Ainhoa Larretxea Agirre
Hainbat alorretako 30 elkartek osatzen dute Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Sarea. Lehendakariordea da Gara Gonzalez (Iruñea, 1989). Sareak 25 urte bete berri ditu, baina hasierako helburu berari eutsi dio: pobrezia desagertzea.
Sareak 25 urte bete berri ditu. Nola sortu zen?
Bazterketaren kontra zeuden 22 elkartek sortu zuten. Banaka, zaila da presioa egitea eta emaitzak lortzea, eta elkarrekin lan eginda xede hori errazago lortzeko sortu zuten. Sarean lan egiteko beharra nabari zuten, elkarte bakoitzak bere aldetik egiten zituelako gauzak.
Sortu zenean, 22 elkartek osatzen zuten sarea, baina, gaur egun, 30 elkarte daude.
Urteen poderioz, elkarte gehiago batu dira sarera. Azkenekoa iaz batu zen: Tuterako elkarte bat. Horrela, lurralde guztian dugu presentzia. Banaka-banaka joan dira sartuz taldeak sarera.
Zer-nolako elkarteak daude?
Alor guztietako elkarteak daude. Batzuek etxebizitzaren inguruan egiten dute lan; bertze batzuek, ijitoekin… aterpeak kudeatzen dituzten elkarteak daude, baita emakumeekin lan egiten dutenak ere. Askotarikoak dira elkarteak. Pobreziak eta bazterketak alor asko ukitzen dituzte.
Sarearen sorreratik nola aldatu da zuen funtzioa?
Helburuak berak dira duela 25 urte eta orain. Egia da egiteko moduak aldatu direla. Gaur egun, hiru lan arlo zehatz ditugu. Alde batetik, eragin politikoa dugu: egiten diren politika guztiak guztion beharrak errespetatzeko egitea da asmoa. Bestetik, sarean elkarren artean egiten dugu lan. Hirugarren arloa parte hartzea da. Guretzat oso garrantzitsua da lan egiten dugun pertsonek politikan eta hartzen diren erabakietan parte hartzea. Azken urteotan, alor horretan lan handia egiten ari gara.
Politika aipatu duzu; azken lau urteetan nabaritu duzue aldaketarik gizarte politiketan?
Egia da egin direla politika berriak. Egiten diren politikak ez dira egokitzen errealitatera, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu analisiak egitea eta egiten diren politika guztiak aztertzea; politika guztien helburua izatea pobrezia bukatzea. Azken urteetan nahikoa gauza egin dira, baina beti gehiago eskatzen dugu. Helburua ez da ahaztu behar.
2008an izan zen azken krisialdi handia. Zer ondorio utzi ditu?
Adituek askotan erraten dute krisia bukatu dela, baina errealitatea oso ezberdina da. 2008an lanpostu asko galdu ziren; soldatek behera egin zuten, eta jende asko pobrezian gelditu zen. Egoera horretatik ez gara atera. Pobrezian gelditu ziren horiek pobrezia larrian daude oraindik ere, eta errealitate berri bat dago: lana daukan jendea, baina hala ere pobrezia egoeran dagoena. Errealitate hori bada Nafarroan, eta ardura hartu behar da, egoera horiek oso latzak baitira.
Krisi berri baten mamua zabaltzen hasi da. Gizartea prest dago horrelako krisi bati aurre egiteko?
Krisian jarraitzen dugu; beharbada ez da krisi makroekonomiko handi hori, baina krisia errealitatea da. Gure inguruko pertsonak pobrezia larrian daude, eta, beste krisi bat etortzen bada, oso zaila izango da jende hori guztia pobrezia egoera horretatik ateratzea.
Nola lagundu daiteke pobrezia egoeran dagoen pertsona bat?
Gure ustez, denek lagun dezakegu. Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitateaz jabetzea. Askotan, ez dugu ikusten edo ez dugu ikusi nahi errealitate hau existitzen dela Nafarroan. Lehen pausoa errealitateaz jabetzea da, eta itsu edo isilik ez gelditzea, zer edo zer egitea. Gure bizilaguna lagun dezakegu, elkarte batera joan… Ez du zertan ekonomikoki izan, denborarekin izan daiteke. Laguntzeko hainbat modu daude.
Badaukazu daturik errealitate hori erakusteko?
Joan den urteko datuak ditugu. 86.000 pertsona daude Nafarroan bazterketa edo pobrezia egoeran. Pertsona horien erdiak pobrezia egoera larrian daude, eta jende pila da. Egoera larrian dauden horiek oso egoera muturrekoan daude: kalean daude; ez daukate jatekorik… Horien artean, asko familiak dira, eta haur asko daude, gainera, egoera horretan.
Pobrezia eta pobrezia larria bereizi dituzu. Zein da bien arteko desberdintasuna?
Hilabetean 355 euro baino gutxiagorekin bizi diren pertsonak pobrezia larrian daudela erraten dugu. Diru kopuru horrekin ezin da alokairua edo jatekoa ordaindu.
Pobrezia egoeran egon gabe bertzelako arazoak dituzten pertsonek ere jo dezakete zuen sarera?
Bai, askotarikoak baitira sarean dauden elkarteak. Gure ideia da gizarte guztiari arreta eskaintzea. Edonor etor daiteke laguntza eskatzera edo eskaintzera
Hainbat kanpaina egin izan dituzue.
Azken urteetan, egoera oso larri baten aurka egin dugu lan: aporofobiaren kontra, pobreen kontrako mezu horien kontra, alegia. Kanpaina bat kaleratu dugu horren kontra, Benetazko ideiak pobreziaren aurka izenekoa. Ideia da gizarte guztiak parte hartzea. Gure sare sozialetan aurkitu daitezke kanpainaren nondik norakoak.
Desagertzeko sortu zenuten sarea?
Bai. Gure helburua elkartea desagertzea da, pobrezia bukatzea. Borroka horretan arituko gara beharrezkoa den denbora guztian.