Ane Eslava
Egia. Hori da kantu batek behar duena: “Egia esan; benetakoa izan”. Hori uste dute Areta Senosiain, Amets Aranguren, Ibai Osinaga, Eder Escalera eta Javier Larrañeta musikariek. Egiak kontatzeko eta barrenean zutena musikaz kanporatzeko, Ibil Bedi taldea sortu berri dute. Erlojuaren kontra ondu dute lehenbiziko diskoa, eta Berandu baina garaiz izena jarri diote, urteetan taldearen proiektua geroratzen aritu ostean egin baitute urratsa; berandu, baina garaiz.
“Ines Osinagari entzun nion kantu batek egia esan behar zuela funtzionatzeko”, adierazi du Amets Arangurenek. Hori bera pentsatzen dute hark eta haren taldekideek, eta hori egiten saiatu dira: sentimenduak hitz bihurtu, eta, gero, kantu bidez, hartzaileekin partekatu. Zazpi abestiko lana osatu dute, eta gai pertsonalei buruz mintzatu dira horietako bakoitzean. Sentimendu jakin batek zeharkatzen du diskoa, bereziki: galerak. Osinagak eta Arangurenek idatzi dituzte hitzak, azkenaldian bizitako bolada txarretan, ezinegonak airatzeko eta barrena sendatzeko. Hala, aurrera egiteko baliatu dute musika: aurrera ibiltzen jarraitzeko. Eta ideia hori bera eraman dute taldearen izenera.
Musikak elkartu ditu bost kideen bideak, baina aldez aurretik ezagutzen zuten elkar. Senosiain eta Aranguren Iruñekoak dira, eta, taldean, lehenak biolina jotzen du, eta bigarrenak, pianoa eta saxofoia; biek egiten dituzte koroak. Escalera Erriberrikoa da, eta taldeko bateria jotzailea; Osinaga Irunberrikoa da, eta abeslaria eta gitarra jotzailea; Larrañeta, berriz, Zangozakoa da, eta baxu jotzailea. Lehenbiziko laurek institutuan eta kontserbatorioan ezagutu zuten elkar; Osinaga eta Larrañeta, berriz, herrien gertutasunarengatik dira lagun.
Senosiainek, Arangurenek eta Osinagak institutu garaitik zeukaten musika talde bat sortzeko ideia, baina Silvia Perez Cruzen kontzertu baten ostean hartu zuten erabakia. Bi neskek elkarrekin ikusi zuten abeslari kataluniarraren kontzertua, iaz, Donostian, eta, ateratzean, pentsatu zuten saiatu behar zutela jendeari sentiarazten egun hartan haiek sentitutakoa. “WhatsApp talde bat egin genuen, Ibairekin, eta Benetan izena jarri genion; esan genuen: egingo dugu zerbait, baina benetan”, kontatu du Senosiainek. Iazko udan izan zen hura. Erabakia hartuta, lehenbiziko kantu batzuk lantzen hasi ziren, eta, beste taldekideak bilatu ondoren, aurtengo urtarrilean jarri ziren martxan bost lagunak. Azkar sortu dute diskoa, beraz.
Proiektua gerorako uzten aritu izanak inspiratu zituen diskoaren izena erabakitzeko. Zehazki, Arangurenek proposatu zuen. “Behin, esaldi bat irakurri nuen [Karmele Jaioren] liburu batean; zera zioen: Garaiz esaten ez direnak, gero ezin izaten baitira esan. Eta pentsatu nuen gu berandu gindoazela, baina ez beranduegi; epearen barnean”, azaldu du.
Laguntasunak eta musikarekiko pasioak ez ezik, musikan ibilbide bat egina izateak berdintzen ditu bost taldekideak. Osinagak kontserbatorioan ikasi zuen; Altxatu punk-rock taldean aritu da bederatzi urtez, eta hainbat txarangatan jotzen du. Aranguren, Senosiain eta Escalera ere kontserbatorioan ikasten ari dira, eta azken hori txarangatan ere ibiltzen da. Larrañetak, berriz, Soul Meeting taldean jotzen du, eta, Osinagarekin batera, Hordeum Vulgare proiektua sortu zuen, baina eten egin dute. Kontatu dutenez, denek musika jakintzak izateak kantuak sortzeko erraztasuna emateaz gain, exijentzia handia izatera eramaten ditu, horrek dakartzan gauza on eta txarrekin. “Guri erakutsi digute inoiz ez dela perfektua; beti hobetu daitekeela”, aipatu du Senosiainek. Ondorioz, onartu dute diskoarekin “gustura” egon arren oraindik xehetasun batzuk aldatuko lituzketela.
