Edurne Elizondo
Lagun artean aritu dira, eta lagunari buruz. Mahai ingurua egin dute Julieta Itoiz eta Maite Mene musikariek eta Jose Mari Esparza idazleak, Fermin Balentziaren lanari buruz. Memoriaren Autobusak eta Iruñeko Peñen Federazioak aurtengo Txupin Etxepare saria eman diote kantautoreari, eta, aitzakia hori baliatuz, borrokarako musikaz aritu dira Itoiz, Mene eta Esparza, Katakrak liburu dendan. Balentziaren abestiez aritu dira, neurri handi batean; musikak kontzientzia astintzeko duen gaitasunaz ere bai; musikak sistemaren aurkako tresna gisa duen indarraz, finean. Entzuleen artetik egin die so Balentziak lagunei, lagun artean.
Julieta Itoizek eta Maite Menek “eredutzat” jo dute Balentziaren musika, eta, bertze gauza guztien gainetik, nabarmendu dute kantautorea “hagitz eskuzabala” dela, eta “herritarren aldeko jarrera” hartu duela beti. “Beti dago kantatzeko prest”, berretsi du Menek. Esparzak erdigunean jarri nahi izan du Balentziaren musikaren osagai nagusia maitasuna dela: “Ferminek maite du bere herria; maite du bere klasea, eta maite ditu bere hurbilekoak; eta hori guztia islatzen dute bere abestiek”.
Bidegabekerien soinu banda osatzen dute Fermin Balentziaren abestiek. Horren adibide dira langileen borroken edo 1936ko gerraren errepresioaren berri ematen duten kantak. Hainbat belaunaldirentzat benetako ikur bilakatu da, adibidez, Balentziak Maravillas Lambertori buruz idatzitako pieza. Frankistek hil zuten Larragan, aitarekin batera.
Memoria historikoaren parte dira Balentziaren abestiak. Maite Mene musikariak ere helburu horrekin ulertzen du bere lana: “Gertatzen diren injustiziak salatu behar ditugu”. Menek argi du borrokarako gaitasuna dutela abesti anitzek. Julieta Itoizek, berriz, musikariak jarri ditu erdigunean: “Kantak borrokarako tresna bilakatzen dira musikariak borrokalariak direlako”.
Liburua eta diskoa
Balentziaren borrokarako grinaz inolako zalantzarik ez du Jose Mari Esparzak. Mahai ingurua baliatu nahi izan du laguna proiektu berritan murgiltzeko. Txalapartako editore izan da urte luzez Esparza, eta ofizioaren arrastoa nabarmena da harengan, oraindik ere: “Liburu bat idatzi behar duzu”. Balentziaren hitzen atzeko istorioak eta historiak kontatzeko garaia dela argi du Esparzak.
Liburuarekin batera, noski, diskoa grabatzeko eskatu dio Esparzak musikariari. Eta proposamen horrekin bat egin dute, berehala, Maite Menek eta Julieta Itoizek. Are gehiago, disko horretan parte hartzeko prest direla nabarmendu dute. Balentziarekin “abesteko gogoz” direla erran dute bi kantariek.
Balentziak eskertu ditu lagunen hitzak; irribarre artean hartu ditu bota dizkioten loreak. Umiltasunez erantzun du, halere, eta maite duena egin duela argi utzi du. Etxetik datorkio musikarako zaletasuna, azaldu duenez. Koplak entzun, koplak kantatu eta koplak idatzi eta sortu ditu Balentziak. Eta ez du aski, oraindik ere. “Musikaren bidez egin dut borroka, eta musikarekin gozatu dut, izugarri; nire bizitzaren parte da. Kantatzen dut, barruak hori eskatzen didalako”, erran du.
Kontent da Txupin Etxapare sariarekin. Kontent, lagun arteko mahai inguruan. Kontent, batez ere, musika duelako. Musika, borrokatzen jarraitzeko.