Edurne Elizondo
Hagitz ongi nago, hagitz kontent”. Horixe errepikatu du Maite Biurrarenak, behin eta berriz; eta poza erraz igartzen zaio ahotsean. Transplante baten zain hasi zuen martxoa, eta giltzurrun berri batekin bukatu du. Koronabirusaren pandemiak berezi bilakatu du ebakuntza egin eta geroko etapa: ohi baino azkarrago bidali dute etxera, ospitalea arrisku gune bilakatu baita beretzat eta bere egoera berean direnentzat. Aparteko arrazoi bat badute bakartzeko.
Duela hamar urte, gibel-giltzurrunetako polikistosia zuela erran zioten Biurrarenari. Orriotan kontatu zuen martxoan dialisia etxean egin duela azken hamar hilabeteotan, eta transplante bat jasotzeko zain zirenen zerrendan sartu zutela urtarrilaren 8an. Martxoaren 3an deitu zuten ospitaletik lehendabiziko aldiz. Giltzurrun bat bazen beretzat. Baina azken probek huts egin zuten, eta beratarrak ebakuntza egin gabe itzuli behar izan zuen etxera.
Gutxien espero zuenean, baina, berriz deitu zuten. “Martxoaren 13an erizainarekin mintzatu nintzen goizean, eta erran zidan lasai egoteko, pandemiaren kontuak dena hankaz gora jarri zuela”. Egun bereko ilunabarrean, bere nefrologoaren deia jaso zuen Biurrarenak. “Niretzat urrezko giltzurrun bat bazela erran zidan”.
Nafarroako Unibertsitatea klinikan egiten dituzte herrialdeko transplante guztiak, eta han hartu zuten Biurrerena, martxoaren 13an. “Hasieratik azaldu zidaten egoera berezia zela, koronabirusarengatik. Baina aukera hagitz ona nuela nabarmendu zidaten, eta zainduko nindutela. Erabakia nik hartu behar nuela erran zidaten, eta ez nuen zalantzarik egin. ‘Aurrera’, erran nien”.
Koronabirusaren proba izan zen Maite Biurrarenari egin zioten lehendabizikoa, horren emaitza positiboa bazen transplantea egiteko aukerarik ez baitzen izanen. Biharamunean, 14:30 aldera, medikuek erran zioten birusaren arrastorik ez zela, eta handik ordubetera ebakuntza gelara eraman zuten. Gauerdian, ZIU zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten. Hogeita lau ordu ere ez zituen egin han: martxoaren 15eko ilunabarrerako, gela arrunt batean zen. Giltzurrun berri batekin, eta 21 puntuko zauriarekin. “Hagitz ongi, eta hagitz kontent”.
Bere gaixotasunaren berri jaso zuenetik, Maite Biurrarena saiatu da egoerari dramatismorik gabe aurre egiten, egunean egunekoak kudeatzen. Medikuek erran diote bere jarrerak lagundu diola ebakuntza egiteko garaian. Dialisiak ere bai. “Bizkor ailegatu naiz ebakuntza gelara, eta, horri esker, ongi eta azkar suspertu naiz”.
Ospitaleko deia jaso baino lehen, Biurrarenak onartu zuen transplanteak beldurtzen zuela. “Okerrago egonen nintzela uste nuen”. Orain, orduan ezezaguna zuen bidea egin eta gero, lasaitua hartu du. Jasotako giltzurrunak ere lagundu dio baikor izaten. “Transplantea egin eta handik 11 minutura lanean ari zen jada; hainbat ordu edo egun esperatu behar izaten ohi da, baina medikuek erran zidatenez, ia josteko denborarik ere ez zuten izan!”. Emailea pertsona gazte bat zen, eta horrek bilakatu zuen Biurrarenak jasotako giltzurruna hain egoki. “Gainera, odol proben arabera, bateragarritasuna handia da, %96”.