Askotariko esperientziak dituzten modu berean, musikan erreferente ezberdinak ere badituzte. “Ez dugu erreferentziazko talde jakin bat, baina gugan eragina izan dezaketen taldeak daude”, azaldu du Arangurenek. Horien artean aipatu dituzte Anari, Katamalo, Izaki Gardenak, Itoiz eta Hertzainak taldeak. Ez dakite nola definitu sortzen duten musika, eta ez dute definizio itxi bat egiteko asmorik, baina gustatu zaie nola deskribatu duten taldea Euskal Irratietan: “Pop folkeroa, rock kutsuekin”. Edonola ere, hala laburbildu du Osinagak haien musika: “Ez da gaueko hamabietarako musika bat: geratzeko musika bat da; entzutekoa”.
Ibil Bedi-ren nortasuna, halere, hitzetatik etorri da, “hitzen mesedetara” konposatzen baitute musika. Hortaz, garrantzizkotzat jotzen dute entzuleek ere horiei erreparatzea. Bost kantu Osinagak idatzi ditu —Agur, Sua, Zaldi zangarra, Gaindosia eta Ama—, eta beste biak —Ihesean eta Hariak—, berriz, Arangurenek. Eta “hustu” egin dira, “barnetik eta lehen pertsonan” idatzi dituzte hitzak. Osinagaren kasuan, amaren heriotzak markatu eta zeharkatu ditu kantu guztiak: iaz hil zitzaion, eta minetik eta galeratik hasi zen sortzen, bizitakoari erantzuna emateko. “Niretzat disko hau monografiko bat da: azken urte honetako nire egoera pertsonalaren isla”, adierazi du abeslariak. Hain zuzen ere, amari eskainitako kanta bat sartu du diskoan, eta ama bere “kantu guztietan” dagoela adierazi du.
Arangurenek ere garai gogor batean idatzi zituen kantuak, buruan zituen gauzak idatzita eta kantu bihurtuta “kanporago” zeudela sentitzen baitzuen. Bolada horretan lagun izandakoei eskaini die kanta bat; bestea, gaizki pasarazi ziotenei. “Gorka Urbizuk kontzertu batean esan zituen hitz batzuk buruan geratu zitzaizkidan”, esan du “Ez dakit norenak ziren, baina zioten kantatu behar dela galeratik, ez gorrototik; nik, orain, abesti hauek kantatzean, hori dut buruan”.
Asteburu batean grabatuta
Maiatzean grabatu zuten diskoa, Amorotoko (Bizkaia) Musikorta estudioan. Estudioaren jabeak ezagunak zituztelako erabaki zuten hara joatea, eta haien gertutasunari eta tokiaren berezitasunari esker “oso gustura” egon zirela esan dute taldekideek, aho batez. Azkar egin zuten grabaketa, asteburu bakarrean, eta hori ere erronka bat izan zen haientzat. Pablo Blanco ilustratzaile zangozarrak diseinatu du diskoaren azala: bost aurpegi abstraktu agertzen dira marrazkian, bost taldekideenak. CDaren diseinua, berriz, Olrait Studiorena da.
Taldekideek argi dute, dena dela, haien musika ezagutzeko modurik onena kontzertuetara joatea dela. Dagoeneko hasiak dira batzuk ematen: Irunberriko Saira tabernan egin zuten estreinaldia, maiatzaren 30ean, eta ondoren Iruñeko Karrikiri elkartean, Bilboko Bira kulturgunean eta Miarritzeko gaztetxean izan dira. Kontzertu bakoitza “oso ezberdina” izan dela kontatu dute taldekideek, eta guztiak “bereziak eta gertukoak”. Modu bitxi batean hasi eta bukatu dituzte kontzertuak: bertso bat kantatuz, ahots hutsez. Arangurenek konposatu du, Oskorriren Negu partean mizpira kantuaren doinuarekin. Honakoa dio: Beterik gatoz sendagaiaz, gu prest gaude eta hi non haiz? Bidea hasi da eta ibil bedi. Ekainaren 30ean eta uztailaren 8an dituzte hurrengo kontzertuak, EHZ jaialdian eta sanferminetan.
Ibilbidea hasi berritan, Ibil Bedi taldeko kideak “harrituta” daude jendearen erantzunarekin. Izan ere, badakite gaur egun ez dela erraza kontzertu batean kantu batekin entzuleei negarra eragitea, edo ezagunek mezuak idaztea esanez diskoa entzun eta malkoak isuri dituztela. Baina haiek lortu dute. Eta argi dute zergatik den: kantuetan “egia” esan dutelako.
Irudia: Imanol Velasco.