Ander Perez
Espainiako Estatuan izandako protesta gehienak “baketsuak” izan direla dio, irmo, Pedro Oliverrek (Balazote, Albacete, Espainia, 1962). Baketsuak, “dimentsio demokratizatzailea” duten heinean. Horien aurrean, ordea, estatuak “aurpegirik antidemokratikoena” erakutsi duela dio. Errepresioaren formak aztertu ditu Jesus Carlos Urdarekin batera, eta Protesta democrática y democracia antiprotesta lanean (Pamiela) jaso dituzte ondorioak. Iruñean aurkeztu berri dute.
Protesta demokratikoa eta protestaren aurkako demokrazia. Dualismo bat jarri duzue mahai gainean, izenburutik hasita.
Hor datza liburuaren zentzua. Espainiako Estatuan izaniko protesta gehien-gehienak baketsuak izan dira, hau da, eskubideak aldarrikatzeko osagai garrantzitsua izan dute. Hainbat historialarik Espainiako Estatuaz eginiko ikerketetan —Euskal Herriak aipatu beharrik ere ez dagoen berezitasunak ditu—, ikusi da izaniko protesta guztien %1 baino ez dela izan ez-baketsua. Eta baketsua diodanean esan nahi dut badutela nolabaiteko dimentsio demokratizatzailea, eskubide gehiago eskuratzeko borrokatzen dela. Liburuan protesten nolabaiteko genealogia egin dugu, M-15tik hasi eta atzerantz, eta ikusi dugu M-15arekin sortzen diren protestetan indarra hartu duela demokraziaren kontzeptuak gizarte mugimenduen iruditegian, ordu arte gauza lanbrotsua bazen ere. Protesta demokratikoa da barne mailan, baina baita gizartearentzako ikuspegi demokratizatzailea duelako ere.
Tituluaren lehen partea da hori. Eta bigarrena?
Kontraesana sortzen da gizarte demokratiko bat, tamalez, ez delako hori bakarrik. Gizarte demokratikoak badu inguruan armazoi egonkor bat, erregimen demokratiko modura ezagutzen duguna. Eta protesta demokratikoaren aurrean bere aurpegirik antidemokratikoena erakusten du erregimen horrek, nahiz eta paradoxikoa dirudien. Hala, demokrazia protestaren aurkako demokrazia bilakatzen da.
Zer bide ditu erregimen horrek protesten aurka jotzeko?
Hiru dira batik bat Espainiako Estatuak martxan jarri izan dituen errepresio estrategiak. Lehenengoa tipikoena da, Poliziaren legezko jarduna, istiluen kontrako polizia talde batek egiten duena. Askotan polizia ankerkeriatik gertu egon daitezkeen praktikak dira, ez badaude zuzenean horren barruan. Gizarte mugimenduen jardunak sarri agerian uzten du estrategia hori, eta estatuaren aurka itzultzen da. Orduan, estatuak errepresio “zikina” abiatzen du. Batzuetan bere jardun errepresiboa kamuflatu behar izaten du, eta mugimendu sozialetan infiltratuz egiten du hori, mugimenduen izena zikindu eta iritzi publikoaren aurka jartzeko. Eta bada hirugarren bat, aurreko bi estrategiak kaltegarriak zaizkienean abiatzen dutena: buroerrepresioa. Hau da mingarriena.
Intentsitate apaleko errepresioa ere deitu izan zaio horri.
Bai; hau da zigor sistemaren barruan zentralitatea eskuratzen ari den estrategia. Estatuarentzat onuragarria da, oinarrizko eskubideen radarraren azpitik geratzen delako. Autoritate politikoek gauzatzen dute, gobernuaren ordezkariek polizien bitartez, edota batzuetan, alkateek.
Alde horretatik dira berritzaileak mozal legea bezalakoak?
Buroerrepresioaren ideia Corcuera legearekin (1992) hasi zen zentzua hartzen, baita 1995ean PSOEk Ezker Batuarekin sinatutako Zigor Kodearekin ere. Hor hasi ziren protesten aurkako armategia prestatzen, isunen bitartez. Intentsitate txikiko neurriak dira, baina oso mingarriak izan daitezke, mugimenduetan etsipena sortzen dutelako. Halakoak beti existitu izan dira estatu liberalean. Berritasuna da, eta hori mozal legearekin are argiago ikusten da, buroerrepresio horrek erdigunea hartu duela; jada ez dago zigor sistemaren ertzetan. Orain arte, kartzela egon da erdian, eta isunak ertzetan zeuden, baina jardun errepresiboaren erdigunea hartu du orain estrategia horrek. Hori da berritasunetako bat. Bestea, are kezkagarria dena, errepresio administratiboa jurisdikzioaren kontroletik atera dutela, eta eremu ilunean utzi dute poliziaren jarduna. Indartu dute. Polizia, gaur egun, inoiz baino gehiago babesten dute.
Zein da zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko muga?
Hori da protesta demokratikoaren eta protestaren aurkako demokraziaren arteko dialektikaren eguneroko ogia. Egon izan diren protesta gehienak legalak izan dira. Protestatu duen jende gehienak ohiko manifestazio eta elkarretaratzeen bitartez egin du. Baina denok ikusi ditugu gauza gehiago: badira legezkotasunetik zilegitasunerako marra gainditzen dutenak, eta alderantziz. Pertsona talde bat lurrean esertzen denean eta protestarako eskubidea gauzatzen duenean zilegitasuna ematen dio estatuak berak ukatzen duenari. Demokrazia zuzeneko ekintza da hori. Kolektiboek badute zilegitasuna halako protestak egiteko, baina legezkotasunarekin talka egitean sortzen da lehen aipatutako harremana. Eta harreman hori ez da zertan bide errepresibotik konpondu, egon izan dira ere bitartekaritzaren bitartez, hitz eginez eta humanitate handiagoz konpondu direnak. Tamalez, ez da ohikoena izaten.
Zer gertatuko da mozal legearekin?
Jende askok esan du mozal legea bertan behera geratuko litzatekeela hurrengo hauteskundeen ostean PPk gobernatuko ez balu. PSOEk asko kritikatu du legea, baina esan behar da PSOE izan zela piztia inkubatu zuena, hark eman zion beroa gero jaio zedin. PPk asko erreprimitu du, baina PSOEk prestatutako lurrari esker, Corcuera legeari esker.