Edurne Elizondo
Amaitu zaio denbora. Nafarroako Gobernuak martxan jarri du Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua idazteko lanak esleitzeko prozesua. Urrian eskatu zion Europako Batzordeak, azkenekoz, tuneletako segurtasunari buruzko arauak betetzeko aldaketak egin zitzala; isuna jasoko zuela, bertzela. Zigorra saihesteko, hain zuzen, zuzentaraua betetzeko bidean jarri da Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentua. Helburua da proiektua 2022. urterako behin betiko onartzea, hori lortuta, lanean hasi ahal izateko.
“Proiektua onartzeko prozesuarekin batera eginen dugu ingurumenarekin lotutako prozedura osoa; asmoa da 2022rako amaitzea, eta obrak martxan jartzea, tunel berriak 2024ko amaieran edo 2025eko hasieran martxan jarri ahal izateko”. Horixe azaldu du Nafarroako Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Lopez Berak.
Ekainaren 17an amaituko da proposamenak aurkezteko epea. Lehiaketa irabazten duen enpresak hamasei hilabeteko epea izanen du proiektua garatzeko. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, jendaurrean erakusteko epea hasiko da. Prozedura osoa amaitzen denean, beraz, proiektua gauzatzeko lanak adjudikatuko ditu Nafarroako Gobernuak.
N-121-A errepidean ahalik eta eragozpen gutxien sortzea lortu nahi dute Lurralde Kohesiorako Departamentuko arduradunek, eta, horretarako, obrak bi fasetan eginen dituzte, Lopez Berak nabarmendu duenez. Lehendabizikoan, tunel berria eraikiko dute, behar dituen azpiegitura eta hornidura guztiekin. Bigarrenean, berriz, tunel berrira bideratuko dute zirkulazioa, oraingo tuneletako lanak egiteko, eta egokitu ahal izateko.
Lan horiek amaituta, tunel bat izanen da norabide bakoitzean. “Batean lanak egin bitartean bertzea erabiliko dugu, gidariei trabarik ez egiteko”, azaldu du Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak.
“Errepideen arloan, tunelak bikoizteko lanak izanen dira legegintzaldiko nagusiak, zalantzarik gabe”, erantsi du Lopez Berak. Nafarroako Gobernuak uste du ehun milioi euro ingururen aurrekontua izanen dutela obrek. Lopez Berak zehaztu du oraingo tunelak egokitzeko eta tunel berriak egiteko lanekin batera, tunelen arteko zatian ere eginen dituztela obrak. Belateko eta Almandozko tunelen artean, hain zuzen, bi kilometro luze den errepide zatia dago, egun. “Tunel berriak egin eta gero, errepide zati horretako lanak ere eginen ditugu”.
Arazo gehiago
Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. Almandozko eta Belateko tunelak 1997an inauguratu zituzten. Lanak egiteko prozesua ez zen erraza izan, eta hamaika oztopo gainditu behar izan zituzten langileek, mendia zulatzeko. Tunelak bukatu eta gero ere, azpiegitura horren inguruko segurtasuna izan da ezbaian, ia hasieratik. Europak, gainera, herritarren eta inguruko udalerrietako arduradunen kezkak berretsi izan ditu, tunelek ez baitute betetzen 2004ko Europako tuneletako segurtasunari buruzko zuzentaraua.
2018an, tunelak itxi zituzten bost hilabetez, segurtasuna hobetzeko asmoz. Egindako obren bidez, substantzia toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jarri zituzten bi tuneletan, batetik; bertzetik, Belatekoan larrialdi egoeretan ibilgailuak gelditzeko bi gune berri egin zituzten. Gobernuak bazekien lan horiek ez zirela nahikoak, halere, eta horregatik eginen dituzte tunel berriak, azkenean.
Tuneletako segurtasunik eza ez da N-121-A errepideko arazo bakarra. Azpiegitura horiek zabaldu zituztenetik, nabarmen egin du gora bide horretatik pasatzen diren ibilgailu astunen kopuruak, eta horrek ekarri du arriskuak ere gora egitea. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik, zehazki, eta horien laurdenak dira kamioiak.
Errepide horrek ukitzen dituen udalerrietako arduradunen aspaldiko kezka da hori. Osasun krisia hasi aurretik, hain zuzen, N-121-A errepiderako konponbide bat eskatzeko protestak areagotu ziren. Otsailaren 28an, adibidez, 1.500 pertsonak baino gehiagok hartu zuten errepidea, Beran, segurtasuna eskatzeko eta kamioiek A-15 autobidea erabil dezatela exijitzeko.
Herritarren protestei erantzuteko, N-121-A errepidea 2+1 bideko azpiegitura bilakatzea lehenetsi du Nafarroako Gobernuak, eta bost zatiko proiektu bat egin du. “Lanean ari gara, segurtasuna hobetzeko asmoz. Nazioarteko hainbat ikerketak berretsi dute antzekoa dela 2+1 bideko errepideetan eta autobideetan gertatzen diren istripuen kopurua”.
Errepide ondoko herrietako hautetsiek argi dute neurririk eraginkorrena izanen litzatekeela zama garraioa A-15 autobidera desbideratzea, derrigorrez. Baina Nafarroako Gobernuak ez du aukera hori ontzat jo. Martxoan, halere, gobernuko arduradunek iragarri zuten bidesaria jarriko dutela, N-121-A errepidean, ibilgailu astunentzat. Helburua da kamioiek bide hori saihestea. Garraiolarien ordezkariak neurri horren kontra agertu dira, hasieratik.
Pedro Lopez Berak zehaztu du “proposamena lantzen” ari direla, une honetan. “Nafarroako Parlamentuko taldeek mahaia osatu zuten, urrian, eta hor aurkeztu dugu bidesaria jartzeko asmoa, errepideak eta bertzelako azpiegiturak ordaintzeko sistema baten barruan”, azaldu du Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak. Erantsi du gainerako taldeen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko fasean direla orain, eta gobernuaren asmoa dela “ahalik eta kontsentsurik handiena”lortzea.