Iritzia: Bagara nor

Iritzia: Bagara nor

Lur Albizu Etxetxipia

Gaur hasiko dira Euskal Herriko neska* gazteon topaketak. Lizarran elkartuko gara ehunka emakume* gazte, maratoi labur baten antza izanen duten 28 bat ordutan. Topaketak eta Lizarra bera topaleku, gune zentral, jakintza espazio, sorkuntza leku, bateragune bilakatuko dira.

Gaur, nondik gatozen ikusiko dugu eta ikasiko dugu. Non gaude feministak antolatuta? Zein herri, auzo eta eskualdetan? Zein dira egunerokotasunean ditugun korapiloak? Talde asko daude, eragile asko… herri bakoitzean talde feminista bat (edo gehiago) egotea eguneroko kontu bilakatu da, ohituta gaude dagoeneko horretara. Baina… norantz goaz? Zein eztabaida berri daude? Zein tresna behar ditugu mugimendu feminista indartzeko? Nola egin gazte perspektibatik?

Ez dago jakiterik gaur nor garen, atzo nor izan ginen jakin gabe. Nondik etorri ziren eztabaida haiek eta non piztu zen borroka hau. Zein olatu egon diren eta olatu horiek ea gorantz, beherantz eraman gaituzten eta zergatik. Zein izan dira mugimendu feministan izan diren eztabaida nagusiak? Zein izan dira borroka feminista esanguratsuenak? Nondik datoz jardunaldi feministak? Gazte topaketak noiz egin izan dira eta nola heldu diogu garai desberdinetan gazteek feminismoari? Mugimenduaren genealogiak ezagutuko ditugu.

Bihar ere galdera eta erantzun berriak sortu eta eraiki nahi ditugu. Zer da autodefentsa feminista? Zein tresna erabili izan dira eta erabiltzen ditugu orain? Taldeetan, nola lantzen dugu autodefentsa feministaren gaia? Festetan autodefentsak goia jo du? Non jarri nahi dugu bereziki arreta, zein esperientzia hartuko ditugu aintzat?

Lizarrak eztabaida anitzak jarriko ditu mahai gainean: feminismo dekolonialak duen rola eta hemen egin diezaiokegun ekarpena, marxismoaren eta feminismoaren arteko loturak eta hausturak zein izan diren, zein den borrokarako subjektua, nola lotzen diren borrokak, zein diren ditugun (eta beste batzuek esleitu dizkiguten) kontraesanak.

Feminismoak gauza asko dira. Ez bakarrak, ez monolitikoak, ez homogeneoak, ez borroka ildo bakarrekoak. Borroka egiteko moldeak ere hamaika dira. Horretan ere, beste hausnarketa eta zirkuitu proposatzen dira: zer da bollera izatea 2019an, Euskal Herrian? Nola borrokatzen gara landa eremuan? Nolako militantzia eskatzen dute herriek? Zein dira feminismo antiespezistaren oinarriak? Zein sorkuntza espazio nahi ditugu eta zein da guk geuk sortu nahi dugun iruditegia? Zer esanen dugu Jardunaldi Feministetan, gazte moduan? Ekintza zuzenaren inguruan zein lanketa ditugu? Bizitzak erdigunean jarri behar direla esaten dugun honetan, zein dira horretarako gako ekofeministak?

Asko izanen gara asteburu honetan, azaroan askoz gehiago izateko. Gazte gisa guk ere badugulako zer esan, zer egin eta zer partekatu. Badugu zer borrokatu.

Zein eder egonen den Lizarra, eta zer udazken goxoa datorkigun Euskal Herrira.