolak, 1965. urtean. Eta haren ondotik sortu ziren gainerakoak. Egungo sarea osatu arte. “Euskara berpizten lagundu zuten, eta pedagogia eredu berria ekarri zuten”, nabarmendu du Erbitik. Adibide gisa aipatu du ordura arte mutilak eta neskak ez zirela gelan elkarrekin aritzen. “Kooperatiba gisa sortu ziren ikastolak, gainera, eta gurasoen parte hartze zuzena ekarri zuten ikastetxeen egunerokoan”, erantsi du.

Erbitiren liburuaz gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatu du bertzerik ikastolen 50. urteurrena ospatzeko. Euskal Herriko ikastolen artean igeriketa txapelketa eginen dute igandean, adibidez, Iruñean. Datorren asteazkenean, berriz, jardunaldi pedagogikoa eginen dute. Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen da, 19:00etan.

Mende erdia ospatzeko ekitaldi nagusia, hala ere, hilaren 19an eginen du elkarteak, Iruñeko Zentral aretoan. Ikastolek 50 urteko bidean lagun izan dituzten pertsona guztien lana eskertuko dute. Aurrera begira, betiere. “XXI. mendeko gizartean tokia dugu”, erran du ikastolen elkarteko zuzendari Josu Reparazek.