Edurne Elizondo
Iruñeko Alde Zaharreko Eguberrietako argietatik urrun, jai horrekin lotutako bertze azoka batek zabaldu zituen ateak joan den asteartean: Emausko Trapuketarienak. Bigarrenez jarri dute martxan, aurten, Arga ibaiaren karri- kan duten Triki Traku dendan. Goiz eta arratsaldez egonen da zabalik, hilaren 31 bitarte. Salmentaz harago, egunotako kontsumoaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dute trapuketariek azokaren bidez. Hori nabarmendu du Idoia Etxeberria erakundeko kideak (Iruñea, 1975), eta azokara deitu ditu herritarrak. Jostailu bat baino gehiago eros dezaten.
Zein da prozesua, jostailuak jasotzen dituzuenetik salgai jartzen dituzuenera arte?
Urte osoan jasotzen ditugu jostailuak, eta anitz, gainera. Horregatik, urte osoan egiten dugu lan Eguberrietako azoka hau prestatzeko. Garai honetan jasotzen dugu jostailu gehien, hain zuzen. Etxean tokia egiten dute gurasoek haurrentzako jostailu berriak jasotzeko!
Horrek erakusten du gehiegi erosten dugula?
Anitz erosten dugu, bai; gehiegi. Ez dugu datu zehatzik, baina ikaragarria da gure dendetara egunero ailegatzen den jostailu kopurua. Nik, zehazki, jostailuen arloan egiten dut lan. Horretarako nago, bakarrik, eta estu ibiltzen naiz.
Jostailuak jaso, eta zer bide egiten dute apaletara ailegatu baino lehen, beraz?
Jasotako jostailu guztien artean azokarako nahi ditugunak hautatzen ditugu lehendabizi. Gero, bertze prozesu bat hasten da: ongi funtzionatzen dutela ziurtatu, garbitu, moldatu egiten ditugu. Apalean txukun-txukun jartzen ditugu. Kutxa bertzerik ez dute falta.
Zer-nolako produktuak dituzue?
Adin guztietarako jostailuak ditugu alde batetik, eta mahai jokoak eta haurrentzako liburuak bertzetik, bai eta bildumazaleentzako produktuak ere. Panpina zaharrak eta gisakoak. Bertze atal batean, Playmobil eta Legoak ditugu. Arrakasta handia izaten dute. Legoko piezak, aurten, pisura salduko ditugu. Haurrek gustuko dute pieza horiekin nahi dutena eraikitzea. Azkenik, mozorroak ere baditugu, helduentzat eta haurrentzat.
Erran duzu jostailuek kutxa bertzerik ez dutela falta. Jostailu horien atzean pilatzen den hondakin kopurua ere salatu duzue, hain zuzen.
Bai, ikaragarria da jostailuek uzten duten arrastoa. Hainbat motatako plastikoak, kartoiak, pilak… Sekulakoa da. Urtean pertsona bakoitzak 1,5 kilo zabor sortzen omen du; Eguberrietan, berriz, bi kilo; eta kopuru horren erdia dira jostailuak eta gisakoak biltzeko erabiltzen dituzten kartoiak eta plastikoak, hain zuzen ere.
Kontsumo hori bultzatu egiten dute hainbat esparrutan; telebistako iragarkien bidez, adibidez. Zer deritzozu?
Egunotan zabaltzen den mezu nagusia hori da, bai. Erosi egin behar dugula. Ameriketako Estatu Batuetatik ekarri duten Black Friday-ren gisakoekin ere helburua hori da. Dendetan hurrengo erosketetan merkeago erosi ahal izateko txartelak ematen dituzte, eta, horrela, kontsumoaren gurpil zoro horretan harrapatzen zaituzte. Ez hori bakarrik. Jostailu dendetako katalogoak zuzenean ematen dizkiete gurasoei ikastetxeetan, adibidez. Eskoletako ateetara joaten dira. Hori ikaragarria da. Haur txikiek telebistan edo ematen dieten aldizkarian ikusten duten hori nahi dute. Eta zaila izaten da jostailu batek ekartzen duen guztia azaltzea ume txiki bati.
Hezkuntzarako tresna bat ere izan daitezke?
Hala da. Balio jakin batzuk bultzatzeko balio dezakete. Ez da gauza bera denda handi batean erostea jostailu bat, edo hemengo bat oparitzea.
Jendeari kostatzen zaio bigarren eskuko jostailuak erostea?
Bai, herritar anitzi kosta egiten zaie, oraindik ere. Hala ere, gure azokan bertze dendetan aurki ez daitezkeen gauzak ere baditugu, eta horrek erakartzen du jendea. Pisura salduko ditugun Legoak dira adibiderik garbiena. Iaz egin genuen lehendabizikoz, eta jende anitz etorri zen.
Zer eskaintzen du hemengo jostailuak?
Hemengo jostailuen atzean, finean, Emausko Trapuketariak erakundea osatzen dugun 220 pertsonak gaude. Gure jostailuek, ondorioz, bertze pisu sozial bat ere badute. 220 pertsona ari gara lanean; 220 lanpostu duin ditugu. Lanpostu batek ez du bakarrik soldata bat ekartzen; lanak sozializatu egiten zaitu; paperak lortzeko aukera ematen ahal dizu; eta lagunak eta lankideak ematen dizkizu.
Zaila da mezu hori zabaltzea?
Ez da erraza haurra ohartzea zer dagoen jasotzen duen jostailuaren atzean. Baina Saratsan dugun egoitzara ere etortzen dira ikastetxeetako umeak; ezagutzen gaituzte; eta harritu egiten dira jasotzen ditugun gauzekin eta egiten dugun lanarekin. Gustuko dute.