Birusaren beldur
Ebakuntza egin eta gero, beldur hori atzean utzi du beratarrak. Baina badu bertzerik orain: giltzurruneko transplantea koronabirusaren pandemia dagoen honetan jaso izanak are zaurgarriago bilakatu du bere egoera. “Ospitaletik martxoaren 19an atera nintzen; astebete ere ez nuen egin han. Medikuek argi erran zidaten hobe nuela etxean egon, niretzat ospitalea arriskutsuagoa zelako”.
Une honetan, katarro batek ere kalte handia egiten ahal dio Biurrarenaren osasunari. Botikak hartu behar ditu bere gorputzak giltzurruna errefusa ez dezan —denera egunean sei pilula hartzen ditu—, eta, ondorioz, “defentsarik gabe” dago. “Gutxienez bi hilabetez etxean egon beharko dudala erran zidaten medikuek, ospitaletik atera baino lehen”. Gurasoen etxean da, ebakuntza ongi atera bazen ere nekatuta dagoelako, eta denbora pixka bat beharko duelako berriz ere sasoi betean egoteko.
Etxean, maskara eta eskularruak jantzi behar ditu Biurrarenak. “Koronabirusak kezka eragiten didala ezin dut ukatu. Giltzurruna galtzen ahal dut, gaixotuz gero. Etxekoak beharrezkoa denean baino ez dira ateratzen, eta itzuli bezain pronto bidaltzen ditut eskuak garbitzera”.
Irri artean erran du azken esaldi hori Biurrarenak. Kezka badu, baina baikor izateko arrazoiak ere bai. Ongi eta kontent dela berretsi du. Karrikara itzultzeko gogoz da, baina badaki hori lortzeko etxean gelditu behar duela orain.
56 transplante 2019an
Martxoaren 25a izan da transplantearen eguna. Hego Euskal Herrian. Nafarroan, 56 transplante egin zituzten iaz, eta haietako 33 izan ziren giltzurrun bat transplantatzeko ebakuntzak. Biurrarenak bi hilabete eman ditu organo bat jasotzeko zain; bertze anitzek gehiago esperatu behar izaten dute. Herrialdean, hainbat elkartek artatzen eta laguntzen dituzte zain diren edo transplantea jaso duten pertsonak, bidea bakarrik egin ez dezaten. Alcer, Atehna eta Nafarroako Fibrosi Kistikoaren Kontrako Elkartea dira nagusiak.
Elkarteok beren egunerokoaren berri eman nahi izan dute egunotan, koronabirusaren pandemiak nola eragin dien azaltzeko gizarteari. Fibrosi kistikoak jota diren gaixoak artatzen dituen elkarteko buru Cristina Mondragonek nabarmendu du, adibidez, birusak ez duela askorik aldatu beren errutina: “Fibrosi kistikoa dutenentzat eguneroko kontu bat dira maskara jantzi edo eskuak hamaika aldiz garbitu behar izatea; infekzio bat hartzeko arrisku handia dugu, are gehiago biriketako transplantea jaso behar izan dutenek”.
Atehna elkarteko Conchi Sotok, bertzalde, “informazio fidagarria” jasotzeko beharra nabarmendu du pandemiaren egunotan. Elkarte horrek bere kideen esku jartzen du informazio hori, hain zuzen ere, beren osasuna zaintzeko asmoz. “Badakigu edozein bakteriok edo birusek kalte egiten ahal digula; gainerako herritarrak baino lehen gelditu ginen gu etxean”, azaldu du.
Alcer elkarteko buru Manuel Arellanok ere ongi daki etxean bakartuta egotea zer den. Duela hainbat urte egin zioten giltzurruneko transplantea. “Arduraz jokatu behar dugu guk ere, eta etxean gelditu; medikuarengana edo botikak erostera atera behar duten gaixoek argi dute kontuz ibili behar dutela, eta neurriak kontuan izan behar dituztela”. Osasunaren arloko profesionalen arreta eskertu du, etxetik. Aurrez aurre egiteko zain.